IPCCk ohartarazi du klima-aldaketak arriskuan jartzen dituela giza ongizatea eta planetaren osasuna

2022/03/01

Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) berriki egindako txostena argia da: «Klima-aldaketa mehatxu bat da giza ongizaterako eta planetaren osasunerako». Otsailaren 28an argitaratutako azterlanak ezer ez egiteak izan ditzakeen ondorioak ere azpimarratzen ditu, eta neurriak hartzeko eskatzen du.

195 herrialdetako adituek parte hartzen duten azterlan horren ondorioen artean, hurrengo bi hamarkadetan, 1,5 ºC-ko berotze globalarekin batera, saihestezinak izango diren hainbat arrisku klimatiko ekarriko dituela nabarmentzen da, eta planetak horiei aurre egin beharko diela. Berotze-maila hori aldi batez gainditzen bada, inpaktu larri gehigarriak sortuko dira, eta horietako batzuk atzeraezinak izango dira. Gizartearentzako arriskuak areagotuko dira, batez ere, garaiera txikiko kostaldeko azpiegitura eta kokalekuetan.

Hori dela eta, txostenak agerian uzten du premiaz hartu behar direla klima-aldaketara egokitzeko asmo handiagoko neurriak eta, aldi berean, berotegi-efektuko gasen emisioak azkar eta nabarmen gutxitu behar direla. Ildo horretan, txostenak zehazten duenez, bero-boladen, lehorteen eta uholdeen gorakadak landareen eta animalien tolerantzia-atalaseak gainditu ditu jada, eta zenbait zuhaitz- eta koral-espezieren galera eragin du samaldan. Gainera, muturreko fenomeno meteorologiko horiek aldi berean gertatzen direla azaltzen du, eta horrek inpaktuak sortzen ditu katean, gero eta zailagoa baita kontrolatzea. Azterlanak zehazten duenez, ondorioek milioika pertsonari eragiten diete, elikadura eta ura izango duten segurtasun falta larri baten eraginpean geratu baitira, batez ere Afrikan, Asian, Erdialdeko eta Hego Amerikan, uharte txikietan eta Artikoan.

Natura babestea eta indartzea

Gainera, IPCCren txostenak ideia berriak eskaintzen ditu naturak klima-arriskuak murrizteko eta pertsonen bizitza hobetzeko eskaintzen dituen aukerei buruz. IPCCko Lantaldeko presidentekide Hans-Otto Pörtner-ek azaldu duenez, ekosistema osasuntsuak erresilienteagoak dira klima-aldaketaren aurrean, eta bizitzarako ezinbestekoak diren zerbitzuak ematen dituzte, hala nola elikagaiak eta ur garbia. Halaber, azpimarratu du ekosistema degradatuak lehengoratuta eta lehorreko, itsasoko eta ur gezako habitatak % 30 eta % 50 bitartean eraginkortasunez eta ekitatez kontserbatuta, gizartea balia daitekeela naturak karbonoa xurgatzeko eta biltzeko duen ahalmenaz eta, halaber, garapen jasangarria lor daitekeela, baina funtsezkoa dela behar den babes finantzarioa eta politikoa izatea.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute gobernuek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak elkarlanean aritzea arriskuak gutxitzeari lehentasuna emateko, bai eta erabakiak hartzerakoan eta inbertsioetan berdintasuna eta justizia lehenesteko ere, Debra Roberts IPCCko II. Lantaldeko presidentekideak azaldu duenez.

Hirien garrantzia: puntu kritikoak eta konponbidearen parte

Munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi dira; horregatik, txostenak dio puntu kritikoak direla klima-aldaketan duten eraginari dagokionez. «Pertsonen osasunari, bizitzari eta bizirauteko baliabideei, funtsezko ondasunak eta azpiegiturak, energia- eta garraio-sistemak barne, gero eta kalte gehiago egiten diete bero-boladek, ekaitzek, lehorteek eta uholdeek eragindako arriskuek, bai eta bilakaera moteleko aldaketek ere, adibidez, itsasoaren mailaren igoerak», zehaztu du.

Baina, bestalde, adituek uste dute hiriek klima-ekintzarako aukerak ere eskaintzen dituztela: eraikin berdeek, ur garbiaren eta energia berriztagarrien hornidura fidagarriak eta hiri- eta landa-eremuak lotzen dituzten garraio-sistema jasangarriek gizarte inklusiboagoa eta justuagoa lortzen lagun dezakete.

Urban Klima 2050, Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena

Life IP Urban Klima 2050, Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena, euskal lurraldea eraldatzen hasi da, 2019-2025eko aldian klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko egingo diren 40 ekintza koordinatuz, eta beste eremu batzuetan aplikatu ahal izango dira. Erakunde bazkide guztien lankidetza eta inplikazioa funtsezkoa da toki-administrazioa ahalduntzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko. Urban Klima 2050 proiektuko liderra Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ihobe sozietate publikoa da. Hogei bat erakunderekin batera lan egiten du hiru esku-hartze mailatan: ibaien arroak, hiri-inguruneak eta kostaldeak. 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta KLIMA 2050 Euskal Autonomia Erkidegoko Klima Aldaketaren Estrategia hirietan benetan hedatzea erraztuko du. Proiektuaren barnean, beste ekintza askoren artean, proiektu pilotuak eramango dira aurrera irtenbide naturalak ezartzeko.