Ihobek neurtu du bere jarduerak Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei egindako ekarpena , LIFE URBAN KLIMA 2050 bezalako ekimenen bidez
2020/12/18

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa bere jarduerak Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei (GJH) eta 2030 Agendari egiten dien benetako ekarpena neurtzeko diagnostikoa aurkeztu du. Azterlanaren berri eman da Sozietate Publikoaren Administrazio Kontseiluaren bileran, Arantza Tapia sailburua buru dela. Bilera horretan, gainera, 2024 Plan Estrategiko berriaren eta IHOBEren 2021 Kudeaketa Planaren aurrerapena aurkeztu da.
Ondorio nagusien artean, txostenak erakusten du Ihobe inpaktu positiboa lortzen ari dela bere jarduerarekin, gizarte, ekonomia eta ingurumen mailan. Horrek, ingurumen-arloko GJHei zuzenean laguntzeaz gain, nabarmen laguntzen die beste GJH batzuei ere.
Klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ekimenen artean, Ihobek gidatutako Life Urban Klima 2050 proiektu europarra nabarmentzen da; 19,8 milioi euroko aurrekontuarekin, 40 ekintza abiaraziko ditu kostaldeko eremuetan, ibaien arroan eta hiriguneetan.
Garapen Jasangarriaren hamazazpi Helburuetako askok ingurumen-alderdi handia dute, zuzenean nahiz zeharka. Izan ere, batzuk Ihoberen jardueraren funtsezko parte diren helburuak dira: 9. GJHa industriarekin eta ekoberrikuntzarekin lotuta dago; 11. GJHa hiri eta komunitate jasangarriekin; 13. GJHa klima-ekintzarekin; 15. GJHa lurreko ekosistemen kontserbazioarekin eta bertako baliabideen erabilera jasangarriarekin; edo 17. GJHa aliantzekin.
Hemen kokatuko lirateke sozietate publikoak ekoberrikuntza- eta ekodiseinu-programen bidez egiten duen lan guztia; Udalsarea-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea 2030eko idazkaritza teknikoa; naturan oinarritutako konponbideak eta natura-ondarea babestekoak garatzeko bultzada; eta nazioarteko sareetako parte-hartze aktiboa (Under2 Coalition, The Climate Group, Regions4…).
Baina, gainera, azterlanak agerian utzi du Ihobek ekarpen handia egin diela beste helburu batzuei, hala nola ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzko 12. GJHari; osasunari eta ongizateari buruzko 3. GJHari; eta bakeari, justiziari eta erakunde sendoei buruzko 16. GJHari. Horiek dira, ordena horretan, Ihobek ekarpen handiena egiten dien helburuak, lehen aipatutako ingurumen-izaerakoekin batera.
Erosketa eta kontratazio publiko berdearen programa, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak, lurzoru kutsatuetan eta ingurumen-azpiegituretan egindako ekarpena eta Eusko Jaurlaritzari parte-hartze publikoko prozesuetan eta ingurumen-plangintza diseinatzen laguntzea dira bloke honetan nabarmentzen diren jarduketetako batzuk.