Gernika-Lumoko Udalak deia egin die herritarrei muturreko beroari aurre egiteko babeslekuak aukeratzeko
2025/10/3
Pasa den astelehenean, irailaren 30ean, udalerriko Klima-babeslekuen sareari forma emateko lehen informazio-bilera egin zen udalean.
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko Klima-babeslekuen sarea diseinatzeko prozesua jarri du martxan herritarren artean. Ekimenaren helburua herritarrekin batera espazio freskoak eta irisgarriak zehaztea da, klima aldaketaren ondorioz gero eta ugariagoak diren muturreko bero egunetan babestuta egoteko. Proposamenak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren euskal lurraldearen erresilientzia lortzeko helburuari erantzuten dio, eta C.7.1. Herritarrekin ekintza klimatikorako bidean ekintzaren barruan kokatzen da, herritarrei informazioa emateko eta gai horretaz ardura daitezen.
Lehenengo bilera joan den astelehenean egin zen, irailaren 30ean, eta bertan, ekintzaren xehetasunak eta Udalak egindako babeslekuen lehen zerrenda aurkeztu zen. Hurrengo bileretan auzokideek gune berriak proposatuko dituzte, babesleku horiek herritarren benetako beharrei erantzungo dietela bermatzeko, eta horrela, klima-aldaketaren aurrean udalerri prestatuago eta erresilienteagoa eraikitzeko.
Klima-babeslekuak barruan eta kanpoan egongo dira: parkeak, berdeguneak, udal-eraikinak, elizak, museoak edo beste leku publikoak. Eta erosotasun termikoa, doako sarbidea eta pertsona guztientzako erabilera-berdintasuna izango dute. Helburua bereziki kolektibo ahulenak babestea da – nagusiak, umeak edo osasun-arazoak dituzten pertsonak – bero-boladen ondorio kaltegarrien aurka, besteak beste, bero-kolpeak, akidura, zorabioak edo deshidratazioa.
Euskadin 300 klima-babesleku baino gehiago daude
Euskadiko 300 gune publiko baino gehiago badira klima-babeslekuak; lurralde osoan zehar banatuta daude, eta Ihobek (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sozietate Publikoa) egindako mapan agertzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatu du ekintza, Ihobe sozietatearen bitartez, gero eta handiagoa den beharraren ondorioz: hiriak eta herriak klima-erronka berrietara egokitzea. Azken urteotan, Euskadin gora egin dute bero-boladen maiztasunak eta intentsitateak, eta joera horrek bere horretan jarraituko duela ematen du. Errealitate horri aurre egiteko, funtsezkoa da ondo antolatuta dagoen klima-babesleku sarea izatea.
Espazio horiek irizpide tekniko zehatzak bete behar dituzte: herritarrentzako irekita egon behar dira, beroa arintzen duten elementu naturalak edo artifizialak eduki behar dituzte, hala nola landaretza edo aireztapen naturala, eta sarrera segurua izan behar da. Bi mota handitan sailkatzen dira: aire zabaleko espazioak, hala nola zuhaitz ugari dituzten parkeak edo hiriko berdeguneak, eta barruko espazioak, hala nola gizarte-etxeak, liburutegiak edo museoak.

