LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak klima arloko elkarlana indartu du Pirinioetan
2026/2/16
Proiektuak LIFE-SIP proiektuen Lankidetza Batzordean parte hartzen du, emaitzak partekatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko sinergiak aztertzeko
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Pirinio eremuko LIFE-SIP proiektuen Lankidetza Batzordearen bilkuran parte hartu du. Pirinioetako Klima Aldaketaren Behatokiak bultzatutako gunea da, ekintza klimatikoan eta klima-aldaketara egokitzean oinarritutako LIFE proiektu handien arteko elkarlana indartzeko.
Otsailaren 4an egindako saio horretan, Iñigo Urrutikoetxea Álvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lan-ildo nagusiak azaldu zituen. LIFE IP Urban Klima 2050 Euskadin egindako ekintza klimatikoko proiekturik handiena da. Bere hitzaldian, proiektuaren helburuak, lurraldea eta parte hartzen duten eragileak aurkeztu zituen, baita lortutako emaitzak eta lortu nahi direnak ere, eta egindako ekintzak frogatu eta transferitu ahal direla azpimarratu zuen.
Urrutikoetxeak bere hitzaldian azaldu zuenez, Urban Klima 2050ek Pirinioetan zuzenean aplika daitezkeen eremuetan lan egiten du. Zehazki, klimaren ikuspegia plangintzan sartzeko lan egiten du, klima-aldaketaren eraginei egokitzeko eta horiek arintzeko proiektu pilotuak garatzen ditu, gobernantza klimatikoko eredu berriak egiten ditu eta administrazioen eta herritarren ahalduntzea bultzatzen du. Ildo estrategiko horiei esker, proiektua esperientziak partekatzeko erreferentzia da LIFE programa barruan.
Aurkezpenen ondoren — LIFE Artisan, LIFE SNAP Biodiv 'France, LIFE-NAdapta eta LIFE Eco-Adapt 50 proiektuek ere parte hartu zuten —, elkarlanerako tailer bat egin zuten, sinergiak, metodologia komunak eta batera egiteko ekintzak aurkitzeko, hala nola elkarrekin egiteko ekitaldiak edo elkarlanerako bideak.

