"Itsas mailaren igoera da ekaitzen arriskugarritasuna gehien areagotzen duen faktoreetako bat"
2025/5/15
Aritz Abalia AZTIko ikertzaileak alerta goiztiarreko sistema bat garatu du ekaitzek euskal kostaldean izango duten eragina aurreikusteko. Université de Pau et des Pays de l’Adour unibertsitatean defendatu zuen doktore-tesia, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren laguntza izan du.
Euskal kostaldea oso urbanizatua eta askotarikoa da hondartzen tipologiari eta babes-egiturei dagokienez, eta erronka garrantzitsua du kostaldeko uholdeen arriskua ebaluatzeko orduan. Horixe izan da, hain zuzen ere, Aritz Abalia AZTIko ikertzailearen doktore-tesiaren aztergaia, euskal kostaldean uholdeek eskala espazial desberdinetan duten arriskugarritasunaren ebaluazioan oinarritua.
"Ezin da kostalde osoa aztertzeko tresna bakarra erabili, eremu bakoitza desberdina baita: hondartza irekiak, hondartza ahokatuak, portuak, babes-egiturak, etab. daude", azaldu du Abaliak. Zaila zenez kostalde osoan (150 km) zenbakizko eredu konplexuak aplikatzea, ikertzaileak bi faseko estrategia bat aukeratu zuen. Lehenik, arriskua gehien jasaten duten eremuak identifikatu zituen, KOSTASystem bideometriako euskal sarea erabiliz. Sare hori AZTIk erabiltzen du, eta, besteak beste, hondartzek denboraleen aurrean duten portaeraren etengabeko jarraipen zehatza egiteko aukera ematen du.
Uholde-arrisku handieneko eremuak aurkitu ondoren (Zarautz, Itzurun edo Gaztetape), zenbakizko eredu aurreratuak aplikatu ziren alerta-sistema espezifikoak garatzeko. "Sistema zehatza izatea nahi genuen, eta Zarautzen, adibidez, % 86ko asmatzea lortu genuen azterketa-aldian", nabarmendu du ikertzaileak.
Sistemak datu hidrodinamikoak (olatuak eta itsas maila) hondartzaren morfologiari eta kostaldeko babes-egiturei buruzko informazioarekin konbinatzen ditu, eta aukera ematen du ekaitzen inpaktuak aurreratzeko eta kudeaketa-erabakiak errazago hartzeko; adibidez, hondartzako gune agerikoenetarako sarbideak ixtea edo babes-neurriak indartzea/ezartzea. "Ekaitz oso indartsuak gertatzen direnean, hondartzaren formak ez du ia eraginik, baina denborale neurritsuagoetan, morfologia funtsezkoa da alertak doitzeko", azpimarratu du Abaliak.
Gainera, sistema hori tresna baliagarria izan daiteke klima-aldaketak uholdean duen eragina ebaluatzeko, tresna hori aplikatzean itsas mailaren igoera kontuan hartuta. "Hori garrantzitsua da, etorkizuneko agertokien aurrean prestatzen lagun baitezake", adierazi du ikertzaileak.
"Tesiak eta Urban Klima 2050 proiektuak helburu bera dute: kostalde erresilienteagoa eraikitzea klima-aldaketaren aurrean", dio Abaliak. Hurrengo urratsetako bat da alerta-sistema uholde-arriskuko gisa identifikatutako beste hondartza batzuetara transferitzea. Prozesu horrek doikuntza eta balidazio espezifikoak beharko ditu kasu bakoitzerako.

