Gasteizko Udalak basafaunarentzako babeslekuak jarri ditu Aberasturin eta Bolivarren
2023/05/29
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, agrobiodibertsitatea elikadurarako eta nekazaritzarako zuzenean edo zeharka erabiltzen diren animalia, landare eta mikroorganismoen barietatea eta aldakortasuna da, laborantzan erabiltzen ez diren espezieen aniztasuna barne (hala nola, lurzoruko mikroorganismoak, harrapariak eta polinizatzaileak, eta nekazaritzako ekosistemen kontserbazioa ahalbidetzen dutenak). Agrobiodibertsitateak, beraz, funtsezko zeregina du herritarren elikadura-segurtasunean, lehen sektoreko jarduerari eustean eta lurzoruaren ugalkortasuna eta osasungarritasuna areagotzean.
Ingurumenaren, baliabide genetikoen eta denboran zeharreko kudeaketa eta erabileraren arteko elkarrekintzaren emaitza da agrobiodibertsitatea. Ildo horretan, Vitoria-Gasteizko Udalerriko Biodibertsitatea Kontserbatzeko Estrategian aitortu da gure agrosistemetako berezko biodibertsitatea pobretu egin dela nekazaritza intentsiborako sustatutako maneiuen ondorioz. Horren eragile izan dira, hain zuzen, herbiziden eta beste produktu fitosanitario batzuen erabilera, garapen-zikloen laburtzea, laborantza-barietateen homogeneizazioa, nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileren disoziazioa edo lurzoruko materia organikoaren edukiaren galera.
Arazo horri aurre egiteko, Estrategiak zenbait ekintza proposatu ditu nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera hobeto antolatzeko eta sustatzeko, biodibertsitatea behar bezala zainduta. Ildo beretik doa, baita ere, Udalaren partaidetza duen LIFE IP Urban Klima 2050 (LIFE 18 IPC 0000001) proiektua.
Joan den neguaren amaieran, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitatearekin lankidetzan, ildo horretan doazen zenbait jarduera egin ziren Aberasturi eta Bolibar herrietan nekazaritza ekologikoan lantzen diren lursailetan. Aberasturin, hiru zutoin jarri ziren, bakoitzak kiropteroentzako bi habia-kutxa eta paridoentzako kutxa bat zuela, alde batetik, eta trikuentzako hiru babesleku, bestetik. Bolibarreko lursailetan, berriz, hegazti intsektujaleentzako 15 habia-kutxa jarri ziren ibaiertzeko zuhaitzetatik zintzilikatuta; habitat hori, hain zuzen, baso-eremuetatik hurbilago dago eta askoz erakargarriagoa da harraparientzat edo saguzarrentzat.
Habia-kutxen funtzioa animaliak erakartzea, eta, horrela, labore-lurren inguruetan paridoak eta saguzarrak izatea da. Gure lurraldeko paridoak eta saguzarrak espezie intsektujaleak dira, eta laboreetarako kaltegarriak diren izurriteak kontrolatzen laguntzen dute. Saguzar batek 1.200 eltxo jan ditzake orduko, eta gau batean gorputzean duen pisuaren pareko kontsumoa izan dezake. Bestalde, hegazti harrapariek baratze-ekoizpenerako kaltegarriak diren zenbait animalien kontrol biologikoa egiten dute, eta zazpi metroko garaiera duten zutoinei esker, pausaleku egokia dute ingurua behatzeko. Aberasturiko ekoizleek identifikatu dute laboreen faktore mugatzaileetako bat da landatutako landareen aireko zatia jaten duten karraskarien presentzia dela. Horrez gain, galeriak zulatzen dituzte, eta, ondorioz, laborea behar bezala garatzeko funtsezkoak diren sustraiak ere kaltetzen dituzte. Trikuak, eguneko hegazti harrapariak (belatza) zein gauekoak (mozoloa, hontza) karraskari txikiez elikatzen direnez, haien populazioen hedapena mugatzen laguntzen dute.
Goian azaldutako ekintza horiek, nahiz eta maila globalean eragin txikia izan nekazaritzako produktibitatearen hazkundeari dagokionez, ereduzko funtzioa betetzen dute, naturan oinarritutako konponbideek eskaintzen dituzten aukerak agerian uzten baitituzte. Agerian uzten dute posible dela elikagaiak ekoizteko beste modu bat izatea, karbonorik gabeko nekazaritzako elikagaien sistemarantz aurrera egingo duena, ingurune naturala errespetatzen duena eta ekonomikoki zein sozialki iraunkorra dena.