2022/4/5:
Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak eta AZTIk klima-aldaketaren ondorioen kontra euskal portuak babesteko neurriak proposatu dituzte

Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak eta AZTIk klima-aldaketaren kontra euskal portuen babesa indartzeko hainbat neurri proposatu dituzte. Azterlanean, itsasoaren eraginaren aurkako hesi natural gisa horiek duten garrantzia nabarmentzen da; gehienak hiriguneetan daude.

Txostenean hamar ekintza-ildo proposatzen dira, hiru kategoriatan banatuta: babesa, egokitzapena eta zeharkako ekintzak. Babes-ekintzak kostaldea babesteko egiturak mantentzea eta eraikitzea, hala nola dikeak eta olatu-hormak, eta portuetatik gertu dauden hondartzak eta hezeguneak kontserbatzea dira. Egokitzapen neurriei dagokienez, uholdeetarako alerta goiztiarreko sistemak jartzea proposatzen da, eta dauden azpiegiturak egokitzea itsas mailaren igoeraren aurka indartsuagoak bihurtzeko. Horretarako, zenbait egitura altuago egingo dira eta ura hobeto jasaten duten materialak erabiliko dira.

Gainera, portuen jokaera hobetzeko zeharkako bost ekintza-ildo zehazten ditu txostenak. Horien artean hauek daude: portu estrategikoetan bideozaintza sistemak eta mareografoak ezartzea, herritarrei kostaldeko arriskuak irakastea eta horretaz kontzientziatzea, eta egokitzapen metodologia eta tresna berriak garatzeko ikerketa sustatzea. Halaber, kostaldeko eremuak batera kudeatzeko beharra aipatzen da, datozen urteetako egokitzapen neurriak modu eraginkorrean koordinatu ahal izateko.

Ekimen hau C.6.2 Portuak moldatzea ekintzaren barruan kokatzen da.

Erakunde laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritza eta AZTI.