Gipuzkoak azpiegitura berde sarea bultzatzen du, konektagarritasun ekologikoa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko
2025/4/8
Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumena lehengoratzeko ekintzak egin ditu lurraldeko bost lekutan, guztira 21,7 hektareako hedadurarekin.
Lan horiek LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko “Hiri- eta landa-konexioa eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea” ekintzaren parte dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak azpiegitura berdeak duen garrantzia ezagutzen du, eta horregatik Europako Urban Klima 2050 proiektu barruan azpiegitura berde sare bat zehaztea proposatu zuen, eta baita, sarearen funtzionaltasun ekologikoa handitzeko zenbait guneak lehengoratzea. Hasiera batean ideia hori Debabarrena ingururako proposatu bazen ere, azkenean Gipuzkoa osoan garatu da.
Lurraldearen funtzionaltasun ekologikoa eta elkarrekin konektatu behar diren eremuak zehaztu ondoren, gune horien arteko loturak definitu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko Azpiegitura Sarea eskualde- eta udal-mailan zabaltzeko, eta interes handieneko eremuen artean loturak ezartzeko. Prozesu horretan aukeratu ziren 103 gunei Funtzionaltasun Ekologikorako Intereseko Guneak (FEIG) deitu zaie, eta horiek guztiek osatzen dute Gipuzkoako Azpiegitura Berde Sarea.
Gipuzkoako Azpiegitura Berde Sarearen proposamena zehazteaz gain, 5 leku leheneratzeko lanak ere egin dira, 21,704 hektareako azaleran. Ekintza horien bidez, besteak beste, baso autoktonoa, espezie inbaditzaileen deuseztapena, lurzoruaren babesa eta klima-aldaketaren aurkako borroka bultzatu dira.
Muskiritzu mendilerroa (Soraluze)
Soraluzeko Muskiritzu mendilerroaren hegoaldeko isurialdean, Gipuzkoako Azpiegitura Berde Sare barru dauden hiru basoko lursail lehengoratu dira. 2,88 hektareako lursail horietan egurra ekoizten zen (Larix sp. eta Pinus radiata), 2020-2021ean zuhaitzak moztu ziren arte.
Bertan, 1.880 zuhaitz autoktono landatu dira, pagadiaren eta hariztiaren/baso mistoaren bereizgarriak, zehazki: Fagus sylvatica, Quercus robur eta Fraxinus excelsior espezie nagusi gisa, eta Betula pubescens, Tilia sp., Acer campestre, Prunus avium eta sorbus aucuparia espezie osagarri gisa.
Santa Katalina (Deba)
Santa Katalinako lurretan, alde batetik Santa Katalina baseliza dago, Done Jakue Bidearen ondare eraikiaren parte dena. Bestalde, lur horietan GR-121 (Done Jakue Bidearen atal bat) eta behi ustiapen estentsibo bat ere badaude.
Bertan egindako ekintzen helburuak hauek izan dira: erabilera didaktikoa eta aisialdikoa abeltzaintza estentsiboarekin bateragarri egitea; azpiegitura berde sarearen funtzionaltasun eta multifuntzionaltasun ekologikoa zabaltzea eta hobetzea; gaur egun espezie aloktonoak edo landaredi-serie degradatuak dauden lursailetan baso autoktonoa bultzatzea, eta malda handiko mendi-hegaletako lurzorua babestea.
Horretarako, GR-121 bidea egokitu eta hobetu da, espezie inbaditzaileak kendu dira (Robinia pseudoacacia esaterako) eta bertako 1.974 zuhaitz (Malus sylvestris, Betula pendula eta Quercus robur, besteak beste) eta zuhaixkak (Prunus spinosa, Ilex aquifolium, Cornus sanguínea...) landatu dira.
Muskiritzu mendilerroa (Soraluze). Bigarren ekintza
Soraluzeko Muskiritzu mendilerroaren hegoaldeko isurialdean, Gipuzkoako Azpiegitura Berde Sare ondoan dauden bi baso-lursail lehengoratu dira. Lursail horietan egurra ekoizten zen, eta zuhaitzak moztu ondoren, ez zen lehengoratze-jarduerarik egin.
Birnaturalizazio-lanen helburua tokiko landaredia duen baso mistoa lortzen laguntzea izan da. Horri esker, habitat naturalen azalera handitu izan da Azpiegitura Berde Sarearen barruan eta inguruan, eta malda handiko mendi-hegaletan lurzorua babestuz klima-aldaketaren ondorioen aurrean lurraldea egokitzeko eta erresilienteago bihurtzeko lagundu da.
Basoa berritzeko pagadiko eta hariztiko/baso mistoko espezie bereizgarrietako 3.773 landare landatu dira: Pagoa (Fagus sylvatica), Haritza (Quercus robur) eta Lizarra (Fraxinus excelsior) dira espezie nagusiak, eta Urkia (Betula pubescens), Ezkia (Tilia sp.), Astigarra (Acer campestre), Basa-gereziondoa (Prunus avium), Gurbeondoa (Sorbus aucuparia), Gorostia (Ilex aquifolium) eta Elorri zuria (Crataegus monogyna) espezie osagarriak dira.
Aizkorri-Aratz parke naturala (Zegama)
2020ko apirilaren hasieran, 3 Ha inguruko lur-mugimendua gertatu zen Aizkorri mendilerroaren iparraldeko hegalean, Zegamako udalerrian.
Basoberritze-lanen bidez, epe ertain eta luzera, luiziak eragindako kalteak minimizatu nahi dira, eta lurra egonkortzen lagundu, basoa ezartzeko prozesu ekologikoa azkartuz. Horrela, gainera PR GI-70 pistatik igarotzen diren pertsonentzako arriskua murriztuko da ere eta paisaiaren gaineko eragina txikituko da.
Baso-berritzean erabilitako espezieak pagadiko eta hariztiko-baso mistoko espezie bereizgarriak izan dira, zehazki: Pagoa (Fagus sylvatica), Haritza (Quercus robur) eta Urkia (Betural alba) espezie nagusiak, eta Hurritza (Corylus avellana), Sahatsa (Salix sp) eta Elorri zuria (Crataegus monogyna) espezie osagarriak.
Arrola aldea (Antzuola)
2016an moztu zen lur zati bat basotu da, Gipuzkoako Azpiegitura Berde Sarerako proposatutako guneetako batean, Antzuolan.
Baso-berritzea pagadiko eta hariztiko/baso mistoko espezie bereizgarri bidez egin da, zehazki: Haritza (Quercus petraea), Lizarra (Fraxinus excelsior) eta Haltz beltza (Alnus glutinosa) espezie nagusiak, eta Urkia (Betula pubescens), Gorostia (Ilex aquifolium), Hagina (Taxus baccata) eta Elorri zuria (Crataegus monogyna) espezie osagarriak.

