Klima eta Energiaren Tokiko Planak egiteko gida argitaratu du Udalsarea 2030ek
2021/11/08

- Gida hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan sartuta dago, toki-administrazioetarako tresnak eta prestakuntza sortzeko ekintzen barruan, eta EAEko udalei metodologia-esparru argia ematen die klima-aldaketari lotutako erronkei aurre egiten lagunduko dieten hainbat tresna aplikatzeko, indarrean dagoen eta etorkizuneko arau-esparruaren arabera.
Udalsarea 2030-Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak argitaratu du EAEko udalerrietarako klima eta energiaren tokiko planak egiteko lana errazteko gida bat. Klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko tokiko plangintzarako tresna berri bat da, eta LIFE integrado Urban Klima 2050 proiektuaren barruan dago. Haren ikuspegia eta edukiak EAEko udal batzuekin eta eskualdeko erakundeekin alderatu dira, Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, eta Energiaren Euskal Erakundeak-EEE antolatutako tailerretan.
‘Euskadiko klima eta energiaren tokiko planak egiteko gidak’ metodologia-esparru argi eta zehatza eskaintzen die udalei eta eskualdeko erakundeei, klima-aldaketaren aurkako tokiko borrokari aurre egiteko eskura dauden baliabide eta tresnen balioa nabarmenduz, indarrean dagoen eta etorkizunean egongo den arau-esparruarekin bat etorriz. Horrela, klima eta energiaren tokiko planak egitea errazten die, gainera, edozein udalerri edo eskualderi, abiapuntua eta egokitzapenaren eta arintzearen arloan egindako aurrerapenak edozein direla ere. Gainera, Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikitako udalerriak metodologia horretan oinarritu ahalko dira, eta metodologia horrek lagunduko die munduko ekimen horren plangintza- eta txosten-eskakizunak betetzen.
Gida LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan sartuta dago, tokiko administrazioetarako prestakuntza eta tresnak sortzeko ekintzen barruan. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak, besteak beste, klima-ekintza udalerrietan eta eskualdeetan errazteko tresnak prestatu nahi ditu. Premisa horrekin, duela gutxi, Udalsarea 2030ek udaletako berotegi-efektuko gasak kalkulatzeko tresnak eguneratzen eta eskualdeetara egokitzen lan egin du, gida honen garapenari edo eskualdean klima-arriskua aztertzeari dagokienez, besteak beste.
Gidaren egitura
‘Euskadiko klima eta energiaren tokiko planak egiteko gida’ lau kapitulutan eta zenbait eranskinetan egituratzen da: lehenengoan, lortu nahi diren helburuak zehazten dira, bai eta xede diren publikoak ere; bigarrenean, klima eta energiaren tokiko planak egiteko Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko erreferentziazko esparru estrategikoa eta arau-esparrua azaltzen da; hirugarrenean, berriz, haien prestakuntza zuzendu behar duten ikuspegia eta gakoak azaltzen dira.
Laugarren kapituluan, azkenik, planak egiteko jarraibideak eta baliabideak ematen dira, eta bost urratsetan egiten du hori, bakoitzean bete beharreko zereginak zehaztuz. Urrats bakoitzean gomendioen atal bat dago eta, zenbaitetan, prozesu osoan zehar herritarren partaidetza sartzeko baliabide praktiko batzuk. Gainera, honako hau ere jasotzen du: EAEko udalerriek eta eskualdeek klima eta energiaren tokiko planak jorratzeko eskura dituzten tresnen mapa. Amaitzeko, gidaren kontzeptuak eta gaiak argitzeko metodologia-ohar batzuk zerrendatzen ditu.
Klima eta energiaren tokiko planaren nondik norakoak
Klimaren eta energiaren tokiko plan bat iraupen luzeko tokiko plangintzarako tresna bat da, eta aldi berean heltzen dio klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ekintzari, udalerriaren ikuspegi orokor batekin.
Gai horietan tokiko lana lortzen laguntzeaz gain, klima eta energiaren tokiko plan batek beste helburu batzuk ere baditu, esate baterako: klima-ekintzari buruzko ikuspegi eta helburu estrategikoak sortzea eta udalaren barruan bidezko trantsizio energetikoa egitea; indarrean dauden eta etorkizunean izango diren arauzko betebeharrak betetzea; datozen urteetan egin beharreko jarduketak zorrotz eta ikuspegi orokorrarekin egitea eta lehenestea; udaleko arloen arteko zeharkako lana erraztea eta bultzatzea; eta klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko herritarren ekintza bultzatzea.
Horretarako, klima eta energiaren tokiko plan bat idazteak, gutxienez, ezaugarri batzuk bildu beharko ditu: udalerriko sektore eta eremu guztien ikuspegi orokorra duen arintze- eta egokitze-diagnostiko bat; osatu beharreko helburuak eta xedeak jasoko dituen estrategia argi bat; klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurrien plangintza zehatz bat; eta neurri horien ezarpena jarraitzeko eredu bat.
Premisa horrekin, ‘Euskadiko klima eta energiaren tokiko planak egiteko gidak’, (Udalsarea 2030-Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak argitaratua), ikuspegia, metodologia eta tresnak ematen ditu EAEko udalerriak nahiz eskualdeak abian jar daitezen eta beren planak egin ditzaten.
Ekimen hau zuzentzen du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari atxikitako Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, EEE-Energiaren Euskal Erakundearekin koordinatuta, Udalsarea 2030en eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan.
Klima-aldaketaren inguruko udal-ibilbidea
EAEko udalerriek ibilbide luzea egin dute klima-aldaketaren arloan, lehenik eta behin, arintzeari lotutako alderdietan oinarrituta; hala ere, Udalsarea 2030en esparruan garatutako baliabideei esker, klima-aldaketari egokitzeko tokiko ekintzak gero eta urrats irmoagoak egiten ditu.
Bestalde, Klima 2050 – Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategiak eta energia-gaietako betebehar zehatzak ezartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legeak, klimari lotutako ekintzan aurrera egiten jarraitzeko norabidea zehazten dute. Klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren etorkizuneko erkidegoko legearekin, EAEko udalerriak klima-aldaketaren politiketan lagunduko dituen arau- eta politika-esparrua osatuko da.
Horrez gain, ikuspegi zabalago batean, Nazio Batuen 2030eko Agendak eta Parisko Akordioak datorren hamarkadarako norabide estrategikoa zehaztu dute jasangarritasunaren eta klimaren aldeko tokiko ekintzari dagokionez. Esparru horrek legegintza-babes handiagoa izango du, gida hau idazteko unean onartu berri diren edo izapidetze-fasean dauden legeen laburpen baten bidez, hala nola Klimaren Europako Legea, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea —Gobernu zentralak sustatua— edo, erkidegoaren barruan, EAEko Trantsizio Klimatikoari eta Aldaketa Energetikoari buruzko Legea.
Gida hurrengo estekan duzue eskuragarri Ihobe - Argitalpenak - Euskadiko klima eta energiaren tokiko planak egiteko gida