Gasteizek herritarren aktibaziorako proiektua jarri du abian Erdi Aroko erdigunearen naturalizazioa bultzatzeko

2024/03/26

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA) herritarren aktibazioko proiektua jarri dute abian Erdi Aroko erdigunearen naturalizazioa bultzatzeko. Izan ere, auzo horretako bizilagunek biztanleko 5 m2-ko berdeguneak dituzte eta, aldiz, hiriko beste toki batzuetan bizi direnek 14 eta 20 m2 artean dituzte.

Maider Etxebarria alkateak “desberdinkeria-egoera” hori izan zuen hizpide hilabete batzuk barru Erdi Aroko erdigune horrek itxura “berdeagoa, erakargarriagoa eta abegikorragoa” izan dezan udal-administrazioa bultzatzen ari den plana aurkeztu zuenean. Horretarako, bizilagunen inplikazioa lortu nahi da eta “berdatze-estrategia” honetan parte hartzea proposatu zaie irailetik aurrera egingo diren aldi baterako ekintza batzuk diseinatzen eta gauzatzen lagunduta.

Europako beste hiri batzuetan (Anberes edo Grenoble, adibidez, era horretako esperientziak martxan baitaude dagoeneko) gertatzen den moduan, gure helburua da bizilagunak beren auzoa toki berdeago eta osasungarriago bihurtzeko lanean parte hartzera animatzea”, azaldu zuen Etxebarriak.

Planaren izena da “Erdi Aroko erdigunearen naturalizazioa bultzatzeko Herritarren Aktibazio Proiektua” eta 2 fase izango ditu. Lehen fasea da orain abian dagoena eta horren helburua da auzoko eragile sozialak eta bizilagunak mobilizatzea eta haiei informazioa ematea hogei bilera ingururen bidez. Bilera horietan, CEAk proiektua azaldu eta parte hartzera animatzen ditu herritarrak, eta “harmonia handia izan da” horietan. Bigarren fasea uda ostean hasiko da bilera horietatik ateratako esku-hartzeekin eta horiek “inpaktu” bisual eta sozial handia izango dute.

Proposatutako ekintzetako batzuk dira hauek: landarediaren bidez kaleak apaintzea, balkoietan, etxabeetan eta lokal komertzialetan loreontziak jartzea, ikusgarritasun handiko barandetan ere loreontziak jartzea (Arkupeko ibilbidean eta Aihotz plazan adibidez) edo ekintza artistikoak bideratzea.

Alderdi sozialari dagokionez, jardinera komunitarioak, txoko berdeak, horma berde ibiltariak eta auzoko pertsonek zainduko dituzten beste elementu batzuk babestea planteatu dute.

Hori guztia aurrera eramateko, CEAk 35.000 euroko aurrkeontua izango du eta batez ere bizilagunei materialak ematera bideratuko da.

Berdatze-estrategia horrek ikusizko efektu nabarmena izango duen arren, alkatearen arabera, “garrantzizkoena izango da gure green izaera sendotuko duela. Green Capital bagara, auzo guztietan erakutsi behar dugu eta, bistakoa denez, Erdi Aroko erdiguneak konpondu beharreko gabeziak ditu. Gainera, bizilagunek ingurumen-kalitate handiagoko berdeguneak lortuko dituzte hiri-ingurunearen erdi-erdian naturaz gozatu ahal izateko”.

2025ean amaituko da “Erdi Aroko erdigunearen naturalizazioa bultzatzeko Herritarren Aktibazio Proiektua”. Une horretan, ebaluazioa egin eta emaitzak aztertuko dira ekintzak martxan jartzeko eta gero mantentzeko bizilagunen artean benetako inplikazio eta motibaziorik egon den ikusteko. Azterketa horren arabera finkatuko dira hurrengo urratsak.

Espazio publikoen naturalizazioa

Erdi Aroko erdigunea berdatzeko programa sozial hau Udala Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren bidez bideratzen ari den beste naturalizazio-jarduera batzuei lotuta dago. Horietako batzuk izan dira, adibidez, Kanpokale Berrian eta Etxauriko lorategietan egindako zaharberritze-lanak. Ondoren iritsiko dira Martin Ttipia plazan eta Harresiaren lorategian eta Hedegile kaleko lorategian egingo dituztenak.

Ildo berean, CEAk laster kontratatuko du Harategi kantoiko berdatze-proiektuaren idazketa-lana LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko Europar Batasuneko funtsek finantzatuko dutena. Proiektu horren ondoren, honako toki hauek naturalizatzeko beste batzuk bideratzeko asmoa du Udalak: Anorbin eta Santa Ana kantoiak eta San Pedroko pasabidea.