KLIMA Azoka ibiltariaren beste edizio bat hasiko da 2025eko Ibilaldian, Galdakaon

2025/5/20

Erakusketak hainbat gai jorratuko ditu: klima aldaketaren arrazoiak, etxeko ohiturak, energia, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua, lurzoruaren babesa eta herritarrak konponbidearen parte nola izan daitezkeen.    

KLIMA Azoka 2025ek Euskadiko udalerri eta ekitaldi enblematiko ugari zeharkatuko ditu, herritarrengan ekintza klimatikoa sustatzeko, esperientzia parte hartzaile eta hezitzaileen bidez. 

Ekainean zehar, geldialdiak egingo ditu Euskal Eskola Publikoaren Urduñako jaian, Irunen egingo den Bioterra azokan eta Olarizuko zelaietan egingo den Araba Euskarazen.

KLIMA Azoka ibiltariak, hots, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako azokak, maiatzaren 25ean hasiko du 2025eko ibilbidea, aurten Galdakaon egingo den Bizkaiko ikastolen festa handiaren ospakizunean (Ibilaldian). Ekainean zehar, KLIMA Azokak geldialdiak egingo ditu Euskal Eskola Publikoaren Urduñako jaian, Irunen egingo den Bioterra azokan eta Olarizuko zelaietan egingo den Araba Euskarazen.

Aurten ere, klima aldaketaren erronkari aurre egiteko euskal herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko funtsezko ekimen gisa sendotu da KLIMA Azoka. 2023an lehen aldiz egin zenetik, azoka ludiko eta ibiltari honek Euskadiko udalerri eta ekitaldi enblematiko ugari zeharkatu ditu, eta herritarrei ekintza klimatikoa gerturatu die, esperientzia parte hartzaileen eta hezitzaileen bidez. 

Azokaren helburu nagusia biztanleria ahalduntzea eta klima aldaketaren aurkako borrokan erantzunkidetasuna sustatzea da. Azokak osagai izango dituen karpa tematiko, jolas, dinamika eta erronken pasaporte bati esker, KLIMA Azokak eguneroko ohiturei buruz hausnartzera gonbidatuko du, bai eta gizarte jasangarriago baterako bidean bat egiten duten ekintza txikiekin konprometitzera ere.

Guztira 7 karpa izango ditu, eta, horietan, hainbat ingurumen gai jorratuko dira, hala nola: klima aldaketaren arrazoiak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari nola egin dakiokeen ekarpena. Azken helburua da pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea, eta ekintzaren batekin konprometitzea. 

2025eko edizioa

KLIMA Azoka Ibilaldian hasiko da, Bizkaiko ikastolen urteroko hitzordu handian. Jai horrek, aurten, Galdakaon egingo du bere 47. edizioa. Milaka pertsona euskararen eta euskal kulturaren inguruan biltzen dituen jai eta hezkuntza ekitaldi hau izango da ibilbidearen abiapuntua. Ondoren, ekainean zehar, euskal hezkuntza eta gizarte egutegiaren beste mugarri batzuetan jarraituko du: Urduñan egingo den Euskal Eskola Publikoaren jaia (ekainaren 1ean), Irunen egingo den Bioterra azoka (ekainaren 6tik 8ra) eta Olazuriko zelaietan egingo den Araba Euskaraz (ekainaren 15ean). 

Hitzordu horiek guztiek kultura, hezkuntza eta jasangarritasuna sustatzea dute helburu, baina horretaz gain, ekintza klimatikoa familiei, gazteei eta publiko orokorrari hurbiltzeko topagune aproposak ere badira, jasangarritasuna Euskadiko erreferentziazko ospakizun herrikoietan txertatuta.

Aurreko urteetako esperientziak KLIMA Azokaren eragin positiboa bermatzen du: 2024an, 5.000 pertsona baino gehiago izan ziren azokan, eta balorazio bikaina lortu zuen bisitatu zuten herritarren aldetik: 5etik 4,74ko batez besteko gogobetetze puntuazioa eta 5etik 4,66ko inpaktua ingurumen kontzientziazioan. Emaitza horiek berresten dute proposamena eraginkorra dela erronka klimatiko eta energetikoen inguruko hausnarketa eta konpromisoa sortzeko, eta ohitura jasangarriagoak hartzeko. 

Babes horrekin, kopuru horiek mantentzeko eta are gainditzeko asmoarekin egingo dio aurre KLIMA Azokak 2025. urteari, eta herritarrak gonbidatzen ditu jardueretan parte hartzera, jai herrikoiez gozatzera eta Euskadirentzat etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egitera.