NEIKERREK LURZAIN garatu du, herritarrentzako web aplikazio bat lurzoruak ebaluatu eta modu iraunkorrean kudeatzeko
2024/07/04
Lurzoruen osasuna modu sistematizatuagoan monitorizatzeko tresna hori LIFE IP Urban Klima 2050eko herritarren zientziaren plataforma osatuko duten 3 proiektuetako bat da.
Lurzorua funtsezko baliabidea da ekosistemen orekarako. Landarediaren euskarri gisa dihardu, landareen eta laboreen hazkundea ahalbidetuz, eta uraren zikloaren erregulazioan ere berebiziko garrantzia du, infiltratzen eta biltegiratzen eta uholde eta lehorteei aurrea hartzen laguntzen baitu. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da lurzoruaren osasuna mantentzea ingurumen jasangarritasuna eta nekazaritzako produktibitatea sustatzeko, degradatzen bada, emankortasuna galtzea, biodibertsitatea murriztea eta ingurumen arazo larriak gerta baitaitezke.
Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, LURZAIN garatu du, zientzia parte hartzailetik abiatutako web aplikazioa, lurzoruaren osasuna ebaluatzera bideratua. Tresna Europar Batasunak bultzatutako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren C.7.2 Herritarren Zientziaren Plataforma ekintzaren barruan kokatzen da, eta helburu bikoitza betetzen du: trantsizio energetikoa eta klimatikoa bultzatzea euskal lurraldearen erresilientzia lortzeko, eta pertsonei klima-aldaketaren fenomenoa ulertzen laguntzea eta ikerketan eta horren ondorioetan parte-hartzeko aukera ematea. LURZAIN herritarren zientziaren plataforma osatuko duten 3 proiektuetako bat da.
Zehazki, proposamenaren helburua da interesa duen edonori tresna bat ematea bere lurzoruaren osasun egoera modu errazean ebaluatzeko eta kudeaketa jasangarrirako beharrezkoak diren parametroak emanez.
Horretarako, NEIKER hamarkada bat baino gehiagoan Lurzoruen Osasun Txartelen bidez lortutako esperientzian oinarritu da, zeina ekosistema edafikoen egoera ezagutzera bideratutako sistema bat den. “LURZAINen aplikatzen diren 12 neurketa espezifikotarako proposamen bat doitu eta hobetu dugu; esaterako, lur bloke bat ateratzea zizare kopurua kontatzeko, organismo horiek zeregin erabakigarria baitute materia organikoaren deskonposizioari edota lurzoruaren egitura hobetzeari dagokienez”, Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaileak azaldu duenez.
Neurketen zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, zentroak, Eskoziako James Hutton Instituterekin lankidetzan, digitalizaziorantz jo du, irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehituz, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera.
Horrenbestez, LURZAINek 12 neurketa horiek Lurreko bizitzaren sostengurako funtsezkoak diren bost funtziotan antolatzen ditu: landare ekoizpena, biodibertsitatearen sustapena, uraren erregulazioa, emankortasuna mantentzea eta karbono bahiketa.
Praktiken ebaluazioa
Lortutako datuen bidez, aplikazioak diagnostiko konparatibo bat sortzen du datu base zabal batekin. Funtzionaltasun horrek, lurzoruaren egoeraren ikuspegi eguneratua emateaz gain, urtez urte neurketak errepikatzen direnez, erregistro historiko bat ezartzeko aukera ere ematen du.
“Erregistro horrek denboran zehar lurzoruaren osasunean eragin dezaketen maneiu aldaketak jasotzen ditu, hala nola nekazaritzako esku hartzeak, kontserbaziorako praktikak edo ingurumen aldaketak. Hori erabakigarria da maneiu jasangarriko praktiken eraginkortasuna ebaluatzeko eta baliabide naturalak kontserbatzera eta hobetzera bideratutako erabaki informatuak hartzeko”, adierazi du zentroko ikertzaileak.
Herritarren parte hartze aktiboa
Aplikazioa laborategi espezializatuen beharrik gabe eta jarraibide erraz batzuk betez erabiltzeko diseinatuta dago. Erabilera sustatze aldera, NEIKERen asmoa da aldizkako ikastaroak antolatzea eta neurketak egiteko beharrezkoak diren materialekin kitak ematea, publiko desberdinak inplikatzeko, nekazaritza arloko profesionaletatik, ikasle eta norberaren ingurunearen osasunean interesa duten herritarretaraino.
Ildo horretan, adibiderik onena Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroarekin egiten duen lankidetza da, zeinak udalerriko “Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarea” koordinatzen baitu, 2018tik “Lurzoruak Kontserbatzeko Programa” ere jasotzen duena. Urte hauetan zehar, programaren barruan, 350 lursailetan baino gehiagotan egin dira neurketak, eta horrek eman du orain LURZAIN kaleratu ahal izateko esperientzia. Eta haiek izaten ari dira LURZAIN testatzen lehenak.
Erabiltzaile bakoitzari informazio erabilgarria emateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurzoruen osasuna monitorizatzeko aktiboki parte hartzea sustatzen du, herritarren zientziaren bidez. Horri dagokionez, Epeldek zehaztu duenez, “egindako neurketa bakoitza mapa interaktibo batean txertatuko da, www.lurzain.eus, eskualdeko lurzoruaren osasunari buruzko erregistro zehatza eta osatua sortzen laguntzeko”.