Eusko Jaurlaritzak Pierre Lotiko oinezkoen eta txirrindularien ibilbideen eta Hondarribia-Irun-Hendaia konexioaren obrak lizitatu ditu 3,7 M€-ren truke, eta 12 hilabeteko egikaritze-epearekin
2023/06/19
Obra “Txingudiko badiaren inguruko naturguneen konektibitatea hobetzeko eta lehengoratzeko Plan Zuzentzailea”ren barruan sartzen da.
Ingurumenaren ikuspegia inoiz ahaztu gabe, mugaz gaindiko konexio bat ahalbidetuko du, Bidasoaren bi aldeak lotuko dituena.
Nazioarteko zubien azpiko egurrezko pantalana ibai-zoruan sartutako mikropiloteetan oinarrituko da.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekuaren luzera 1,2 km-koa da, 3,5 metroko batez besteko zabalerarekin eta ia maldarik gabeko sestrarekin.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurune Ekintzailearen Sailak Irungo Pierre Lotin oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak eraikitzeko obra lizitatu du. Proiektu horretan sartzen dira nazioarteko zubiaren azpiko pantalana eta Plaiaundiko parke ekologikoko aparkalekua eta sarbideak leheneratzea eta ingurumen egoera hobetzea. Zenbateko ekonomikoa 3.737.967,96 eurokoa izango da, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa.
Obra hau Txingudiko badiaren inguruko naturguneen konektibitatea lehengoratzeko eta hobetzeko Plan Zuzentzailearen barruan sartzen da. Plan horrek, ingurumenaren ikuspegia ahaztu gabe, estuarioaren inguruan Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko hiri- eta bizikleta-konektibitatea sustatzeko erakundeen arteko akordioa jasotzen du. Mugaz gaindiko lotura bat da, Bidasoaren bi aldeak lotzea lortuko lukeena.
Estuarioaren ertzeko tokiko konexioa lotzeko proposamen gisa, Plan Zuzentzaileak bizikleta eta oinezkoentzako bide berri bat proposatzen du Pierre Lotitik, Irungo udal-mugartean, Hendaiarekin lotzeko zubien inguruko trenbideen azpiko bi pasabiderekin.
Obren deskribapen xehatua
1.LOTEA: Irungo Pierre Lotiren oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak eraikitzea, nazioarteko zubien azpiko pantalana barne.
A) Oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea, Amuteko biribilgunetik Iparralde Hiribideraino, bi fasetan banatuta:
- Pier Lotiko bidea, ADIFen trenbide-plataformaren sarbideraino.
- Trenbide-plataformaren sarbidetik Iparralde Hiribideraino.
B) Pierre Lotitik ADIFen trenbide-plataformaren sarbiderainoko bidearen fasean, egin beharreko obrak murritzak izango dira, lehendik dagoen bide asfaltatuan baitan oinarrituko delako, zabalera handituko da, bermak erabiliz eta hesi berri bat egingo da.
C) Bigarren fasean, trenbide-plataformaren sarbidetik Iparralde Hiribideraino, badiaren ibaiertzetik oinezkoen eta bizikleten ibilbidea egingo da, hura inguratuz, Santiago zubitik ibaian gora dagoen bidegorriarekin lotu arte. Nazioarteko zubiak zeharkatu ahal izateko, egurrezko pantalan bat egingo da, ibai-ibilguan tinkaturiko mikropiloteetan bermatuta.
D) Parke ekologikoaren erabiltzaileen eta Plaiaundiko Institutuaren beharrak hobetzeko aparkaleku berri bat egitea.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekuaren luzera, guztira, 1,2 km-koa da, 3,5 metroko batez besteko zabalera izango du, eta maldarik gabeko sestra edukiko du 0+760 KP-ra iritsi arte.
Puntu horretan, pantalana zehazten da, 78 metro inguruko hasierako tarteak -%6ko malda duena ADIFeko zubiaren azpitik igarotzeko. Puntu horretatik Santiago zubia zeharkatu arte, pantalanak %-0,8 eta %0,6 arteko malda leunak ditu. 1+052 KP-tik 1+119 KP-an amaitu arte, pantalanak %3,19ko malda konstantea du, dagoen urbanizazio-kotaraino iritsi arte.
Gaur egun, Ekoetxearen aurrean, zabaldegi bat dago, eta, bertan, udal instalazio zahar batzuk zeuden, behin-behineko aparkaleku gisa erabiltzen direnak. Zona hori berrantolatu egingo da 6 metroko zabalerako bide bat eginez, ezkerreko aldean bateriako 32 aparkalekurekin, horietako bat elbarriena.
Eskuinaldean, Pierri Loti kaletik hurbilen, motorrentzako zortzi aparkaleku eta autobusentzako lineako hiru aparkaleku zehazten dira. Atzealdean, biratzeko eta Ekoetxeko aparkalekuarekin lotzeko biribilgune bat zehazten da. Aparkalekuak lorategi bat izango du, perimetroko espaloiekin. Aparkaleku bat jarriko da GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarbidearen ondoan.
2. LOTEA: Plaiaundiko parke ekologikoko aparkalekuaren eta sarbideen ingurumen-hobekuntza
Proiektuaren helburua da egungo asfaltozko zoladuraren zati bat zoladuraz ordeztea: drainatzaile landareztatua, oinezkoen zirkulazioa bereiziz eta ura zoladuratik drainatuz eta iragaziz landare autoktonoen euri-lorategi batean. Era berean, seinaleztapena hobetzen da eta oinezkoekiko interferentziak konpontzen dira, aparkaleku osoan oinezkoentzako bide bat sortuz. Nabarmentzekoa da landaredi autoktonoa gehitu dela, zuhaixken eta belarren osaera eta egungo landarediaren egoera hobetuz, eta hiri-drainatze iraunkorreko sistema bat txertatu dela, uraren zikloa naturalizatzen duena, lurzoruen iragazkortasuna areagotuz eta parkeko lurzoruan bertan iragazketa areagotuz.
Txingudiko badia
Txingudiko badiaren ingurunea, Hondarribiko Jaizubia, Plaiaundi, Bidasoako uharteak eta Bidasoaren ertzak Irunen barne hartzen dituena, KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua), HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) eremu izendatu da Europako Natura 2000 Sarearen barruan. Ramsar Hitzarmenaren arabera, nazioarteko garrantzia duen hezegunea ere bada. Horregatik guztiagatik, ingurumen-kalitate handiko ingurune batean kokatzen da ekimena, bertako habitat naturalengatik eta haietan dauden flora- eta fauna-espezieengatik.
Proiektu hori ES2120018 ‐ TXINGUDI ‐ BIDASOA KBEaren mugetatik kanpo garatzen da, baina haren babes-eremu periferikoaren barruan. Horregatik, ez da aurreikusten eremu hori izendatzea eragin zuten espezieen eta habitaten gaineko eraginik.
Gainera, Txingudiko padurak leheneratzeko eta konektatzeko premiazko lehentasunen diagnostikoa eta azterketa egitean, gainditu gabeko erronka batzuk identifikatu ziren. Natura 2000 Sarean sartutako espazio guztien espazioa eta ekosistema estuarioak lehengoratzeari buruzko ikuspegia berritzeko beharra ikusi zen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko ekosistemen konektibitatea berreskuratzeko eta hobetzeko hainbat proiektu eta jarduketa koordinatzeko dokumentu bat sortzea bultzatu zuen, 2015-2026 aldirako Txingudiko Plan Zuzentzailea.
Mugaz gaindiko herritarren aspaldiko eskaerari erantzuteko asmoz, plan horrek Bidasoaren ertzak oinezkoentzat eta bizikletentzako ibilbideekin lotzea proposatu zuen, trenbide- eta errepide-hesiak gaindituz, hondartzatik hondartzarako ibilbideak ahalbidetuz eta mugaz gaindiko beharrezko konexioa ere ahalbidetuz.
Proiektuak, oro har, ingurumen-onura handiak lortzeaz gain, irisgarritasuna eta mugikortasun iraunkorra hobetzen lagunduko du, eta, beraz, klima-aldaketa arintzen.
Proiektu honek Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren finantzaketa ere badu, Next Generation EU berreskuratze-funts europarrak garatzeko funtsezko tresna baita.