Klima Azokak Euskadi zeharkatuko du, ekintza klimatikoa herritarrengana hurbiltzeko

2025/10/20

Urriaren 17tik 26ra, ASTEKLIMA 2025en Klima Azoken bidez, tailerrak, jolasak eta parte-hartze jarduerak antolatuko dira, trantsizio energetikoa eta jasangarritasuna herritarrei hurbiltzeko.

Urriaren 17tik 26ra, ASTEKLIMA Euskadiko Klima eta Energiaren Astea egingo da EAEko hiru lurraldeetan, eta ekimenaren ardatz nagusietako bat Klima Azokak izango dira. Azoka ibiltari horien bidez, Euskadiko plazak eta espazio publikoak topagune bihurtuko dira, eta lurra planeta zaintzeko eta eredu energetiko jasangarriago baterantz urratsak egiteko baliabideak eskainiko zaizkie herritarrei, modu ludiko eta praktikoan.

Klima Azokak hezkuntza- eta dibulgazio-proposamen ugari eskainiko ditu: tailer elkarreragileak, material informatiboak, energiari eta klima-aldaketari buruzko jokoak, dinamika parte-hartzaileak eta opari jasangarriak. Azoken helburua da ingurumenari buruzko ezagutza herritarrei modu atsegin eta praktikoan hurbiltzea, eguneroko ekintza txikiek eredu energetiko arduratsuago eta iraunkorrago bat eraikitzen laguntzen dutela bistaratuz.

Gainera, jarduera guztiak doakoak, irekiak eta irisgarriak dira, eta ez da aurretiaz izena eman behar. Adin guztietako herritarrek —haurrak, familiak, gazteak eta helduak— libreki parte hartu ahal izango dute, ingurumenean duten eragina murrizteko modu berriak ezagutzeko eta klimari eta energiari buruzko esperientziak partekatzeko. Hitzordu bakoitza topagune, ikaskuntza eta ekintza klimatiko kolektiborako espazio bilakatuko da horrela.

Klima Azokak hiru lurraldeetako hamar udalerritan izango dira: Hernani (urriaren 17an), Getxo (urriaren 18an), Irun (urriaren 19an), Zalla (urriaren 20an), Amurrio (urriaren 21ean), Arrasate (urriaren 22an), Legazpi (urriaren 23an), Mungia (urriaren 24an), Ortuella (urriaren 25ean) eta Sobrón (Lantaron, urriaren 26an). Udalerri bakoitzeko jarduerak udalek sustatuko dituzte, eta kasu batzuetan, Ekoetxea sareko ingurumen-zentroek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, hartuko dute parte. 

Klima Azoka 2025en egutegia

ASTEKLIMA 2025, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ihoberen eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, bultzatutako ekimena da ASTEKLIMA. Aurtengo edizioan 200dik gora jarduera egingo dira hiru lurralde historikoetan, doan eta publiko orokorrarentzat. Helburua gizartea klima-aldaketaren aurrean mobilizatzea da, karbono gutxiko eredu energetiko baterantz bidea egiteko.

Egitarauan hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, eskola-jarduerak, ipuin-kontalariak, proiekzioak, ibilaldi gidatuak eta aire zabaleko esperientziak jaso dira, guztiak, ezagutzatik ekintzara igarotzeko.

Jarduera guztiak biltzen dituen agenda eskuragarri dago ASTEKLIMAren webgunean: https://www.asteklima.eus