Gasteizek nekazaritza ekologikoaren eta naturan oinarritutako konponbideen alde egin du klima-aldaketara egokitzeko

2023/12/11

Urban Klima 2050ek klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko Arabako hiriburuan egiten ari diren ekintzak erakutsi ditu bideo batean.

LIFE IP Urban Klima 2050 klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proiektu pilotuak garatzen ari da zazpi euskal udalerritan eta Gasteiz horietako bat da. 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 12ra Dubain egingo den Klima Aldaketari buruzko NBEren Biltzarra (COP 28) dela eta, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handienak proiektu horietako bakoitzaren bideo-bilduma egin du.

Gasteizeko bideo teknikoak hiria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko egiten ari diren ekintzak azaltzen ditu. Ekintza horietako batean, hiriko eraztun berdean dagoen enpresa agroekologikoen Basaldea zentroarekin ari da lanean. Proiektuak lau zutabe ditu: prestakuntza, ekoizpena, salmenta eta komunikazioa.

Bestalde, eskoletako jolastokien naturalizazioa deskribatzen da. Helburua asfaltoaren eta zementuaren ordez berdeguneak jartzea da. Horri esker, haurrentzako leku atseginagoak sortuko dira, haiei natura hurbilduko zaie eta hezkuntza-baliabideak sortuko dira, eta, gainera, patioen ingurumen-kalitatea hobetuko da.

Beste ekintza bat hirian zuhaitzak landatzea da, itzalgune gehiago lortzeko, hiriko tenperatura jaisteko eta CO2 gehiago xurgatzeko.

Gainera, Gasteizko Udala Alde Zaharra naturalizatzeko ere lan egiten ari da, hiriko eremu horretan berdegune gehiago sortuz, han gainerako hirian baino askoz gutxiago baitaude. Horrela, leku horren erregulazio termikoa ere lortuko da.

Ikusi bideoan proiektuaren xehetasun guztiak.