Gasteizko nekazaritza eraztuneko biodibertsitatea hobetzeko lanak hasi dira Urban Klima 2050 proiektuari esker
2022/02/22
- Basaldea baratze-enpresa ekologikoen mintegian agrobiodibertsitatea hobetzeko planaren lehen ekintzak gauzatu dira.
Gasteizko Udala, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez eta Euskadiko hogei erakunde eta instituziorekin elkarlanean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan ari da parte hartzen KLIMA 2050 estrategia gure hirietan hedatzeko. Berotegi efektuko gasen igorpena murriztu nahi da eta gure lurraldeak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia bermatu nahi da estrategia horren bidez.
Testuinguru horretan, hiriaren eta landa eremuaren arteko konexioak hobetu nahi ditu Gasteizek, eta horretarako nekazaritza ekologikoa sustatu nahi du hiri inguruko lurretan. Nekazaritza ekologikoko enpresen zentroa den Basaldea izango da, estrategia horren barruan, sustatuko den tokietako bat. Mintegiko lursailak hobetzeko eta ekintzaile berriak erakartzeko asmoz, ingurune hartako agrobiodibertsitatea hobetzeko plan bat diseinatu da, eta plan horretako zenbait ekimen abian daude jadanik.
Loreen zelaiak eta bandak landatu dira, polinizatzaileen presentzia handitzeko, eta biodibertsitaterako korridore modura funtzionatuko duten zuhaixka maila desberdinak osatu dira. Bestalde, ur puntu bat sortu da ekosistema akuatikoei lotutako fauna garatzen laguntzeko. Antzina abereentzat ura ematen zuen eta denborarekin lehor eta estalita geratu zen aska bat berreraiki da. Bertan urtaroen araberako dinamika hidrikoa berreskuratu ondoren, odonatoen kontserbaziorako herritarren zientziako programaren behaketa puntuetako bat izango da. Horri esker, intsektu ordena horretako espezieak bertan ezartzen diren jakin ahal izango da.
Nekazaritzari lotutako dibertsitate biologikoa -agrobiodibertsitatea- zera da, elikaduran eta nekazaritzan zuzenean edo zeharka erabiltzen diren animalien, landareen eta mikroorganismoen aldakortasunari erreferentzia egiten dion biodibertsitatea. Esperientziak eta ikerketak erakutsi du agrobiodibertsitateari esker, beste zenbait gauzen artean, produktibitatea, elikagai segurtasuna eta itzulera ekonomikoak handitzen direla, eta horrela, ekoizpena eta diru sarreren aukerak dibertsifikatzen direla. Horrez gain, nekazaritzak gune zaurgarrietan, basoetan eta espezie mehatxatuetan egiten duen presioa murrizten da, izurriak eta gaixotasunak kudeatzen laguntzen da eta klima aldaketaren aurkako erresilientzia gehitzen da. Azken finean, kanpoko intsumoekiko mendekotasuna murrizten da.