Oinezkoak neurtzeko zutoin berri bat Urdaibaiko Laida eta Kanala arteko bidean mugikortasun aktiboa monitorizatzen hasi da

2025/9/17

Lortutako informazioak berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa kalkulatzen lagunduko du, autoz joan-etorri gutxiago egitea espero delako.

2025eko uztailean oinezkoak neurtzeko zutoin bat jarri da LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan Urdaibaiko Biosfera Erreserban garatutako oinezkoentzako bidezidorraren zatian, zehazki, Laidako hondartzaren eta Kanala auzoaren artean, Ibarrangeluko udalerrian. Azpiegitura horrek, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak lehendik zituen 6 kontagailuekin batera, pertsonen fluxuari buruzko datuak biltzeko eta ibilbideak inguruko oinezkoen mugikortasunean duen eragina aztertzeko aukera ematen du. 

Instalatutako zutoin neurtzaileak Urban Klima 2050 estrategiaren jarraipena egiten laguntzen du, Urdaibain mugikortasun jasangarria sustatzeko eta Erreserban ibilgailu motordunen erabilera murrizteko. Lortutako informazioa lagungarria izango da oinezkoentzako bidezidorra sortzeari esker autoz egindako desplazamendu-kopuru txikiagoarekin lotutako berotegi-efektuko gas-emisioen murrizketa kalkulatzeko. 

Bidezidor hori mugikortasun jasangarriaren adibide gisa sortu zen, kultura- eta natura-intereseko lekuetarako irisgarritasuna eta konektibitatea hobetuz eta garraio aktiboa sustatuz. Gainera, Biosfera Erreserbako paisaia zaintzen laguntzen du, eta errepideek eta beste azpiegitura gris batzuek sortutako lurraldearen zatiketa murrizten, tokiko ekosistemen kultura- eta ingurumen-zerbitzuak indartuz. 

Oinezkoentzako 24 km ibilbide  

Azken urteotan, oinezkoentzako 24 kilometro bide inguru sortu dira Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Horiekin eta lehendik zeuden beste bide batzuekin batera, emisioak murriztu nahi dira klima-aldaketa arintzeko, eta gainera, mugikortasun motela sustatu nahi da eta gune horretako hiri-eremu guztietara oinez edo bizikletaz joan ahal izatea ahalbidetu. 

Ekintza honekin, Urban Klima 2050ek aurrera egiten du klima-aldaketa arintzeko eta mugikortasun aktiboko neurrien bidez lurraldearen egokitzapena sustatzeko helburuan, ingurumenaren kontserbazioa eta bisitarien eta bizilagunen esperientziaren hobekuntza uztartuz. Halaber, ekimena Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriko Estrategiaren barruan kokatzen da, 1984an Biosfera Erreserba izendatzea eragin zuten helburuekin bat etorriz. Horrela, UNESCOren MaB programaren printzipioei laguntzen die, emisioen murrizketa, mugikortasun motela eta inguruko guneetarako oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna hobetzea bultzatuz, baita Erreserbaren ekialdeko eta mendebaldeko muturren arteko lotura ere.