“Hiriak birnaturalizatzea funtsezkoa da, eta horretarako zuhaitzak dudarik gabe oso garrantzitsuak dira”

2026/6/29

Urban Klima 2050 ekimenak Radio Vitorian azaldu du hiriak bero boladetara nola egokitu daitezkeen, eta proiektuaren barruan Gasteizen egiten ari diren ekintzak nabarmendu ditu. 

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren ordezkari bat Radio Vitoriako Gaur 1 programan egon da. Bertan, hiriak klima-aldaketara eta gero eta ugariagoak diren muturreko beroaldietara nola egokitu daitezkeen aztertu du. Elkarrizketan, Iñigo Urrutikoetxea Álvarez Ihobeko klima-ekintzako teknikariak azpimarratu du hiriak egokitzeko azpiegitura berdea indartu behar dela, eta espazioak eraldatu behar direla, bizitzeko egokiagoak izan daitezen. 

Elkarrizketan zehar, Gasteizen abiapuntua nabarmendu du, eta “beste hiri batzuk baino askoz hobeto prestatuta dagoela” esan du, nahiz eta klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko oraindik “bide luzea duen aurretik”. 

“Bero-uharte” efektua azaldu du: asfaltoa edo hormigoia bezalako gainazalek egunez beroa xurgatu egiten dute, eta ondoren askatu egiten dute, gauez ere tenperatura altuak mantenduz. Fenomeno horren aurrean, landarediaren zeregina nabarmendu du Urrutikoetxeak: “Landaretza duten azalek ez dute bero hori atxikitzen, transpiratu egiten dute eta hiriko tenperatura jaisten laguntzen dute”. 

Horregatik, bereziki nabarmendu nahi izan du hiriko zuhaitzek duten garrantzia: “Hiriak birnaturalizatzea funtsezkoa da, eta horretarako zuhaitzak dudarik gabe oso garrantzitsuak dira”. Azaldu duenez, 10 graduko tenperatura ezberdintasuna egon daiteke zuhaitzez betetako kaleen eta landarerik gabeko lekuen artean. 

Naturan oinarritutako konponbideak hiriko beroa jaisteko 

Urban Klima 2050 proiektuan, naturan oinarritutako konponbideak aplikatzen ari dira hiri-inguruneen erresilientzia hobetzeko. Gasteizen, bereziki, zenbait ekintza pilotu egiten ari dira. 

Horien artean, Erdi Aroko Hirigunearen birnaturalizazioa nabarmentzen da; hiri-dentsitate handiko ingurune horretan, soluzio berdeak erabiltzen ari dira erosotasun termikoa hobetzeko. Halaber, Jundiz/Mendebaldea inguruan korridore berde bat egiten ari dira, eremu narriatuak berreskuratzeko eta industrialdeko ekosistemak lotzeko. 

Beste alde batetik, Basaldea proiektua dugu, hurbileko nekazaritza sustatzeko eta hiri-inguruko azpiegitura berdea indartzeko. Baita eskola-patioak naturalizatzeko lanak ere; leku horiek bereziki garrantzitsuak dira biztanleria kaltebera hartzen dutelako, kasu honetan, haurrak. 

RADIO VITORIA - GAUR 1 La gran ventana de la actualidad 24/06/2026