Kanarietako ordezkaritza tekniko bat Ihoben egon da LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua gertutik ezagutzeko

2025/5/29

Topaketa ekintza klimatikoaz arduratzen diren lurraldeen arteko networking ekintza baten parte izan da, eta bertan klimara egokitzeko eta uholdeetatik babesteko Bakion egin diren lanak bisitatu dira.

Julieta Schallenberg Trantsizio Ekologikorako eta Klima-aldaketaren aurkako Borrokarako sailburuordea buru izan duen Kanarietako Gobernuaren ordezkaritza tekniko bat Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren egoitzan izan da asteazkenean, maiatzaren 28an, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua (Euskadiko klima ekintzarako proiekturik handiena) zuzenean ezagutzeko. Bisita hori networking ekintza baten parte izan da, eta klima-aldaketara egokitzeko Euskadiren eta Kanarien arteko elkarlana indartzea eta esperientziak partekatzea du helburu.

Jardunaldian Gestión y Planeamiento Territorial y Medioambiental S.A. (Gesplan) enpresa publikoaren ordezkariak ere egon dira, Kanarietako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako, Klima-aldaketaren aurkako Borrokarako eta Lurralde Plangintzarako Kontseilaritzari atxikia baitago. 

Jardunaldiari hasiera emateko, proiektuaren aurkezpen orokor bat egin da. Bertan, proiektuaren helburuak, eta ekintza- eta gobernantza-ildo nagusiak aurkeztu dira, eta baita ZarautzBermeoBilbo edo Bakion egindako lanen adibide zehatzak ere azaldu dira. Lan horiei buruzko bideo argigarriak ere proiektatu dira, eta Euskadiko itsasertza klima-aldaketara egokitzeko garatu diren ikuspegiak ezagutzeko aukera eman diete ordezkariei.

Ondoren, saio tekniko bat egin da, eta Ihobeko taldeak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua egiten, kudeatzen eta koordinatzen izan duen esperientzia partekatu du. 

Arratsaldean, bisitariak Bakiora (Bizkaia) joan dira. Bertan, Amets Jauregizar Baraiazarra alkateak eta udaleko teknikariek ibai-uholdeen eta kostaldeko uholdeen arriskuari aurre egiteko udalerria egokitzeko eta Estepona ibaiaren ingurumen kalitatea hobetzeko planifikatutako ekintza pilotuak aurkeztu dituzte.