Klima-aldaketak osasunean dituen eraginak azaldu ditu Urban Klima 2050ek Mundakan

2024/09/25

Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak hitzaldia eman zuen “Gaur dala bihar” Erretiratuen Elkartean, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko herritarren ekintza klimatikoak duen garrantziaren berri emateko.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren helburu nagusietako bat da herritarrak ekintza klimatikoan inplikatzea, kontzientzia klimatikoa eta ekintzarako urratsa sustatzeko. Testuinguru horretan, joan den ostegunean, irailaren 19an, Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak hitzaldi bat eman zuen Mundakako “Gaur dala bihar” Erretiratuen Elkartearen egoitzan.

Urrutikoetxeak Euskadiko klima-aldaketaren bilakaera aztertuz hasi zuen aurkezpena. Aldaketa horren ondorioak nabarmenak dira, hala nola tenperaturen igoera, egun beroen kopuruaren eta bero-boladen maiztasunaren areagotzea, prezipitazioen joera negatiboa, baina intentsitate handiagoarekin.

Azaldu zuenez, aldaketa horiek guztiek eragin zuzena dute herritarren osasunean; izan ere, “tenperatura funtsezko aldagaia da, eta hiri eta herrien erosotasunean eta bizigarritasunean eragiten du”. Adibidez, zehaztu zuenez, tenperatura igotzeak gaixotasun kardiobaskularrei edo arnasketa-gaixotasunei eragin diezaieke; eta, bestalde, hotz-boladek erantzun immunitario okerragoa, gaixotasun kronikoen okerragotzea edo ongizate emozional eta sozialaren gutxitzea eragiten dute.

Egoera horren aurrean, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko ekintza klimatikoaren gakoetako batzuk azaldu zituen Ihobeko teknikariak, banaka ere martxan jar daitezkeenak. Ekintza txikiak dira, hala nola energia berriztagarrien alde egitea, ibilgailu pribatuaren erabilera minimizatuz mugikortasun jasangarria sustatzea, edo kontsumo arduratsurako hainbat neurri hartzea; neurri horiek Ihobek argitaratutako 52 keinu klima-aldaketaren aurka dokumentuan xehatzen dira. Eguneroko keinu batzuk pertsona guztien eskura daude, hala nola A etiketa duten etxetresna elektrikoak erostea, termostatoa 20 °C-tik gora ez igotzea, edo kontsumo arduratsua egitea.

Urban Klima 2050 proiektuko ekintzak Bermeon eta Bakion

Bestalde, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak inguruan dituen bi ekintza aurkeztu zituen Urrutikoetxeak. Zehazki, Bermeoko Tonpoi naturgunea erabilera publikorako berreskuratzea, eta Bakion uholdeetatik babesteko eta Estepona ibaiaren ingurumena hobetzeko aurreikusitako jarduerak.