Gasteizek azalera berdea, biodibertsitatea eta zerbitzu ekosistemikoak areagotu ditu naturan oinarritutako irtenbideak aplikatuz

2021/07/30

Gasteizek azalera berde eta iragazkorra, biodibertsitatea areagotu ditu, eta zerbitzu ekosistemikoak hobetu. Hori guztia lortu du naturan oinarritutako irtenbideak (NBS) aplikatuz, hau da, ekosistemetan eta horiek ematen dituzten zerbitzuetan oinarritzen diren ekintzak, gizartearen hainbat erronkari erantzuteko, klima-aldaketari, esate baterako. Gasteizko Hiriko Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barneko jarduketa horiek proiektu honetan sartzen dira: LIFE IP Urban Klima 2050.

Egindako esku-hartzeekin, Gasteizko Udaleko Ingurumen Ikasketen ZentroakTecnaliarekin elkarlanean (C.4.1 ekintzaren buru den erakundea), NBS katalogo bat egin du. “C.4.1 irtenbide naturalak eta haien baterako onurak” ekintzaren lehenengo jarduketa da  tokiko hiri-eremuan esku hartzeko saiakuntza pilotuetarako, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da. Ekintza honen helburua EAEko udalerriei laguntzea da NBSak hautatzen, prestatzen eta gauzatzen, tresna eta metodologia berritzaileak baliatuz.

Hiriko eta hiri-inguruko parkeetan, bizitegi-lurzatietan edo erreketan jarduketak egitea

Katalogo honek biltzen ditu honako leku hauetan egindako 79 esku-hartzeak: hiriko eta hiri-inguruko parkeak, kaleak, plazak, errekak eta hain ohikoak ez diren espazioak, hala nola eraikin eta lurzati hutsak, guztira 440 hektareako azaleran. NBSen % 61 biodibertsitatea eta konektibitate ekologikoa areagotzeko bideratu da; gainerakoa, kudeaketa hidrikoa optimizatzeko, lurzoruaren emankortasuna hobetzeko, eraikinak eta plazak berdatzeko eta natura herritarrei hurbiltzeko, batez ere.

NBSen % 22 inguru espazioak eta bide-inguruak naturalizatzera eta landareztatzera bideratu dira, hala nola, erdibitzaileak, biribilguneak, aparkalekuak, kaleak eta industria-ertzak, korridore berdeak sortzeko. Korridore horiek areagotu egiten dute konektibitate ekologikoa, CO2ren hustubide-efektua eta hobetu egiten dute inguruneen ingurumen- eta paisaia-kalitatea.

Nabarmentzekoa da bizitegitarako, ekipamendurako eta hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatietan egindako jarduketa-kopuru handia (% 20), azken urteotan hiriaren hirigintza-hedapenaren ondorioz hutsik geratu zirenak. Lursail horietan hiri-basoak, baratzeak, baso jangarriak eta joko-eremu naturalizatuak eta abar jarri dira, eta haiek erabilera iragankorra ematen diete gizarte- eta hirigintza-arazo handiak sortzen zituzten espazio horiei.

17 hiri-parketan esku hartu da (45 hektareako azalera), nitxo ekologiko berriak sortzeko eta naturalizatutako eta biodibertsitatearen aldeko kudeaketa-moduak probatzeko, eraztun berdean egindakoekin bat datozenak.

Hiri-inguruko parkeei lotuta, katalogoan jasotzen dira eraztun berdean ekosistema degradatuak berreskuratzeko eta erabilera publikoa hobetzeko gauzatu diren 16 jarduketa nagusi. Etorkizuneko esku-hartzeak ere jaso dira, hala nola Larragorriko parkea egokitzea, hegoaldetik espazio hori finkatzea eta ixtea xede dutenak.

Hiri-inguruko eremuan egindako esku-hartze guztietatik zazpik Natura 2000 Sareko gune babestuei eragiten diete (Zadorra, Salburua eta Arabako Lautadako Irla-hariztiak), eta batez ere kontserbazio-egoera hobetzeko dira.

Halaber, azpimarratzekoak dira hirian sartzen diren erreketan egindako hamar esku-hartzeak, korridore ekologiko gisa duten eginkizuna handitzeko eta funtzio hidrologikoa hobetzeko, uholdeak prebenituz eta dinamika naturala lehengoratuz. Nabarmendu behar dira, zer-nolako garrantzia duten kontuan hartuta, Zadorra ibaian egindako esku-hartzeak (ibaiaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko planaren barruan), bai eta Larragorriren etorkizuneko putzuak ere, Batan eta Zapardiel ibaietako ur-goraldiei eutsiko dietenak eta hiriaren hegoaldean uholdeak saihestuko dituztenak.

Gainera, akupuntura berdeko zortzi jarduketa egin dira hiri-espazio txikien estetika- eta ingurumen-kalitatea hobetzeko, hala nola eraikinen, plazatxoen eta bestelako hondakin-espazioen kalitatea hobetzeko. Toki horietan landaretza sartzeak hiri-ehuna harrotzen laguntzen du, freskotasuna eta edertasuna ematen ditu, eta atsedena eta interakzio soziala errazten.