Pierre Lotiko bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide berriaren obrak hasi ditu Eusko Jaurlaritzak
2023/10/27
1,2 km-ko ibilbide berriak Hondarribia-Irun-Hendaia arteko mugaz gaindiko konexioa ahalbidetuko du, nazioarteko zubien azpitik pasatuz.
Amuteko biribilgunetik Iparralde hiribideraino luzatuko den ibilbideak eta Ekoetxeako aparkalekuaren obrak 3,4 milioi euroko aurrekontua izango du eta 9 hilabete inguruko iraupena.
Eusko Jaurlaritzak "Pierre Loti-tik eta nazioarteko zubien azpitik igarotzen den bizikleta eta oinezkoen ibilbidea" egiteko obra esleitzeko izapideak osatu ditu. Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak, eta Adolfo Uriartek, Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak, lanen hasiera iragarri dute, eta jarduketaren xehetasunak eman dituzte. Aurrekontua 3,4 milioi eurokoa izango da, eta lanen luzapena 9 hilabetekoa, gutxi gorabehera.
Obra 2 lotetan esleitu da. Alde batetik, ibilbideari dagokion obra (1. lotea) ASTILLEROS AMILIBIA UNTZIOLAK, S.L.k burutuko du, 3.140.586 eurotan (BEZa barne), eta, bestetik, aparkalekuari dagokion obra (2. lotea) SASOI ERAIKUNTZAK, S.L.k egingo du, 306.296 euroan (BEZa barne).
Bestalde, obraren Zuzendaritza Fakultatiboa eta Ingurumen Zuzendaritza; eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa 117.260 euroan (BEZa barne) esleitu zaizkio KREAN, KOOP. ELK.ari.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berria, Amuteko biribilgunetik abiatzen da eta Iparralde Hiribideraino luzatzen da (1. lotea), bi fasetan banatuko da:
- Pierre Lotitik ADIFen trenbide-plataformaren sarbideraino doan ibilbidearen zatia, egin beharreko obrak gutxienekoak izango dira, lehendik dagoen bide asfaltatuaren gainean bermatuko baita, zabalera handituko da dauden bermak erabiliz, eta hesi berri bat egingo da.
- Bigarren fasean, trenbide-plataformaren sarbidetik Iparralde Hiribideraino doan tartean, badiaren ibaiertzetik oinezkoen eta bizikleten ibilbidea egingo da, hura inguratuz, Santiago zubitik ibaian gora dagoen bidegorriarekin lotu arte. Nazioarteko zubiak zeharkatu ahal izateko, zurezko pantalan bat egingo da, ibai-hondoari lotutako mikropiloteetan bermatuta.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekuaren luzera, guztira, 1,2 km-koa da, 3,5 metroko batez besteko zabalerarekin eta ia maldarik gabeko sestrarekin. Nazioarteko zubiak zeharkatzeko, malda leunak dituen pantalan bat zehazten da, %6 eta %3 artekoak, dagoen urbanizazio-kotarekin lotu arte.
Ibilbide berriaz gain, aparkaleku berri bat egitea planteatzen da, parke ekologikoaren erabiltzaileen eta Plaiaundiko Institutuaren beharrak asetzeko (2. lotea). Gaur egun, Ekoetxearen aurrean, zabaldegi bat dago, eta, bertan, udal-instalazio zahar batzuk zeuden, behin-behineko aparkaleku gisa erabiltzen direnak. Zona hori berrantolatu egingo da 6 metroko zabalerako bide bat eginez, ezkerreko aldean bateria moduan kokaturiko 32 aparkalekurekin, horietako bat elbarrientzako bideratua.
Eskuinaldean, Pierri Loti kaletik hurbilen dagoen aldean, motorrentzako zortzi aparkaleku eta autobusentzako lineako hiru aparkaleku aurreikusi dira. Atzealdean, biratzeko eta Ekoetxeko aparkalekuarekin lotzeko biribilgune bat burutuko da. Aparkalekuak lorategi bat izango du, perimetroa inguratzen duten espaloiekin. Bizikletentzako aparkaleku gune bat jarriko da GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarbidearen ondoan. Aparkalekuetan eta oinezkoentzako guneetan zoladura iragazkorrak eta begetalak erabiliko dira.
Proiektu hau ES2120018 ‐ TXINGUDI ‐ BIDASOA KBEaren mugetatik kanpo garatzen da, baina haren babes-eremu periferikoaren barruan. Ez da aurreikusten eremu hori izendatzea eragin zuten espezieen eta habitaten gainean inolako eraginik.
Sailburuordeak jakinarazi duenez, "Hondarribia, Irun eta Hendaiako konektibitatearen hobekuntza nabarmenaz gain, estuarioko naturguneak utzi gabe konpontzen dira loturak, Amuteko zubitik, Plaiaundi inguratuz, paisaia bikain baten pertzepzioa indartzen da, eta, gainera, anbizio handiko ingurumena lehengoratzeko proiektu bat da". Aitortu duenez, "demanda handia jaso duen proiektua da, nahi baino denbora gehiago behar izan duena", baina azaldu du proiektua eguneratzea beharrezkoa izan dela "zailtasun teknikoak konpontzeko, eta, azkenean, Hendaiako ibilbidearen zatian erabilitako pantalanaren antzeko sistema bat aukeratu da". Baieztatu duenez, "gaur bertan sinatu dira kontratuak, eta datozen egunetan lanak hasiko direla espero dugu".
Txingudiko konektibitatea hobetzea
Jarduketa 95.000 biztanleko konurbazioaren bihotzean burutuko da, Hendaiak, Irunek eta Hondarribiak osatzen dutena, Bidasoaren estuarioan, azpiegitura handiek baldintzaturik.
2015eko maiatzean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak "Txingudiko badiaren inguruko naturguneen konektibitatea lehengoratzeko eta hobetzeko plan zuzentzailea" aurkeztu zuen. Ingurumenaren ikuspegia inoiz ahaztu gabe, Plan Zuzentzailean adostu zen, besteak beste, estuarioaren inguruan Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko hiri eta bizikleta bidezko lotura sustatzea. Mugaz gaindiko lotura bat da, Bidasoaren bi aldeak lotzea lortuko lukeena.
Estuarioaren ertzeko konexio lokalaren proposamen gisa, Plan Zuzentzaileak bizikletentzako eta oinezkoentzako bide berri bat proposatzen du Irungo udalerrian, Frantziarekiko konexio zubien inguruan trenbidearen azpitik pasabide bikoitza jartzeko.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean egin zuen aurreproiektua, eta 2017an idatzi zen lehen eraikuntza-proiektua. Hainbat zailtasun tekniko aurkitu dira planteatutako obrak aurrera eramateko (lehendik bertan dauden zerbitzuak eta kokapen zehatzik ez dutenak, ezarpenak gauzatzeko konplexutasuna, tren-zirkulazioa etetea). Horregatik guztiagatik, proiektu alternatibo bat idaztea erabaki zen, nazioarteko zubien azpian pantalanaren bidezko konponbide batean oinarrituta. 2022an proiektuaren eguneratzea kontratatzen da, eta orain exekutatuko da.