IPCCk dio isurketak erdira murriztu daitezkeela 2030. urtea iritsi baino lehen, orain jarduten hasten bagara

2022/04/07

Klima-aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak (IPCC) dio “orain dela jarduteko unea”. 195 herrialdetako adituen parte-hartzearekin egin duen azken azterlanaren konklusioen arabera, “gero eta ekimen gehiago daude klimaren alde jarduteko”, eta posible da isurketak erdira jaistea 2030erako.

Hala eta guztiz ere, taldeak ohartarazten duenez, ez bada berehala lortzen isurketak sektore guztietan neurri handian murriztea, “ezinezkoa izango da berokuntza globala 1,5 ºC-ra murriztea. Horregatik, IPCCko presidente Hoesung Leek dioenez, "bidegurutze batean gaude. Orain hartzen ditugun erabakiek etorkizun duina bermatu dezakete”.

Apirilaren 4an argitaratutako txostena baikor agertzen da, klimaren aldeko ekintza-ekimenak gero eta ugariagoak direlako: beste alderdi batzuen artean, aipatzen du 2010az geroztik % 85erainoko jaitsiera iraunkorrak antzeman direla energia berriztagarrien kostuetan, edo politika eta lege multzo gero eta zabalago baten bitartez efizientzia energetikoa hobetu dela eta baso-soiltzearen tasek behera egin dutela.

Laburbilduz, IPCCren ‘Klima-aldaketa 2022: klima-aldaketa arintzea” izeneko III. Lantaldeko politiken arduradunek esaten dute sektore guztietan badirela aukerak isurketak hemendik 2030era gutxienez erdira murrizteko. Nolanahi ere, azpimarratzen dute beharrezkoa dela neurri horiek guztiak areagotzea eta aplikatzea.

Aldaketa sektorialak

Berokuntza globala mugatzeari dagokionez, txostenaren konklusioen artean sektore energetikoan ezarri beharreko neurriak daude. IPCCk “trantsizio garrantzitsuez” hitz egiten du, eta horien artean honako hauek sartzen dira: “erregai fosilen erabilera nabarmen murriztea, elektrifikazioa hedatzea, efizientzia energetikoa hobetzea eta hidrogenoaren moduko erregai alternatiboak erabiltzea”.

IPCCren III. Lantaldeko presidentekide Priyadarshi Shuklaren esanetan, “gure bizitzeko estilo eta jokabideak aldatzeko egokiak diren politika, azpiegitura eta teknologiak eskura izanez gero, hemendik 2050era % 40 eta % 70 bitartean murriztu ahal izango ditugu berotegi-efektuko gasen isurketak”.  Esan du, gainera, bizitza-estiloaren aldaketa horiek eragin positiboa dutela pertsonen osasun eta ongizatean.

Neurri horien ezarpenaren xede izan daitekeen beste eremu bat hiriak dira, zeren kontsumo energetikoa murrizteko aukera handiak eskaintzen baitituzte; adibidez: garraioa elektrifikatuz, 0 isurketako eraikinak inplementatuz, edo oinez ibiltzeko hirigune trinkoak sortuz.

Industrian ere bideragarria da isurketak murriztea, eta kontuan hartu behar da sektore horrek isurketa globalen laurdena sortzen duela, gutxi gorabehera. IPCCren arabera, noranzko horretan egin beharreko urratsen artean honako hauek daude: materialak modu efizienteagoan erabiltzea, produktuak berrerabiltzea eta birziklatzea, eta hondakinak minimizatzea.

Halaber, IPCCren arabera, nekazaritzan, basogintzan eta lurraren beste erabilera batzuetan ere eskala handian murriztu daitezke isurketak. Hala eta guztiz ere, txostenak adierazten du “lurrak ezin konpentsatu dezakeela isurketen murrizketa beste sektore batzuetan atzeratzea. Erantzuteko aukerak onuragarriak izan daitezke biodibertsitaterako, klima-aldaketara egokitzen lagundu diezagukete, eta bizirik irauteko baliabideak eta elikagai, ur eta egurraren hornidurak bermatu ditzakete.

Begirada datozen urteetan jarrita

2010-2019 garaian, berotegi-efektuko gasen urteko batez besteko isurketa globalak gizateriaren historiako maila gorenetara iritsi ziren; orain, baina, igoeraren erritmoa moteldu egin da. IPCCk dioenez, berokuntza 1,5 ºC-ra mugatzeko, “berotegi-efektuko isurketa globalak 2025. urtearen aurretik iritsi behar dira euren puntu gorenera, eta beranduenez 2030ean % 43 murriztu behar dira”. Horregatik, aukera bideragarriak, inplementatutako politikak eta oraingo agertokiak animatzeko modukoak izan arren, helburua “orain edo inoiz ez lortu behar da.  Isurketak sektore guztietan berehala eta sakontasunez lortu ezean, hori ezinezkoa izango da".

Urban Klima 2050, Euskadiko klima-ekintzaren proiekturik handiena

LIFE IP Urban Klima 2050, Euskadiko klima-ekintzaren proiektu nagusia, euskal lurraldea eraldatzen hasi da dagoeneko, klima-aldaketa arintzera eta berari egokitzera zuzendutako 40 ekintza koordinatzearen bidez; ekintza horiek 2019-2025 aldian garatuko dira, eta beste arlo batzuetan erreplikatu ahal izango dira. Bazkidetutako instituzio guztien lankidetza eta inplikazioa funtsezkoak dira tokiko administrazioa ahalduntzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helbururako. Urban Klima 2050en liderra Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoa da, eta berarekin batera hogei erakunde inguruk lan egiten dute, hiru esku-hartze mailatan: ibaien arroak, hiriguneak eta kostaldeak. 19,8 milioi euroko aurrekontu batez, KLIMA 2050 – Euskadiko Klima-aldaketaren Estrategiaren hedapen eraginkorra ahalbidetuko du hirietan. Proiektuaren baitan, beste ekintza askoren artean, irtenbide naturalak udal mailan inplementatzeko proiektu pilotuak garatuko dira.