Osasun aplikazioa

hiriZAIN, hiri-plangintza osasunaren eta ekintza klimatikoaren ikuspegitik, web tresna bat da, Udalsarea 2030 Euskadiko udalerri jasangarrien sarearen esparruan sustatua, tokiko erakundeei osasuna eta klima-ekintza hiri-plangintzan txertatzen laguntzeko.

2014an garatu zen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez eguneratu da, BC3ren eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa den Ihoberen parte-hartzearekin. Azken eguneratze honetan klima-ikuspegia indartu da, eta klima-aldaketak herritarren bizi-kalitatean duen eragina nabarmendu da.

Zer da?

hiriZAIN web aplikazio praktiko bat da, hiri-planak eta -proiektuak aztertzeko aukera ematen duena, osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera gisa ulertuta, pertsonek beren bizitza kalitatez eta osotasunez garatzeko aukera izan dezaten.

Horretarako, hiri-ekimen bakoitza osasunaren 10 faktore determinatzaileren bidez aztertzeko aukera ematen du hiriZAINek. Horren emaitza gisa identifikatzen dira:

  • Ekimenak eragindako funtsezko alderdiak.
  • Ekimenaren hobekuntza-aukerak.
  • Ekimenak osasunean izan ditzakeen ondorioak.

Tresnaren helburua ikuspegi hori hiri-plangintzan modu sistematikoan txertatzea da.

Nori zuzenduta dago?

  • Udaletako langile teknikoak.
  • Arduradun politikoak.
  • Hiri-politiketan eta -proiektuetan parte hartzen duten eragileak.

Onurak

hiriZAIN tresna erabiltzeak aukera ematen du:

  • Udal taldeak sentsibilizatzeko.
  • Hiri-planen eta -proiektuen analisia errazteko.
  • Osasunaren ikuspegia plan eta politika guztietan modu transbertsalean txertatzea normalizatzeko.

Osasuna, klima-aldaketa eta hirigintza

Tresna osasunaren, klima-ekintzaren eta hiri-plangintzaren arteko lotura zuzenean oinarritzen da. Hiri-inguruneen diseinuak eragina du herritarren osasunean eta bero-boladak edo uholdeak bezalako arriskuen aurrean egokitzeko duten gaitasunean.

Ikuspegi hori txertatzeak udalerri osasungarriagoak, inklusiboagoak eta erresilienteagoak diseinatzea ahalbidetzen du.

Sarbide-baldintzak

Tresnara sartzeko beharrezkoa da Udalsarea 2030en webgunean erregistratzea eta mezu elektroniko bat bidaltzea helbide honetara: udalsarea2030@ihobe.eus, sarbidea eskatuz.