“Hiriak berdatzeak bero-boladen aurka laguntzen du eta pertsonen osasuna hobetzen du"
2024/05/10
Tecnaliak hiri-guneak naturalizatzeak dakartzan onura psikosozialak aztertzeko proiektua egiten ari da Urban Klima 2050 ekintzaren barne, eta Malake Muñoz Cachónek, Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak, proiektuari buruz hitz egin du SER kateko ‘A vivir Euskadi’ programan.
SER kateko “A vivir Euskadi” programak atal bat eskaini die EAEko hiru hiriburuetako 245 klima-babeslekuei. Babesleku horiek talde kalteberentzat eta baliabide gutxien dituzten pertsonentzat egokiak dira, eta bero-boladetan tenperaturak arintzeko helburua dute.
Malake Muñoz Cachón Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak programan parte hartu du, hirietan gune horiek izateak dituen onurak azaltzeko. Zehazki, Muñozek Tecnaliak LIFE IP Urban Klima 2050en esparruan garatutako proiektuari buruz hitz egin du, hiri-eremuak naturalizatzeak dituen onura psikosozialak aztertzeko.
Bere hitzaldian, klima-babeslekuak klima-aldaketara egokitzeko bidean aurrera egiteko eraginkorrak direla nabarmendu du Muñozek. “Tenperaturak oso altuak direla badakigu, beraz, pertsonak tenperatura altuetatik babesteko egokitu behar ditugu gure hiriak eta herriak”. Horretarako, hiriak berdatzea konponbide ona dela esan du, lehendik dauden espazioak aprobetxatuz, eta baita “hiri-orbana ez zabaltzea”. Espazio horietako batzuk parkeak edo eskola-patioak dira: orain “hormigoi hutsa” dira, eta azpimarratu duenez, “landaretza jar daiteke horietan, ez bakarrik tenperatura jaisteko, baita pertsonen osasun fisikoa eta mentala hobetzeko ere”.
Ondorioa argia da: “Landaredia hirietara eramaten dugunean, tenperatura jaitsi egiten dugu, eta, gainera, beste onura ugari sortzen ditugu: biodibertsitate handiagoa, erosotasun akustikoa, karbono gutxiago... Azkenean, gauza asko dira, eta horiek gure hiria eta ongizatea hobetzen lagunduko digute”, esan du.