LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian

2025/9/23

Euskadik proiektuan duen zeregina tokiko erakundeei klimaren eta energiaren arloan ematen zaien laguntza indartzea da, Udalsarea 2030en bidez.

Euskadirekin batera, Extremadurak, Zipreko Errepublikak, Poloniako Mazoviako Voivodato eskualdeak, Txekiako Usti eskualdeak eta Frantziako Auvernia-Rodano-Alpes eta Isère eskualdeek hartzen dute parte.

Urtebete martxan egon ondoren, LIFE OCTOPUS proiektu europarrean parte hartzen duten erakunde guztiak Varsoviara joan dira egindako lana ebaluatzeko eta hurrengo urratsak finkatzeko. Euskadi garatzen den lurraldeetako bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, Ihobe, eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE) ditu partzuergoko bazkide.

LIFE OCTOPUSen helburua trantsizio energetikoa eta klimatikoa sustatzea da, tokiko eta eskualdeko agintariak eta energia- eta ingurumen-agentziak ahaldunduz, eremu horretan irtenbide berritzaileak garatu eta ezar ditzaten, beren eskualdeetara egokituta. Horretarako, zazpi antolakuntza-sare erraztaile (ingelesezko siglak, EON) sortu eta indartuko ditu 36 hilabetez. Euskadik badu berea: Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak betetzen du zeregin hori. Eskualde horietako eta Europako erakunde bazkideek jarraipen-bilera bat egiten dute irailaren 16tik 18ra bitartean, LIFE OCTOPUS abian jarri zenetik urtebete igaro ondoren.

Lehenengo egunean, partzuergoak proiektuaren aurrerapena aztertu du, eta helburuak, lehen emaitzak, erronkak, aukerak eta hurrengo urratsak berrikusi ditu. Bigarren jardunaldian, EONen arteko trebakuntza-programa garatu da, lau lan-saioren bidez: trebakuntza-programaren helburuak zehaztea; EON bakoitzak identifikatutako beharrak eta erronkak definitzea; EONen bidez energia- eta klima-planak egitea eta ezartzea sustatzeko trebakuntza-programak barne hartu beharko lukeen edukia zehaztea; eta programaren hurrengo tailerrak planifikatzea.

"Besteak beste, gustatuko litzaiguke EONen arteko gaikuntza-programak beren udalerriei edo toki-erakundeei ekar diezazkieketen onurak azpimarratzea, hala nola finantzaketa-aukerak, ikusgarritasun eta aintzatespen handiagoa, bai eta esperientziak partekatzea eta beste leku batzuetan egiten ari denari buruz ikastea ere", azaldu dute Varsovian dauden Ihobe, EEE eta Udalsarea 2030eko ordezkariek.