Ihobek babesa eman dio klima aldaketaren eta energia trantsizioaren terminologian espezializatutako hiztegi bat sortzeari, euskarazko erabilera sustatzeko

2025/01/24

Baliabide berritzaile hori Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren esparruan aurkeztu da.

UZEIk sustatutako proiektua AZTI, BC3, Ihobe, Naturklima eta Kutxa Fundazioa entitateen arteko lankidetzari esker gauzatu da.

Urtarrilaren 26an izango den Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren esparruan, Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa hiztegi berria aurkeztu da. Baliabide berritzaile hau lagungarria izango da klima-aldaketarekin eta trantsizio ekologikoarekin lotutako eremuetan euskaraz jarduten duten eragileen lanerako.

UZEIk sustatutako proiektua AZTI, BC3, Ihobe, Naturklima eta Kutxa Fundazioa entitateen arteko lankidetzaren emaitza da.

Klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren gaia zabala eta zeharkakoa da, eta askotariko diziplinetako terminoak hartzen ditu barne. Gero eta kontzeptu berezi gehiago sortzen dira esparru horretan, baina horietako asko oraindik ez dira jaso erreferentziazko datu-base eta hiztegi terminologikoetan.

Tresna berri horren xede nagusia da klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren inguruan lan egiten duten eragile eta erakundeek behar duten euskarazko hiztegi espezializatua bildu eta bateratzea. Horren guztiaren emaitza Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa hiztegia da: gai horretako terminologia sendotzen duen baliabide bat, zeinak, halaber, euskararen erabilera sustatu eta haren transmisioa bermatzen baitu eremu horietan.

Hiztegiak 228 fitxa terminologiko ditu, bakoitza kontzeptu jakin bati buruzkoa. Fitxa horien bidez, proposatutako euskarazko termino baliokideak aurkezten dira, bai eta gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dagozkienak ere; hala, erabiltzaileak bilaketak egin ditzake hizkuntza horietatik abiatuta. Gainera, fitxa bakoitzean dagokion kontzeptuaren definizio bat jasotzen da.

Kontsulta errazagoa izan dadin, fitxa terminologikoak gaika antolatuta daude: Klima eta Klima Aldaketa; Klima Ekintza; Arintzea; Egokitzea; Bidezko Trantsizioa; eta erreferentziazko akordioak, testuak eta erakundeak.

Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa hiztegia prestatzeko orduan, UZEI – Terminologia eta Lexikografia Zentroaren kalitate estandarrak bete dira, bai eta euskararen arloko agintaritza linguistikoen arau eta gomendioak ere.