LIFE Urban Klima 2050 eta LIFE Coala proiektuek udal mailan klima aldaketara egokitzeko estrategiak partekatu dituzte
2024/09/24
Txekiar Errepublikako proiektuarekin batera egindako lehen lan saioan, Urban Klima 2050 proiektuak herritarren ahalduntzera eta tokiko gobernantzara bideratutako zenbait ekintza aurkeztu du.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua , euskal lurraldea eraldatzeko eta Euskadiko eta Europar Batasuneko beste leku batzuetan kopiatu daitezkeen ekintzak garatzeko asmoz, estatuko eta nazioarteko hainbat proiektu eta sareekin lankidetzan ari da, elkarlanerako loturak ezartzeko, ekintza klimatikoko esperientziak eta praktika onak trukatzeko eta emaitzak zabaltzeko.
Testuinguru horretan, joan den irailaren 20an lehen lan saioa egin zuen LIFE Coala proiektuarekin (Txekiar Errepublika). Proiektu horrek ‘Moravia-Silesia eskualdea klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko estrategiaren’ helburuak lortzeko lan egiten du. Bileran, bi proiektuek beren eskualdeetan klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko egiten ari diren lanak aurkezteko aukera izan zuten.
Urban Klima 2050 proiektuak bere laneko 5 blokeak aurkeztu zituen: Aztertu, definitu, jardun, ahaldundu eta kudeatu, eta horietako bakoitzean martxan jarri duen zenbait ekintza zehaztu zuen. Horien artean, Urban Klima 2050ek Ihobek egindako agertoki klimatikoen bisorea erakutsi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko aldagai klimatikoen proiekzioak aztertzeko aukera ematen duena; trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren epe luzerako ibilbide orria garatzeko egindako lanaz hitz egin zuen; landan egindako hainbat ekintza aurkeztu zuen, hala nola Tonpoiko (Bermeo) espazio naturala jendea erabiltzeko egokitzea edo Errekatxulo erreka (Donostia) birnaturalizatzea; klima-aldaketaren aurrean herritarren eta administrazioen konpromisoa eta gaikuntza bultzatzeko ekintzak azaldu zituen; eta, azkenik, klima-gobernantzarako egiturak sortzeari buruz ere hitz egin zuen.
Bi proiektu horiek hurrengo lan-bilera bat prestatu nahi dute, datuak eta jardunbide egokiak trukatzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko.