Gasteizek aurrera egin du klimarako egokitzapenean, Naturan Oinarritutako Konponbideak planifikatuz

2025/01/16

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bigarren atalean, Tecnaliak klima-mehatxuen azterketa egin du, ekintza berriak garatu behar diren hiriko guneak zehazteko; eta konponbide zehatzen eraginkortasuna ere ebaluatu du.

Klima-aldaketaren mehatxuei aurre egiteko, Gasteizek klima-aldaketara egokitzeko neurri berritzaileak garatzen jarraitzen du, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan eta zehazkiC.4.1 naturan oinarritutako irtenbideak eta halakoen elkarrekiko onurak ekintza barne. Proiektuaren bigarren fasean, eta ekintza horretan, CINEAk (European Climate, Infrastructure and Environment Executive Agency) 2024ko irailean onartu zituen aurrerapausoak eman dira. Horretarako, Tecnaliak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) eta Gasteizko Udalak parte hartu dute.

Azterketaren metodologia eta ikuspegia

Analisiaren ardatza Gasteiz da, eta lau atal nagusitan banatzen dira lanak:

  1. NBS sailkatzea: Dagoeneko egin diren edo planifikatuta dauden naturan oinarritutako konponbideak (NBS) zerrendatzea. 
  2. Klima-mehatxuen eredua egitea: Klima-mehatxu nagusiak meso eskalan (hiria) mapatzeko tresna aurreratuak erabiltzea.
  3. Ekintzak diseinatzea eta egitea: Ereduaren emaitzetan oinarritutako NBS berriak garatzea.
  4. Eraginkortasuna monitorizatzea: Ekintzak etengabe ebaluatzea, haien eraginkortasuna eta optimizazioa ziurtatzeko.

Klima-mehatxuen eredua egitea

Proiektuaren lehen zatian IGIk Gasteizko NBS Katalogoa garatu zuen (Arabako hiriburuan egindako 79 ekintzen laburpen-dokumentua), eta orain Urban Klima 2050en bigarren fasean Tecnaliak aurrera egin du meso eskalako klima-mehatxuen mapaketa eginez. Horren ondorioz, hiri-klimaren eta estres termikoaren azterketari buruzko mapa kartografikoak lortu dira, bai eta azaleko isurketaren (euri-urak) ondoriozko uholde-arriskuari buruzkoak ere. Mapa horiek NBS hiriko zein eremutan ezarri behar diren zehazteko oinarri gisa balio dute. Horretarako, zentro teknologikoa Ihobek 2019an egindako ‘Klima-aldaketaren bereizmen handiko agertokiak Euskal Autonomia Erkidegoan’ azterketan oinarritu da, bertan Euskadiko etorkizuneko klima-baldintzak xehetasunez irudikatzen baitira.

Emaitza nagusiak

Estres termikoa eta airearen kalitatea

Simulazioek erakusten dute Gasteizko hiri-morfologiak eragin nabarmena duela bai estres termikoan bai NOx-ak bezalako kutsatzaileen sakabanaketan. Alde Zaharraren inguruko auzoetan, arratsalde eta gauetan, tenperatura altuagoa izaten da, landaretza faltagatik eta hor eguzkiak etengabe jotzen duelako. Eremu horietan NBS ezartzeak hiriko beroa arindu lezake, baina ezinbestekoa da neurri horiekin batera emisioak murrizteko estrategiak ere erabiltzea, kutsatzaileen kontzentrazioa handitu ez dadin.

Euri-uholdeak

Jundiz eta Gamarrako industria-eremuak eta Lakua-Arriaga auzoa euri-uholdeak izateko arrisku handia duten gune kritikoak direla ikusi da. Eurite handiak izan direnean, leku horietan ura azkar pilatu da, eta horrek funtsezko azpiegituren eraginkortasunari eragin dio. NBSak, ura naturalki drainatzeko sistemak hobetzea kasu, funtsezkoak izango dira kalteberatasun hori txikiagotzeko eta beste onura batzuk lortzeko, hala nola lurzoruaren eta airearen kalitatea hobetzea.

Ondorioak

Ikerketak agerian utzi du muturreko prezipitazioak eta bero-boladak ugaritu egingo direla 2071-2100 aldian, RCP 8.5 egoeran, hau da, berotegi efektuko gasen (BEG) emisio-maila altuak ezaugarri dituen egoera ezkorrean. Muturreko baldintza klimatiko horiek uholdeak eta estres termiko handiak eragin litzakete, eskualdeko bizi-kalitatean eta azpiegituretan nabarmen eraginez.

Ikerketaren arabera, naturan oinarritutako konponbideek, klima-aldaketaren aurkako erresilientzia hobetzeaz gain, ingurumenerako, gizarterako eta ekonomiarako onura ugari ere ekartzen dituzte. Garatutako metodologia antzeko klima-erronkak dituzten beste hiri batzuetan ere erabil daiteke, baldin eta eredu zehatzak egiteko datu eta baliabide egokiak badaude.

Ekintzak diseinatzea eta egitea

Klima-mehatxuen azterketan lortutako emaitzak oinarri hartuta, eta konponbideak ezarri aurretik, Tecnaliak NBSak hiriko zein eremutan ezarri behar diren zehaztu du. Ondoren, IGIrekin batera, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa eta LIFE Urban Klima 2050 proiektua garatzeko epean egiteko aukera kontuan hartuta, lehentasuna eman die zenbait ekintzei. Horren ondorioz, bi kokaleku aukeratu ditu, bertan mikro eskalako ereduak egiteko, zenbait NBSek erosotasun termikoan eta azaleko isurketan duten eraginkortasuna ebaluatzeko. Leku horiek Erdi Aroko hiriguneko Harategi kantoia eta Luis Elejalde /Rogelia de Álvaro ikastetxe publikoko patioa dira. Lehenengorako, oraindik ez da konponbiderik erabaki. Bigarrenerako, berriz, proposatutako konponbideak (20 zuhaitz berri landatzea, azalera berdea 585 m2 handitzea eta egurrezko oholtza jartzea) haurren jolasetarako egokia den erosotasun termiko maila duen azaleraren % 9 handitzen du; eta lurrean atxikitako uraren bolumena % 6 handitzen du, eta horrek isurketa txikiagotzen du.

Hurrengo urratsak

Jada LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren azken zatian, ekintza honen esparruan, ereduak egin ondoren, Erdi Aroko hirigunea berdatzeko konponbideak definitu, diseinatu eta ezarriko dira. Halaber, eraldaketa horrek erosotasun termikoan, biodibertsitatean eta espazioaren pertzepzioan duen eragina ebaluatuko da ondoren.