LIFE IP Urban Klima 2050 eta LIFE IP NAdapta-CC proiektuek beren esperientziak partekatu dituzte bigarren lan-saioan, sinergiak ezartzeko
2021/07/23
- Bileran zehar, lortutako aurrerapenak azaldu dituzte bi taldeek, bai eta Euskadin eta Nafarroan klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko aurreikusitako ekintzetan aurkitutako zailtasunak eta konponbideak ere.
Euskadiko eta Nafarroako klima-ekintzako bi proiektu handiek, LIFE IP Urban Klima 2050ek eta LIFE IP NAdapta-CCk bigarren lan-saio bat egin dute uztailaren 21ean, asteazkenez, joan den irailean egindakoaren ondoren, esperientziak partekatzeko eta klima-aldaketak bi erkidegoetan duen erronkan sinergiak sortzeko.
Online bilera batean, bi taldeek lantzen dituzten lan-arloetan lortutako aurrerapenak partekatu dituzte. Gainera, saioak balio izan du bai aurreikusitako ekintzen garapenean izan dituzten zailtasunak partekatzeko, bai lan-urte hauetan martxan jarri diren konponbideak azaltzeko ere.
Bestalde, proiektuak koordinatzeko lantaldeek lankidetza- eta sinergia-alderdiak adostu dituzte, hala nola klima-ekintzari lotutako finantzaketa gehigarria bilatzean edo bektore infekziosoekin lotutako ekintzan, klima-aldaketaren ondorioz arriskutsuagoak izango direnak, eta, azkenik, networking-eko ekitaldi bat definitu dute 2022rako.
Urban Klima 2050, datozen urteetarako klima-ekintzarako proiekturik handiena
Euskadiko klima-ekintzarako proiekturik handienak euskal lurraldea eraldatuko du 2019-2025 aldian, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara moldatzeko 40 ekintza koordinatuz, euskal geografiaren hiru eremutan: kostaldeetan, ibai-arroetan eta hiriguneetan. Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoa da buru. Hogei bat erakunderekin batera lan egiten du, eta horien artean daude Eusko Jaurlaritzako beste bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru-aldundiak, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzaren bi sozietate publiko (EEE eta URA), bai eta teknologia- eta ikerketa-zentroak ere (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.
19,8 milioi euroko aurrekontuaz hornitua, KLIMA 2050 Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategiaren hedapen eraginkorra erraztuko du.
NAdapta, Nafarroan klima-aldaketaren aurkako erresilientzia areagotzeko proiektu bat
LIFE IP NAdapta-CC proiektuaren helburu nagusia da Nafarroako Foru Komunitatean klima-aldaketaren aurkako erresilientzia handitzea, sektoreartekotasunaren eta epe luzeko jasangarritasunaren bidetik, eta sareetan parte hartzea eta lan egitea, HCCN-KLINa Klima Aldaketari aurre egiteko Ibilbide Orrian jasotako ekintza guztiak martxan jartzen lagunduz.
15.500.000 euro-tik gorako aurrekontuarekin, Nafarroako proiektua 2017an hasi zen, eta 2025era arte luzatuko da, arlo tematiko hauetan egingo diren jarduerekin: monitorizazioa, ura, basoak, nekazaritza eta abeltzaintza, osasuna, azpiegiturak eta lurralde-plangintza, ikuspegi multisektorial eta estrategikoarekin, HCCN-KLINa Klima Aldaketari aurre egiteko Ibilbide Orriaren helburuekin duen loturagatik, eta HCCN - KLINan jasotako ekintzen osagarri diren neurriak garatzearekin, neurri horiek garatzeko funtsak mobilizatzearekin eta Klima-aldaketa Nafarroako Gobernuko politika guztietan sartzearekin.
Proiektua Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak koordinatzen du, Landa Garapen eta Ingurumen Sailekoak (DRyMA), eta honako hauek ditu bazkide: DRyMA bera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lanerako Institutua (ISPLN) Osasun Sailaren mendekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA) eta lau sozietate publiko: Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK), Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua (INTIA), Nafarroako Lurzoru eta Etxebizitza (NASUVINSA) eta Nafarroako Toki Azpiegiturak (NILSA), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako eta Lurralde Kohesioko Departamentuaren mendekoak.