Herritarrak klima-aldaketan ahalduntzeko ekintza-planak aurkeztu ditu Urban Klima 2050ek Adaptation Futures 2023an

2023/10/16

Proiektuak baterako sorkuntzako ekimenak azaldu ditu ‘paper birtual’ baten bidez, Montrealen (Kanada) egindako munduko klima-aldaketara egokitzeko konferentzia garrantzitsuenean.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak klima-aldaketaren arloan herritarrak ahalduntzeko ekintza-planak aurkeztu ditu Adaptation Futures 2023 munduko klima-aldaketara egokitzeko konferentzia garrantzitsuenean. Topaketa urriaren 2tik 6ra izan da Montrealen (Kanada), eta bertan, klima-aldaketan eta egokitzapenean adituak diren mundu osoko 1.500 pertsona baino gehiago bildu dira.

Aurkezpena birtualki egin da, eta bertan Urban Klima 2050ek ‘Herritarrak klima-aldaketan ahalduntzeko ekintza-planen baterako sorkuntza’ lanaren ondorio nagusiak azaldu ditu. Azterlan horren helburu nagusia jendea ekintzara pasatzen lagunduko duen testuinguru estrategikoa sortzea da.

Horretarako, Urban Klima 2050 taldeak euskal herritarren profilak kontuan hartzen dituen lan-metodologia garatu du, klima-aldaketari buruzko pertzepzioari eta kezkari dagokienez. Lehenengo fase horretan, euskal gizartea sailkatu egin da haien ingurumen-portaeretan eragina duten testuinguruko, gizarteko eta bakoitzaren baldintzen arabera; izan ere, azterketaren arabera, funtsezkoa da ohitura-aldaketa bultzatzen duten estrategiak eta ekintzak pertsonen baldintza eta errealitate partikularretara egokitzea.

Gainera, ahalduntzeko ekintzak eraginkorrak izan daitezen, pertsonek beren errutinak aldatzea eragozten edo zailtzen duten oztopoak gainditzeko ere lagundu behar dute. Aurkitutako oztopoen artean, hauek nabarmentzen dira: klima-aldaketari buruzko ezagutza mugatua, arrazoi ideologikoak, beste pertsona batzuekin konparatzea, ekintza horien hautemandako kostua, mesfidantza eta ukapena, hautemandako arriskua, edo aldaketa txikiak besterik egitean datzan portaera mugatua.

Egindako azterketaren ondorioz, metodologiak ekintzarako 6 ildo estrategiko ezartzen ditu herritarren ahalduntzea lortzeko:

  1. Herritarrei modu objektibo eta egiazkoan azaltzea klimaren egoera zein den, eta haren zergatiak eta ondorioak.
  2. Ekintza klimatikoak jakinaraztea eta ikusaraztea, zehazki eta herritarrak inplikatzeko asmoz.
  3. Klima-ekintzak duten garrantziaz sentsibilizatzea.
  4. Jarrera kritikoa eta ohiturak aldatzea sustatzen dituzten balioak eta ezagutzak partekatuz heztea.
  5. Ekintza klimatikoari buruzko erabakietan herritarren parte-hartzea sustatzea.
  6. Testuingurua aldatzea, banakako edo taldeko ekintza klimatikoa errazteko. 

Ondorioak

Lanak agerian utzi du hizkuntza teknikoegia erabiltzea, ekimen kopuru handia izatea eta gazteekin edo herritarren kezkekin lotzeko ezintasuna oztopo direla herritarrak ahalduntzeko. Aitzitik, mezu argiak eta zuzenak erabiltzea; klima-aldaketa aukera gisa aurkeztea eta hurbilekoa, pertsonala eta presakoa egitea; pizgarri ekonomikoak eta konparazio soziala erabiltzea; eta aldatzeko aukera handiagoa duten profiletan ahalegin berezia egitea dira euskal herritarrak mobiliza ditzaketen eragileetako batzuk.