Pyrenees4Clima proiektuko euskal eragileen lehen bilera, mendiko eremuetan erresilientzia hobetzeko
2024/07/03
Mugaz gaindiko proiektuaren helburua da klima-aldaketaren inpaktuen aurrean mendi- komunitate erresistentea lortzea.
Euskadik proiektu honetan Ihobe, Neiker, Hazi, BC3 eta Naturklimaren bitartez parte hartzen du.
Euskadi LIFE Pyrenees4Clima proiektuan parte hartzen hasi da, klima-aldaketaren ondorioen aurrean Pirinioetan erresilientzia hobetzen lagunduko duten euskal erakundeen arteko lehen topaketa batekin. Mugaz gaindiko proiektuak ikuspegi integrala du mendi-eremuetan; ikuspegi horrek orain arte Ihobe - Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak LIFE Urban Klima 2050 (Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena) delakoaren bidez zabaldutako klima-ekintza osatuko du.
Pyrenees4Clima proiektuaren helburua da Pirinioek klima-aldaketarekiko duten erresilientzia hobetzea, funtsezko elementua baita zerbitzu ekosistemikoetara konektatutako edo haien mendeko lurraldeetan erresilientzia ere hobetzeko. Erakunde kideak lanean ari dira identifikatutako sistemetako mendialdeetan klima-aldaketaren erresilientzia erakusteko ekintzak bideratzeko, baita Europako politiken, Espainiako, Frantziako eta Andorrako klima-politiken eta Pirinioetako eskualdeetako klima-estrategien aplikazioa indartzeko ere, lurralde-lankidetzaren bidez.
Pyrenees4Clima-k espero dituen emaitzen artean, Pirinioetako kokaleku pilotuetan arrisku naturalen —hala nola elur-jausiak, harkaitzen erorketak, etab.— aurkako Naturan Oinarritutako Soluzioak (NBS) ezarri izana nabarmentzen da, fenomeno natural kaltegarri horien arintzea modu eraginkor eta efizienteagoan ulertzeko eta hobetzeko ingurumenaren ikuspegitik.
Pyrenees4Clima
Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) gidatzen du Pyrenees4Clima proiektua, eta Espainiako, Frantziako eta Andorrako 46 bazkide ditu; horien artean AECT Pirineos-Pyrénées dago. Euskadik proiektu honetan Ihobe, Neiker, Hazi, BC3 eta Naturklimaren bitartez parte hartzen du.
Proiektua 2031ko apirilera arte garatuko da, eta Europar Batasunak LIFE programaren barruan onartutako «Pirinioetan klimarekiko erresistentea den mugaz gaindiko mendi-komunitate baterantz» Pyrenees4Clima hautagaitzaren emaitza da.