Klimaren aldeko Herritarren Batzarrak gomendioak eskainiko ditu klima-larrialdiaren aurrean

2021/06/04

Herritarrak klima-aldaketaren ondorioen aurrean inplikatzea da alor horretan garatzen ari diren legedietan jasotzen diren beharretako bat. Berriki onartu den Espainiako Klima-aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren Legeak kontuan hartzen du behar hori, eta, hortaz, Klimaren aldeko Herritarren Batzarraren sorrera bultzatu du. Berau datorren udazkenean hasiko da jardunean.

Europako beste herrialde batzuetan –Frantzia, Erresuma Batua, Irlanda eta Suedia, besteak beste- jadanik existitzen den erakunde horren partaideak herrialdeko dibertsitatea ordezkatzen duten ehun herritar inguru izango dira; pertsona horiek, alor horretako adituen laguntzarekin, gomendio ez-lotesleak eskainiko dituzte klima-larrialdiari aurre egiteko.

Erakundearen aurkezpenean, Klima-aldaketaren Espainiako Bulegoaren zuzendari Valvanera Ularguik azaldu du zein den beraren helburua, alegia: “jadanik existitzen diren prozesu parte-hartzaileak indartzea, herritarrei zuzeneko ahotsa emateko kontsumo- eta ekoizpen-ohiturak edo eguneroko bizitzaren jokabideak aldatzeko moduaz, administrazio publikoak presionatzeaz batera”.
Gainera, Batzarrak tresna gisa funtzionatu nahi du elkarrizketa-bideak eta herritarren parte-hartzea indartzeko, klima-krisirako irtenbideak bilatzearen inguruko gizarte-eztabaida bat ezartzea xedetzat hartuta.

“Ahalik eta maila goreneko” parte-hartzea

“Ahalik eta maila goreneko eztabaida parte-hartzailea bilatzen dugu”, azpimarratu du OECCko zuzendariak, eta gogoratu du Batzarraren sorreraren oinarriak azterlan soziologikoetatik eskuratu direla; izan ere, azterlan horien arabera, herritarrek “larritasuna eta ezinegona” erakusten dituzte klima-aldaketaren eta azkar jarduteko beharraren aurrean: “une egokia da sentimendu horiek bideratzeko eta guztion artean kolaboratzeko”, adierazi du.

OECCko arduradunak zehaztu duenez, Batzarraren kideak “modu independente eta ausazkoan” aukeratuko dira, laginaren kalitatea eta adierazgarritasuna bermatzea ahalbidetzen duen metodologia bat aplikatuz, besteak beste irizpide hauek oinarritzat hartuta: adina, generoa, hezkuntza-maila, jatorri geografikoa eta klima-aldaketaren aurreko jarrera.

Bost lan-saio

Aurreikusten da Batzarra datorren udazkenetik aurrera biltzea, bost saiotan, ahal izanez gero asteburuetan, eta printzipioz modu birtualean, gobernantza-organo batzuen babespean. Organo horiek honela egituratuko dira: Koordinazio Panel bat, Adituen Talde Independente bat, eta bozeramaile gisa arituko diren Enbaxadore batzuk.

Gainera, talde tekniko independente bat izango du herritarrak aukeratzeko, eta deliberazio-prozesuetan espezializatutako beste talde bat, Batzarraren saioak dinamizatzeko. Batzarraren eta adituen taldearen konklusioak behin betiko Ministerio-agindua argitaratu ondoren abiatuko den webgune propio batean jasoko dira.

Mitecok bzn-asambleaclima@miteco.es helbidea sortu du, ‘Araudia. Klimaren aldeko Herritarren Batzarra” gaiarekin, herritar eta erakundeek euren iritzia eman dezaten, nahi izanez gero, entzunaldi eta informazio publikoko prozesu ireki honetan. Prozesua 2021eko ekainaren 16an amaituko da.