LIFE URBAN KLIMA 2050 proiektua eredugarria da Eusko Jaurlaritzaren gida batean, Agenda 2030 bultzatzeko eta Garapen Iraunkorreko Helburuei laguntzeko

2020/12/02

• Gidak jardunbide egokien adibide errealak jasotzen ditu, horietatik bi Ihobe buru dutela

Ihobek parte hartu du euskal erakundeentzat egindako “Nola ezarri 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuei lagundu” gida praktikoan, Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendarako Idazkaritza Nagusi berriak argitaratua. Dokumentuak 2030 Agenda Euskadiko erakundeetan ezartzea errazten du, administrazio publikoek abian jarritako urratsekin bat etorriz.

Gidak jardunbide egokien adibide errealak jasotzen ditu, horietatik bi Ihobe buru dutela. Garapen Jasangarriaren 13. Helburuari lotuta (Klimaren aldeko ekintza), gidak, jardunbide egoki gisa, Urban Klima 2050 LIFE proiektu integratua jasotzen du. Proiektua asmo handikoa da, eta bere helburua da eragile guztiak ekintzara bultzatzea, Euskadi ekintza klimatikoan erreferentzia-lurralde gisa kokatzen duten proiektu erakusleak ezarriz. Zehazki, 40 jarduketa dira, ibai-eremuetan, kostaldean eta hiri-inguruneetan, hogei erakunde biltzen dituen partzuergo batek bultzatuta. Euskadik klima-aldaketaren epe luzeko estrategia bat du 2015az geroztik: Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategia – KLIMA 2050. Proiektuaren esparruan, klima-ekintzaren arloko plangintza berria prestatuko da, klima-aldaketaren aldagaia txertatuko da lurralde-antolamenduaren, osasunaren, energiaren eta uraren antolaketaren arloko politiketan, eta zentro bat sortuko da Euskadiko klima-aldaketarekin lotutako datu eta informazio guztiak koordinatzeko.

Tokiko 2030 Agenda euskal udalerrietan bultzatzea da, Garapen Jasangarriaren 11. Helburuari lotuta (Hiri eta Komunitate Jasangarriak). Udalsarea-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea 2030ek hainbat ekarpen aipagarri egin dizkio 2030 Agendari; esate baterako, “Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen ekarpena Garapen Jasangarriaren Helburuei” izeneko txostena; “Tokiko 2030 Agenda. Nola heldu Garapen Jasangarriaren Helburuei tokiko eremutik. Gida praktikoa” gida; edo Tokiko Agenda 2030 lantaldea martxan jartzea.

NBEk bultzatutako garapen jasangarrirako 2030 Agenda Euskadiko sare sozial eta ekonomikoan dauden sektore guztietan sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak EUSKADI 2030 GUNEA izeneko talde pilotu bat sortzea bultzatu zuen 2019an. 17 erakundek osatzen zuten talde hori –besteak beste, Ihobek–, eta orotariko sektoreak ordezkatzen zituzten: hezkuntza, industria-sektorea, elkargo profesionalak, erakunde publikoak, hirugarren sektore sozialeko erakundeak edo zentro teknologikoak… Hartara, denon artean, jasangarritasunaren hiru eremuak ere estaltzen zituzten: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.

Ihoberekin batera, erakunde parte-hartzaile hauek aritu dira lanean: Euskal Kostaldeko Geoparkea, UNICEF País Vasco, UNESCO Etxea, Auren, Bolton Food-Grupo Conservas Garavilla, Tecnalia, Elika, Aclima, UPV/EHU, Ingurugela; Tubacex, EDE Fundazioa, Basquepro Elkargoak, Basqueteam, A&B Laboratorios de Biotecnología eta TKNIKA.