Ingurumen-komunikazioaren VII. eskolan kazetaritzak kontsumo-ohiturak eraldatzeko duen eginkizuna aldarrikatu dute
2025/9/15
Antolatzaileak Ihobe eta APIA izan dira EHUren udako ikastaroen esparruan eta eskola erreferentzia-foro gisa finkatu da. Bertan, klima- eta ingurumen-krisia herritarrei nola helarazi eztabaidatu dute.
Donostian bildu dira energia-trantsizioan kontsumoak duen inpaktua analizatzen duten adituak eta herritarrekin konektatzen duten esperientziak partekatu dituzte eta, horretarako, abiapuntua hurbiltasuna eta emozioa izan dira.
Ihobek eta Ingurumen Informazioaren Kazetarien Elkarteak (APIA) EHUren udako ikastaroen esparruan antolatu dute ingurumen-komunikazioaren eskolaren zazpigarren edizioa. Aurreko ostegunean izan zen Donostian eta eskola erreferentzia-foro gisa finkatu da ingurumen-erronka handiak jakinarazteko moduaren inguruan hausnartzeko
Erakunde-irekieran, Idoia Otaegui, EHUren Udako Ikastaroak Fundazioaren zuzendari akademikoa, Alexander Boto Bastegieta, Ihoberen zuzendari nagusia, eta María García de la Fuente, APIAren presidentea, bat etorri dira eta azpimarratu dute komunikazioaren arloak ezinbesteko eginkizuna duela herritarrei klima-krisia, biodibertsitatearen galera, ekonomia zirkularra edo natura-ondarearen kontserbazioa bezalako gaiak hurbiltzeko.
“Norbanakoen ohiturak gizarte-eskalara biderkatzen ditugunean eraldaketa kolektiboko palanka bihurtzen dira eta ohikoaren eta globalaren arteko lotura ikusgarri egiten duten kontakizunak beharrezkoak ditugu”, esan du Otaeguik. Bere aldetik, Alexander Botok azpimarratu du aurtengo edizioan kontsumoaren, gastronomiaren eta komunikazioaren arteko harremanean zentratu direla: “Kontsumoa da aurre egin behar diogun ingurumen-erronka handiena. Analizatuko dugu nola gure ohiturak ingurumen-inpaktuari lotuta dauden eta beharrezkoa dela herritarrek informazio egiazkoa eta zorrotza izatea erabaki arduratsuak har ditzaten”. García de la Fuentek eskolaren ibilbideaz hitz egin du. Izan ere, 2019tik aurrera biodibertsitatea, energia-trantsizioa edo gazteekiko komunikazioa bezalako gaiak landu dira eta azpimarratu du “kazetaritzak herritarren egunerokotasunean ingurumena presente egotearen erantzukizuna duela”.
Greenwashinga eta herritarrak ahalduntzea
Jardunaldiaren lehen elkarrizketan Europako araudi berriak greenwashingaren aurka duen inpaktuaz hitz egin dute. Bertan parte hartu du José María Fernández Alcalák, Ihoberen ekonomia zirkularraren zuzendariak, eta moderatzailea Euskal Kazetarien Elkartearen presidentea izan da, Amaia Goikoetxea Marques.
Fernández Alcalák ohartarazi du ustez jasangarriak diren produktuen eta zerbitzuen komunikazioan mezu anbiguoak edo engainagarriak hedatzen ari direla eta herritarren konfiantza apaltzen ari dela: “Badirudi dena berdea, ekologikoa edo zirkularra dela, eta horrek efektu kaltegarria sortzen du. Europako zuzentarau berriaren asmoa, hain zuzen ere, kontsumitzaileak ekologia-trantsiziorako ahalduntzea da”.
Araudia 2026 baino lehen txertatu beharko da eta leialak ez diren merkataritza-praktika batzuk debekatuko ditu eta ekoetiketen sistema ofizialak indartuko ditu. Fernández Alcaláren ustetan, erronka izango da herritarrek ingurumenarekiko duten kezka kontsumo jasangarriko benetako ohitura bihurtzea eta jasangarritasunak halabeharrez gainkosturik ez sortzea.
“Gauzak errazak eta eskuragarriak izatea lortu behar dugu. Jasangarritasuna ezin da soilik aberatsentzat izan”, azpimarratu du. Gainera, esan du kazetaritzak ezinbesteko eginkizuna duela “informazio zorrotza modu ulergarrian eta didaktikoan eta alarmismorik gabe” transmititzeko.
Kontsumo kritikoa eta kontsumo arduratsua
Bigarren elkarrizketaren izenburua “Kontsumoa ingurumen-komunikazioaren tresna gisa” izan da eta bertan parte hartu du Laura Villadiego kazetariak, Carro de Combate ikerketa-proiektuaren fundatzaileetako batek. Moderatzailea Jon Egaña izan da, Cadena SER Euskadi albistegien burua.
Villadiegok esan du kontsumoa, bere horretan, tresna politikoa eta lortu nahi dugun sistema ekonomikoari eta sozialari buruzko mezuak helarazteko modu indartsuenetakoa dela. Hala eta guztiz ere, salatu du industriak kontakizun hori bereganatu duela eta erantzukizun guztia kontsumitzaileen gain jarri duela, ekoizle gisa duen erantzukizuna beren gain hartu ordez. Horregatik, Carro de Combaten “kontsumo arduratsuaz” hitz egiten zuten eta orain “kontsumo kritikoa” erabiltzen dute. “Ez dut nahi jendea errudun sentitu dadin; nahi dudana da jendea haserretzea, engainatuak izaten ari garela ikustea. Garrantzitsuena da jakitea zer den kontsumitzen dugunaren atzean dagoena: ekoizpen-prozesuak eta gizarte- eta ingurumen-inpaktuak” nabarmendu du.
Partekatu dituen ideia gakoen artean gailentzen dena da lehenengo aukera gutxiago kontsumitzea izan beharko litzatekeela: “Ezinezkoa da egungo kontsumo-bolumen berbera mantendu nahi izatea, estandar jasangarriekin bada ere. Lur-planetak ez du karga-gaitasun hori”.
Kasu arrakastatsuak: inspiratzeko esperientziak
Ondoren, Begoña Beristain kazetariak beste espazio bat moderatu du. Bertan, erakutsi dute nola ingurumen-komunikazioko proiektu jakin batzuek herritarrekin konektatu dezaketen emozioa eta hurbiltasuna abiapuntutzat hartuta.
Javier Ricok, kazetaria eta ingurumen-hezitzailea, A ver aves proiektua aurkeztu du. Ekimen horren bitartez, hegaztien behaketa ikasleei eta helduei gerturatzen die ohiko hiri-inguruetan. Bere proposamena 2012an sortu zen eta frogatu du biodibertsitatea hurbileko parke eta lorategietan ere presente dagoela eta zuzenean deskubritzeak jakin-nahia eta ingurumen-konpromisoa sortzen dituela. Ricok uste du gakoa dela umeek natura ukitu, entzun eta sentitu dezaketen “liburu ireki” gisa bizitzea. “Ingurumen-hezkuntza ezin da egintza puntual hutsak izan, zeharkakoa eta egunerokoa izan behar da”, hausnartu du.
Bere aldetik, kazetaria eta idazlea den César Javier Palaciosek Catas de Paisajes proiektuan duen esperientzia partekatu du. Bertan, inguru-naturala bost zentzumenekin “dastatzen” saiatzen dira, ardo batez gozatzen den moduan. Palaciosek defendatu du garrantzitsua dela emoziotik komunikatzea eta landarekiko eta tokikoarekiko konexioa berreskuratzea: “Denbora eta jakin-mina falta zaizkigu. Paisaia dastatzea ahaztu dugun horrekin berriro elkartzeko modu bat da”.
Biek ere aipatu dute beharrezkoa dela ingurumen-komunikazio zuzena, hurbilekoa eta emozionala indartzea. Komunikazio hori gai izan behar da informazio-asetasunaren aurka egiteko eta herritarren interesa pizteko egungo klimaren eta biodibertsitatearen krisiaren testuinguruan.
Ekoetiketen tailerra eta bisita Basque Culinary Centerrera
Miramar Jauregiko saioa bukatzeko arratsaldean etiketa ekologikoen inguruko saio praktikoa egin dute telematikoki. Gorane Ibarra Gonzálezek, Ihoberen Europako Etiketa Ekologikoaren arduradunak, tailer horretan azaldu du zer nolako ingurumen-etiketa eta -markatzaileak dauden merkatuan eta tresnak eskaini ditu bereizteko zein zigiluk ematen duten informazio egiazkoa eta zorrotza eta zeintzuek laguntzen dieten herritarrei kontsumo arduratsuko erabakiak hartzen.
Aurrez aurre parte hartu dutenak Basque Culinary Centerrera joan dira bisitan eta bertan zuzenean ezagutu dute erakundean jarraitzen duten jasangarritasun-estrategia; estrategia hori gastronomiaren eta elikaduraren prestakuntzan eta ikerketan zentratzen da.

