Ihobe-k Klimametraje jarri du abian, klima-aldaketari buruzko film laburren gazteentzako lehiaketa

2022/10/03

Lehiaketaren lehen edizioak bi helburu ditu: herritarrak klima-aldaketaren eraginen gainean sentsibilizatzea eta euskal gazteek krisi klimatikoari buruz duten ikuspegia ezagutaraztea. Deialdia dagoeneko zabalik dago eta azaroaren 18ra arte luzatuko da 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobe-k, eman dio hasiera Klimametraje ekimenari, klima-aldaketari buruzko film laburren gazteentzako lehen lehiaketari. EAEn bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat da deialdia, eta, haren begiradaren bidez, klima-aldaketak Euskadin izango duen eragina gehienez 90 segundotan biltzen duten ideia sortzaileak biltzea du helburu.

Lehiaketa ASTEKLIMA Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen barruan kokatzen da, irailaren 23an hasi zena, eta film laburrak aurkezteko epea azaroaren 18ra artekoa da.  Jarraibide guztiak eta inskripzioa egiteko modua hemen kontsultatu daitezke. 

Parte-hartzaileek bi kategoriatan aurkez dezakete beren lana: lehenengoan, klima-aldaketak Euskadin dituen eraginak erakutsi beharko dituzte, eta bigarrenean, berriz, lurraldean ekintza klimatikoa bultzatzeko ekimenak edo tresnak proposatu eta konponbideak eman beharko dituzte. Bietan, film laburren gutxieneko iraupena 30 segundokoa izango da eta gehienez 90 segundokoa.

Parte-hartzaile bakoitzak bi film labur aurkez ditzake, baina bat bakarrik kategoria bakoitzeko. Epaimahai batek baloratuko ditu horiek guztiak, ikus-entzunezkoen sektoreko eta ingurumenaren sektoreko eta, bereziki, klima-aldaketan inplikazio handia duten adituek osatua. 

Aurkeztutako lanen artean bi saridun aukeratuko dira, bat kategoria bakoitzeko, eta bizikleta elektriko bat jasoko dute sari gisa. Halaber, bi aintzatespen emango dira –bat kontzientziatzeko gaitasunari, eta bestea, herritarrak mobilizatzeko gaitasunari–, eta landa-turismoko asteburu bat emango da sari gisa Europako etiketa ekologikoarekin egiaztatutako Euskal Autonomia Erkidegoko ostatu batean.