Gasteiz nekazaritzako biodibertsitatea bultzatzen ari da Monasteriogureneko nekazaritza eta basogintza sailaren bidez
2026/1/26
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI-CEA) eta NEIKERrek zuzendu dute ekimena, eta zenbait zuhaitz eta zuhaixka espezie landatu dira.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua aurrera doa Gasteizen, eta klima-aldaketaren aurrean nekazaritzaren biodibertsitatea eta erresilientzia indartzeko ekintza bat egin dute orain. Ekimena Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI-CEA) eta NEIKERek zuzendu dute, eta CROPS4LIFE proiektu barne martxan jarri den eta Gasteizko Nekazaritzako Test Espazioan (ALEKO) dagoen Monasteriogureneko nekazaritza-ustiategian egin da.
Ustiategi horretan, baratze-ekoizpena, lehorreko laborantza estentsiboa, frutagintza, abeltzaintza eta basogintza konbinatzen dira, eta gainera, nekazaritza-jarduera birsortzaileak irakasten dira. Lursail horiek ziurtagiri ekologikoa lortzeko prozesuan daude gaur egun.
Urban Klima 2050 proiektu barne, biodibertsitatea sustatu nahi duen 4.2.2 ekintzaren parte da ekimena. Zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatu dira, hiru helburu lortzeko: nekazaritza eta basogintzako eredu baten bidez fruta ekoiztea, nagusi diren haize hotzetatik babestea eta fauna lagungarriarentzako babeslekuak sortzea, hegazti eta intsektu onuragarriei lagunduz. Zulatzeko eta landatzeko lanak 2024-2025 neguan egin dira, aurreko udazkeneko klimatologiak eragindako oztopoak gainditu ondoren.

