Ihobek eta EEEk programa bat jarri dute abian tokiko administrazioan klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko teknikariak kontratatzeko

2022/10/25

Udalerriek, mankomunitateek, foru aldundiek eta EAEko tokiko administrazioaren mendeko erakundeek dagoeneko egin dezakete eskaera programa honetan. Bertan klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko 30 teknikariren kontratazioa burutuko da. Ekimen honen bidez, bi helburu lortu nahi dira: batetik, tokiko administrazioei klima- eta energia-planak garatzen laguntzea, beren behar zehatzetara egokituta, beren jardun-eremuetan ingurumen-jasangarritasuna hobetzeko aukera izan dezaten, finantzatutako kontratazioaren bidez. Eta, bestetik, talentu gazteak toki-administrazioan sartzea eta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan prestatzea.

Hautagaiek gradu edo master titulazioa izan beharko dute ingurumen zientzietan, kimikan, fisikan, ingeniaritzan, geologian, biologian, ekonomian edo horiei lotutako titulazioetan, eta euskara aurreratuko maila (B2) egiaztatu beharko dute. Halaber, tokiko administrazioek adierazi beharko dute klima eta energia udal planik dagoen, Alkatetza Itunaren esparruan edo beste edozein arlotan, erakundeak udal eraikin eta instalazioetan jasangarritasun energetikoko planik duen, udal mugikortasuneko planik dagoen, kontratatutako gaztea sartuko den udal antolaketaren edo arloaren deskribapena eta kontratazioaren helburuen zehaztapena. 

Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 8ra arte dago zabalik, eta, aldez aurretik, zalantzak argitzeko informazio aldi bat prestatu da. Horretan, EEEk eta Ihobek gai teknikoak, jarduera eremuak eta egin beharreko zereginak ebatziko dituzte. Programan parte hartu nahi duten tokiko administrazioek beren interesa adierazi behar dute, Novia Salcedo Fundazioaren webgunean dagoen formularioa betez. Azaroaren 1etik aurrera, astebetez, horrelako kontratazioetan interesa duten erakundeek Lanbiden aurkeztu beharko dituzte memoriak, onar ditzaten. 

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako programa NextGenerationEU – Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan finantzatuko da, praktika modalitatean, lan eta soldata kostuak bere gain hartuz, Gizarte Segurantzako kotizazioa barne; 4tik 1era arteko kotizazio taldeentzako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 32.108.92 eurokoa izango da, eta norbera babesteko ekipamenduena, 553,60 eurokoa urtean, 4tik 1era arteko kotizazio taldeetako pertsona kontratatuentzat. Programaren oinarrien arabera, kontratuaren kostuak balio horiek gainditzen baditu, erakunde kontratatzaileek finantzatu beharko dituzte gainetiko zenbatekoak. 

Erreminta-Gida

Klima aldaketaren eta energia trantsizioaren lehen esperientzia profesionalerako programa ‘Erreminta-Gida’ dokumentuan jasota dago, tokiko administrazioen laguntzarako zerbitzuen gutunean. Dokumentua aurki aurkeztuko da eskualdeetara egingo den bisita sorta batean, eta lehentasunezko bi helburu ditu. Alde batetik, Euskadiko tokiko administrazioei energia eta klima trantsizioari lotutako jardueretan laguntzeko proiektu bat diseinatzea eta gauzatzea, oinarritzat hartuta gaitasunak sortzea, euskarri teknikoa, laguntzak eta errekonozimendua, eta eremu horretan eskuragarri dauden baliabideen erabilera maximizatzen lagunduko duten tresna eta zerbitzuez hornituko du. Eta, bestetik, Erreminta-Gidak Euskadiko udalerri eta eskualdeetarako ibilbide orri bat ezartzen du, zeinean energiaren eta klimaren arloko politikak hartzen laguntzen baita, tokiko erakundeek arlo horretan duten konpromisoa eta lidergoa ikusarazteko. 

EEEk eta Ihobek antolatuta, eta Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sareari atxikitako erakundeen bidez hedatuta, zerbitzuen katalogoaren tokiko aurkezpenen erronda azaroaren 3an hasiko da, aurrez aurre, Zornotzako Zelaieta zentroan, 9:30ean.

Informazio gehiago: Oinarriak GAZTE ENPLEGUA KLIMA ALDAKETAN ETA ENERGIA TRANTSIZIOAN TOKIKO ADMINISTRAZIOAN