Ihobek eta EEEk Urban Klima 2050en aurrerapenak berrikusi dituzte

2023/12/11

LIFE IP Urban Klima 2050ek, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handienak, bide erdia ibili du dagoeneko, eta hiru urte baino gehiagotan lortutako aurrerapenak berrikusteko, Ihobe (proiektuaren buru gisa) eta EEE (bazkide gisa) Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoak lan-saio batean bildu zituen.

Bilera azaroaren 24an egin zen eta bertan, Malake Muñoz Cachón Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduradunak, proiektuaren helburuak eta aurrerapenak aurkeztu zizkien EEEko langileei.

Urban Klima 2050en helburuek trantsizio energetikoa eta klimatikoa bultzatzen dute, Euskal Herrian erresilientzia lortzeko. Martxan jarritako ekintzen artean, adibidez, lurraldearen erresilientzia hobetzeko hiri-inguruetako azpiegitura berdetan egindako lanak zehaztu zituen. Esaterako, Bermeoko Tonpoi eremuko berreskurapena, Basaldeko (Gasteiz) nekazaritza ekologikoaren sustapena eta Artikutzako (Donostia) birnaturalizazioa.

Gainera, energia berriztagarriak ezartzeko ekintzak eta arro hidrografikoetako proiektu pilotuak ere azaldu zituen. Azken horien artean, ekintza hauek azaldu zituen: Bakion uholdeak saihesteko eta Estepona ibaiaren ingurumena hobetzeko egindako ekintzak, Donostiako Errekatxulo errekaren birnaturalizazioa eta Baia ibaiaren (Araba) goi-arroa hornitzeko aukeren azterketa. Donostiako, Zarauzko edo Ondarroako portuko itsasertza egokitzeko ekintzei buruz ere hitz egin zen.

Halaber, klima-aldaketaren arloan herritarrak ahalduntzeko ekintzak nabarmendu ziren, hau da, herritarrak erronka horretan inplikatzeko egindako hainbat jarduera ludiko eta informatiboak. Udaletako ekintza klimatikoa bultzatzeko jarduerak ere azpimarratu ziren, eta horretarako, Ihobek, Udalsarea 2030ek eta EEEk berariazko estrategia bat diseinatu dute. Azkenik, klima-gobernantza errazteko eta klima-aldaketa behatu eta monitorizatzeko egiturak sortzeko jarduerak ere azaldu ziren.