LIFE Soil Platform lurzoruaren kontserbazioari eta kudeaketari heltzen die Euskadin eta Nafarroan

2024/04/12

LIFE IP Urban Klima 2050 eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuek antolatutako ekitaldian, Europako 50 proiektutako adituak eta alderdi interesdunak bi egunetan bildu dira, jakintza eta emaitza berritzaileak partekatzeko eta ingurumen-politikak sustatzeko.

Apirilaren 10ean eta 11n, Europako proiektuen networking-ekitaldia egin da, ezagutza eta emaitza berritzaileak partekatzeko eta ingurumen-politikak sustatzeko. LIFE IP Urban Klima 2050 eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuek antolatu dute ekitaldia, CINEArekin (Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboa) lankidetzan. Ekitaldian, Europako 50 proiektu inguruk hartu dute parte: besteak beste, LIFE DESERT-ADAPT, LIFE CO2SAND eta LIFE FRAC-IN.

Topaketa honen helburu nagusia da sareak sortzea, atzeraelikadura eta politiketarako ekarpenak sustatzea LIFE programak finantzatutako proiektuetan parte hartzen duten alderdi interesdunen artean. Proiektu horiek lurzoruaren alderdi erabakigarriak lantzen dituzte. Bi jardunaldi luzetan, lurzoruari lotutako hiru gai nagusi landu dira: kontserbazioa eta egokitzapena, kutsadura eta bioerremediazioa, eta kudeaketa eta arintzea.

Saioei esker, gai horizontalei buruzko eztabaidak ere egin ahal izan dira, hala nola lurzoruaren osasuna zaintzea, klima-aldaketa, lurzoruari buruzko prestakuntza sustatzea eta aukera ekonomikoak. Parte-hartzaileek beren esperientzia profesionalak partekatzeko aukera izan dute, baita lurzoruari buruzko EBren Estrategia eta lurzoruari buruzko hurrengo Zuzentaraua aplikatzeko erronkak eta jardunbide onenak ere.

Saio teknikoak

Jardunaldiaren lehen zatia Iruñeko Baluarte Jauregian (Nafarroa) egin da. Bertan, CINEAk (Europako Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Agentzia Exekutiboa) eta proiektu antolatzaileen ordezkariek, Europako Batzordearen ordezkariek lurzoruaren kontrolari eta erresilientziari buruzko EBko araudiaren azken berritasunak, karbono-xurgapenak ziurtatzeko esparrua eta garatzen ari diren living lab-ak aurkeztu dituzte.

Bigarren blokean, Europako eta tokiko eragileek lurzoruaren osasunari buruzko gaikako esku-hartzeak landu dituzte. Nafarroako Gobernuak Klimaren eta Lurzoruaren Kudeaketa Integratuari buruzko Nafarroako Estrategiaren inguruko ponentzia batekin hasi du saioa. Ondoren, Euskadik Lurzorua Babesteko 2030eko Estrategia, haren aurrerapenak eta LIFE IP Urban Klima 2050ekin duen lotura garatu ditu, Ihobek koordinatuta.

Bestalde, Xurxo Veirak, AEI-Agriren izenean (nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko Berrikuntzarako Europako Elkartea), lurzoruaren zaintzari eta erresilientziari buruz hitz egin du; eta Panos Panagosek, EBko Lurzoruaren Behatokikoak, erakunde horrek Europako politiken babesean duen zereginari buruzko azterketa batekin itxi du saioa.

Jardunaldiaren bigarren zatian, lurzoruarekin lotutako LIFE proiektuak aurkeztu dira: LIFE DESER ADAPT (desertizatutako eremuak klima-aldaketara egokitzea du helburu); LIFE COS2AND (lehortearen aurrean nekazaritza-lurren erresilientzia handitzeko lan egiten du); eta LIFE FRAC-IN (iragazkortasun txikiko kokalekuetan lurzoruak birgaitu ahal izateko, haustura hidrauliko/pneumatikoaren bidez.

Jardunaldia hainbat lantalderekin amaitu da, eta gai hauek landu dira, besteak beste: lurzoruaren kudeaketa eta nekazaritza iraunkorra, lurzoruaren kutsadura, bioerremediazioa eta ekonomia zirkularra, lurzoruaren kontserbazioa eta karbono-xurgapena.

Landa-bisitak Nafarroan eta Euskadin

Bigarren egunean, LIFE IP Urban Klima 2050 eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuek antolatutako landa-bisitak egin dira lurzoruaren kalitatea hobetzeko esku-hartzeetan. Bertaratutakoek jardunbide berritzaileen adibide zehatzak ezagutu dituzte; besteak beste, nekazaritzako lurzoru ahulen kudeaketa eta kutsatutako lurzoruen leheneratzea.

Oloritzen (Nafarroa) hasi da ibilbidea, eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuko ongarri organikoen erabileran eta lurzorua kudeatzeko estrategietan oinarritutako lurzoruaren erresilientzia-saiakuntzak bisitatu dira.

Segizioak Arabako Asparrena herriraino jarraitu du. Han, ondare-balioa duen industria-gune zahar bat bisitatu da, Aizkorri-Aratz parke naturalaren eta Natura 2000 gunearen ondoan. Esperientzia horretan, 1.600 biztanle inguruko udalerri batek egindako ahalegina aitortzen da; izan ere, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ihoberekin lankidetzan, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko eta industria-aurriak kudeatzeko prozedura hartu du bere gain ordezko arduradun gisa.

Amaitzeko, Gasteizko (Araba) Mendebaldea proiektua bisitatu dute, Jundiz industrialdearen ingurua naturalizatzeari buruzkoa. Bertan, degradatutako hiri-inguruko lurzorua berreskuratzeko lanak egin dira, fitoerremediatze-teknika esperimentalen bidez. Berreskuratze hori V. fasearekin amaitu da (LIFE IP Urban Klima 2050ek zati batean finantzatu du), eta lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta landaredia ezartzeko jarduerak sartu dira, korridore berde handi bat eratzeko. Korridore hori bidezidorren sare batek zeharkatzen du, eta, hari esker, industrialdea inguruko elementu naturalekin eta landaguneekin lotzen da.

Jardunaldiaren amaiera eta ondorioen aurkezpena Arabako Parke Teknologikoan egin dira.