Oberan eta Artikutza: Urban Klima 2050en Euskadirako bi basoberritze-proiektu

2021/03/20

Martxoaren 21ean, udaberrian sartzearekin batera, Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, planetako baso-eremu guztiak zaintzeak eta babesteak duten garrantziaz kontzientziatzeko jardunaldia; izan ere, zaintze eta babeste horrekin batera, espezie guztien biziraupena lortuko litzateke.

Nazio Batuen Batzar Orokorrak aurten aukeratu duen leloa ‘Basoak leheneratzea: berreskuratzeko eta ongizaterako bidea’ da, eta ezinbesteko irakasgaia da, urtero munduak hamar milioi baso-hektarea –Islandiaren tamainaren antzeko azalera– galtzen dituela kontuan hartuta.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak abian jarritako ekintzetatik bik zuzenean ekingo diote Gipuzkoako bi gune berreskuratzeari. Alde batetik, Oberan basoa basoberritzeko aurretiazko lanak egin dira; bestetik, Artikutzako presaren gunea naturalizatu da.

Artikutzari dagokionez, ia ehun urtez parte-hartzerik egin gabe eboluzionatu eta heldu diren baso autoktonoek eta sare hidrikoaren kontserbazio-egoera bikainak Europako ondoen kontserbatutako eta eremu berezienetako bat bihurtzen dute. Donostiako Udalak Urban Klima 2050 proiektuaren barruan egindako jarduketek aukera emango dute ibai-konektagarritasuna eta ur-bazterreko landaredia berreskuratzeko, bai eta urtegi zaharraren isatsean haltzadi-basoa babesteko ere.

Basoberritzea, funtsezkoa Euskadiko basoak berreskuratzeko

Euskadin basoek garrantzi handia dute. Baso-azalera zuhaiztuak lurraldearen % 55 hartzen du. Horren laurdena Natura 2000 Sareak (Europa mailako naturagune babestuen sarea) babesten du.

Antzina Euskal Herrian azalera handiak hartzen zituzten hariztiak, esate baterako, gaur egun kokaleku sakabanatuetan daude, baso-plantazioen okupazioaren edo urbanizazioaren ondorioz, eta basoen % 10 inguru hartzen dute. Gaur egun, Pinus radiata nagusitzen da (% 30) baso-azaleretan. Eta baso naturaletan hauek dira nagusi: pagadiak (% 30), baso misto atlantikoa (% 20), artadiak (% 14) eta erkameztiak (% 14) edo ameztiak (% 7).

EAEn baso naturalek hainbat presio eta mehatxuri aurre egin behar diete, hala nola basogintzari, nekazaritzari eta abeltzaintzari, uraren erregimenen aldaketei, urbanizazioaren eta espezie exotikoen edo arazotsuen hedapenari… eta horrek guztiak eragiten du kontserbazio-egoera txarrean egotea.

Gainera, lurralde guztietan bezala, klima-aldaketa mehatxu bat da euskal basoentzat. Tenperaturetan eta prezipitazioetan aurreikusitako aldaketek atzerakada handia ekar dezakete, baita pagadien eta hariztien nitxoak desagertzea ere; izan ere, horiek pixkanaka Europako iparralderantz mugituko dira. Prezipitazioetan aurreikusitako aldakuntzak eta igoera termikoak, hasiera batean, Euskadiko baso-ekosistemen ‘mediterraneotzea’ erraztea eta horien osaera espezifikoa aldatzea eragin dezakete.

Gure basoen osasun ona basoberritzearen eta kudeaketa jasangarriaren bidez sustatzeak klimaren eta biodibertsitatearen krisiari aurre egiten lagunduko du. Gainera, jarduera horiek garapen jasangarrirako beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzte.