Ihobek sektore anitzeko lantalde bat lideratzen du, Euskadin naturan oinarritutako soluzioak bultzatzeko
2025/10/20
Ekimenaren helburua da hiri- eta industria-inguruneak birnaturalizatzea eta lurralde-eredu jasangarriago eta erresilienteago baterantz egitea.
Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak lantalde aitzindari bat eratu du, naturan oinarritutako soluzioak (NBS, ingelesezko siglen arabera) sustatzeko Euskadin. Talde hori balio-kate osoko 40 eragilek baino gehiagok osatzen dute, eta hiru hilabetez aritu da lanean partaidetza-prozesu bizi batean.
Talde horretan dihardute hainbat erakunde eta etxetako ordezkariek: Bilboko, Donostiako, Getxoko eta Legazpiko Udaletako ordezkariek; udalez gaindiko erakunde publikoetakoek (hala nola Bizkaiko Foru Aldundia eta Naturklima); berrikuntza-zentro eta unibertsitatekoek (Tecnalia, BC3 eta EHU, kasurako); elkarte eta klusterretakoek (Aclima eta Bilbao Urban, esaterako); diseinu- eta arkitektura-enpresetakoek (hala nola Krean, AECOM eta Lur Studio); eta NBSaren alorreko enpresa instalatzaileetan jarduten dutenek (Tekura, ZinCo Cubiertas Ajardinadas eta Cementos Hanson-Rezola, adibidez). Parte-hartzaileen aniztasun horrek elkarlanean oinarrituriko ikuspegi integrala bermatzen du, Euskadin naturan oinarritutako soluzioak bultzatzeko.
Diagnostikoa: oztopoak eta aukerak
Lehenengo saioan, naturan oinarritutako soluzioek Euskadin egun duten egoeraren diagnostikoa egin zen. Identifikatutako oztopoen artean, nabarmentzekoak dira diseinu-araudirik eta -irizpiderik eza, inplikatutako eragileek konpromisorik ez izatea eta gaiari buruzko ezagutza eta esperientzia falta. Neurri txikiagoan, eragileek beste oztopo batzuk ere identifikatu dituzte, hala nola erakunde hornitzaile gaituak aurkitzeko zailtasunak, finantzaketa publikoa eskuratzeko mugak, eta oztopo instituzional eta legalak.
Esparru horretan, parte hartu zuten eragileek lurraldean aplikatzeko potentzial handia duten zenbait NBS lehenetsi zituzten; esate baterako, espazio publikoa birnaturalizatzea, ohiko saneamendu-sistemak arintzen dituzten drainatze jasangarriko hiri-sistemak, garraio-azpiegiturak birnaturalizatzea, estalki berdeak edo mistoak, eta ikastetxeetako patioak birnaturalizatzea.
Bigarren saioan, atzemandako oztopoak gainditzeko eta NBSak ezartzeko neurri zehatzak definitu ziren. Hogei ekintza baino gehiago identifikatu ziren, lau arlo handitan banatuta: herritarrak sentsibilizatzea, finantzaketa, diseinu- eta plangintza-irizpideak eta araudia.
Hirugarren saioan, lehenetsitako neurriak aurkeztu eta 500 ekarpen baino gehiago jaso ziren.
Emaitza nabarmenen artean, hauek aipatu behar dira: herritarrak NBSei buruz sentsibilizatzeko beharra, klima-aldaketara egokitzeko tresna gisa; NBSen erakusle integralak bultzatzea, diseinutik abiatuta; espazio publikoa birnaturalizatzeko eta saneamendu-sistemetan drainatze jasangarriko hiri-sistemak erabiltzeko proiektuak ezartzea eta monitorizatzea, sistema horien kostua eta efizientzia modu objektiboan ebaluatu ahal izateko, ohiko sistemekin alderatuta; NBSen alorrean eginiko esku-hartzeak zabaltzea sarbide publikoko plataformetan; NBSen inguruko irizpideak txertatzea egungo araudian; eta drainatze jasangarriko hiri-sistemak instalatzeko laguntza txikiak ematea.
Lantaldeak erabaki du neurrien jarraipena eta emaitzak ebaluatzen segitzea erabaki du, Euskadin naturan oinarrituriko soluzioak bultzatuko dituen lankidetza-sare egonkor bat sendotzeko.
Jasangarritasun-eredu bat etorkizunerako
Parte-hartzaileen % 94k asegarritzat edo oso asegarritzat jo zuen lantaldearen ekimena. Guztiek iritzi zioten garrantzitsua dela lantaldea aktibo mantentzea eta NBSak ezartzen aurrera egiten jarraitzea.
Gaur egun, horrelako 90 proiektu baino gehiago daude EAEko 54 udalerritan, eta, beraz, Euskadi aitzindaria da Europan gai honi dagokionez.

