Pirinio osoak, Euskadi barne, mugaz gaindiko proiektu handi bat jarri du abian lurraldea klima-aldaketaren aurrean prestatzeko

2024/10/30

46 bazkideren artean honako hauek osatzen dute proiektua: Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako sozietate publikoa; Neiker zentro teknologikoa; BC3-Basque Centre For Climate Change-Klima Aldaketa Ikergai; Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioa; eta HAZI Fundazioa, FORESPIRen bitartez. Esperientzia horien garapenean tokiko eta mugaz gaindiko beste erakunde batzuek parte hartuko dute.

PYRENEES4CLIMA proiektuak 33 kasu erakusle garatuko ditu, mendiko ingurunerako Europako klima-aldaketaren mugaz gaindiko lehen estrategiaren adibide praktikoak.

Pirinioak eta bertako biodibertsitate guztia klima-aldaketaren mehatxupean daude, eta ondorioak beste eskualde batzuetan baino erritmo azkarragoan ikusten dira: komunitate zientifikoaren arabera, azken sei hamarkadetan, Pirinioetan tenperatura planetaren batez besteko globala baino % 30 gehiago igo da. Egoera horrek premiazko eta eskala handiko ekintza eskatzen du, mugei erreparatu gabe. Egiaztapen horretatik sortu da LIFE PYRENEES4CLIMA proiektu europarraren beharra, 'Pirinioetan 2024-2031 bitartean klima-aldaketarekiko erresilientea den mugaz gaindiko mendi-komunitate baterantz’. Espainiako eta Frantziako sei eskualdek (Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Okzitania eta Akitania Berria) eta Andorrako estatuak parte hartzen dute.

Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak (OPCC) buru duela, mendi ingurunerako Europako klima-aldaketaren mugaz gaindiko lehen estrategia garatuko du, EPiCC-a. Tokiko ingurunean egingo du: izan ere, Pirinioetako bioeskualdeko lurraldeetan esku-hartze zehatzaren alde egin duen apustua da balio handienetako bat. Horretarako, datozen zazpi urteetan, klima-aldaketara egokitzeko 33 esperientzia jarriko dira abian, Pirinioetako zazpi lurralderen arteko mugaz gaindiko lankidetza horri esker. Guztira, lurralde horietako 46 erakundek ekintza komun bat gauzatuko dute, hainbat ardatzen bidez, Pirinioetako erresilientzia indartzeko, egokitzapen-neurriak aplikatuz. Aurrekontua ia 20 milioi eurokoa da, eta horietatik % 60 Europar Batasuneko LIFE funtsek finantzatuko dute.

Euskadin, bi kasu pilotu

Proiektuaren barruan, esperientzia pilotuek bost eremutan jarduten dute egokitzapena lortzeko: klima-inpaktuak ulertzea, naturguneen erresilientzia hobetzea, mendiko ekonomia egokitzea, biztanleria eta lurraldea babestea arrisku natural-klimatikoetatik eta baliabideen narriaduratik, eta gobernantza klimatikoko sistema berritzaile bat bultzatzea, herritarrak, sektore sozio-ekonomikoak, komunitate zientifikoa eta kudeaketa politikoaren arduradunak partaide egiteko.

Euskaditik, honako bazkideek hartzen dute parte: Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako sozietate publikoa; Neiker zentro teknologikoa; BC3-Basque Centre For Climate Change-Klima Aldaketa Ikergai; Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioa; eta HAZI Fundazioa, FORESPIRen bitartez. Esperientzia horien garapenean tokiko eta mugaz gaindiko beste erakunde batzuek parte hartuko dute.

Zehazki, eremu horietako biren bi kasu pilotu jarriko dira abian Euskadin. Lehenengoak mendiko ekonomia du ardatz, eta Arabako Mendialdean ezarriko da. HAZI Fundazioaren bidez, FORESPIRek gidatuko du, eta baso/egur balio-katea indartzea izango da helburua, sektorea klima-aldaketara hobeto egokitzeko eta basoak hobeto garatzeko. Helburua prozesu naturaletatik hurbil dagoen baso-kudeaketa txertatuko duen eta basoaren izaera multifuntzionala kontuan hartuko duen ikuspegia probatzea, sustatzea eta hedatzea da, zur-industriaren aurreko eta ondorengo aldeen artean elkarrizketa eta ekintza bat ezarriz eta tokiko zuraren erabilera sustatuz etorkizunerako benetako irtenbide gisa. Jarduera horiek Pirinioetako beste lau eremutan egingo dira, elkarren arteko transferentzia- eta ikaskuntza-metodologiak aplikatuz.

Bigarren kasua klima-aldaketak gehien kaltetutako sektore ekonomikoei laguntzean datza, klimaren ezagutzaren eta bilakaeraren esparruan. Zehazki, klima-aldaketaren adierazleak sortu eta baliozkotuko dira Euskadiko hainbat eragileri egindako kontsulta-prozesu baten bidez, fokua, batez ere, lehen sektorean jarrita. Naturklima buru dela, Pirinioetako Ekologia Institutuarekin (IPE-CSIC), Météo Francekin eta Servei Meteorològic de Catalunya erakundearekin batera egindako emaitzak aurkeztuko dira. Helburua sektore honetarako benetan baliagarria den informazioa ematen duten adierazleak bilatzea da; zehazki, mendiko nekazaritza, abeltzaintza eta baso-kudeaketarentzat. Ezarritako prozesu hori azalduko duen gida bat egingo da, adierazle bakoitzerako fitxa espezifiko bat erantsita, haren definizioarekin, erreferentzia-balioarekin eta erabilgarritasunarekin. Une honetan, Pirinioetan kalkula daitezkeen klima-aldaketaren adierazle guztien zerrenda egin da, batez ere tenperaturaren eta prezipitazioen bilakaera oinarri hartuta. Kontsulta-lana 2027ko urtarrilerako aurreikusita dago, tokiko mailako partaidetzarekin.

EPiCC-ari buruz

LIFE PYRENEES4CLIMA proiektua baliagarria izango da Klima Aldaketari buruzko Pirinioetako Estrategia (EPiCC) hedatzeko, bere klaseko lehena Europan. Mendialdeko klima-aldaketaren mugaz gaindiko estrategia bat da, Pirinioetako zazpi lurraldeak buru dituena, hiru estatu desberdinetakoak, eta mendigune osoaren partaidetza-prozesu baten bidez definitua.