Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren gaineko jardunbide egokiak partekatu ditu Suedian EBren Egokitzeko Misioaren Foroan

2023/06/14

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriartek Euskadik klima-aldaketara egokitzeko egindako aurrerapenak aurkeztu ditu Klima Aldaketara Egokitzeko Europar Batasunaren Misioaren Foroan, Blekingen (Suedia).

Klima Aldaketara Egokitzeko EBren Misioaren ardatza da Europako eskualdeen, hirien eta tokiko agintarien ahaleginak babestea eta bateratzea, hamarkada honetan klima-aldaketaren inpaktuen aurrean erresilientzia garatzeko. Bestalde, urteko foroa aukera bat da balantzea egiteko, arazoak identifikatzeko, orientazioa emateko eta jarraitu beharreko bidea zehazteko, nazio, eskualde eta toki mailako agintariak, Europako erakundeak eta Misioa bultzatzen duten ikerketa-erakundeak bilduta.

Gainera, klima-aldaketara egokitzearen gaineko esperientziak eta eskualdeko ekimenak partekatzeko ere balio izan du hitzorduak. Ildo horretan, Adolfo Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak, Euskadik Egokitzeko Euskal Misio berezian abian jarri dituen jardunbide egokiak partekatu ditu.

Klima Aldaketara Egokitzeko EBren Misiorako hautatutako 118 eskualdeetako bat da Euskadi. Esparru horretan eskualde aurreratutzat aitortu da egokitzapenaren arloan, plangintza klimatikoan egin duen 20 urtetik gorako ibilbideari esker. Misio horretan parte hartzeko Euskadi hautatzeak, Regions4Climate proiektuan parte hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak egokitzapenaren arloan egindako lanaren izaera berritzaile eta aitzindaria berresten du, proiektu handi eta garrantzitsuekin ?LIFE IP URBAN KLIMA 2050 proiektua eta klima-aldaketaren aurrean euskal kostaldeak duen kalteberatasunaren eta arriskuaren Kostaegoki azterketa besteak beste? baita erakunde publiko eta pribatuen artean gobernantza klimatikoaren eredu berri bat bultzatuz eta tokiko ekintza klimatikoa hedatuz ere, azken ekintza hau Udalsarea 2030, Udalerri jasangarrien euskal sarearen bidez.

Euskal Misioa eta Regions4Climate

Regions4Climate proiektu europarraren esparruan -Euskadik erresilientzia klimatikoaren soluzio berritzaileetan lan egingo du bertan Europako dozena bat eskualderekin- Eusko Jaurlaritza bi ekintza nagusirekin hasi da: Txingudiko badiako padura-eremu batzuk berreskuratzea eta Klima Aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa hedatzea.

Lehenengo esku-hartzea Txingudiko estuarioetako ekosistemen konektibitatea berreskuratzeko eta hobetzeko Gida Planean aurreikusitako jardueren barruan sartzen da, zehazki, San Lorentzo urmaelaren eremuan. Eremu hori marearteko eremu bat da, uhateek kontrolatzen dutena, eta ingurumen-berreskuratze integralean datza, gaur egun ur gaziaren sarrera arautzen duten uhate horiek kenduz eta nekazaritza-erabilerako lurrak erretiratuz.

Proiektua garatuko den gunean, Txingudiko badian, duela 25 urte esku hartu zen natura gizartera eta faunara hurbiltzeko. Orain, espero da jatorrizko padura berreskuratzeak nabarmen hobetuko duela erresilientzia-gaitasuna klima-aldaketaren berehalako ondorioen aurrean, eta eragin positiboa izango duela inguruko biodibertsitatean. Guztira, 5,5 hektarea lur berreskuratuko dira.

Txingudiko tokiko eragileen inplikazio-prozesua aprobetxatuko da lurralde osora estrapolatzeko eta Euskadik Regions4Climate proiektuan duen bigarren erronkari erantzuteko: Klima Aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa hedatzea. Horren bidez, egokitzapenaren arloko Euskadiren plangintza Europa mailako lehentasunekin lerrokatu nahi da, batez ere finantzaketaren arloan.

Regions4Climateri buruz

Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroak koordinatzen duen Regions4Climate proiektuak Europako herrialdetako 44 bazkide biltzen ditu, klima-aldaketaren ondorioetarako gizartearen erresilientzia hobetuko duten berrikuntzak frogatzeko, Parisko Akordioarekin eta Europako Itun Berdearekin bat etorriz. “Komunitate erresilienteak eraikitzen” lemapean eta pertsonek eta pertsonentzat sortutako sektoreen arteko estrategietan oinarrituta, proiektuko erakunde bazkideek elkarlanean soluzioak garatu eta aplikatuko dituzte ?sozialak, teknologikoak, digitalak, enpresei, gobernantzari eta ingurumenenari lotutakoak? inpaktu klimatikoetara egokitzeko gaitasuna indartzeko eta kalteberatasuna minimizatzeko.

Proiektuak bost urteko iraupena du eta 2023ko urtarrilean hasi zen. Europako Batzordearen 24.522.103,00 euroko dirulaguntza jaso du guztira, Horizonte Europa ikerketa eta berrikuntzako programaren esparruan. "Erresilientzia klimatikoaren eskala handiko erakusleak mugaz haraindiko balioa sortzeko" gaia jorratzen du programak, 101093873 zenbakidun HORIZON-MISS-2021-KLIMA-02-04 akordioaren arabera.

Urban Klima 2050i buruz

Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handienak, LIFE IP Urban Klima 2050, euskal lurraldea eraldatuko du, 2019-2025 aldian klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko 40 ekintza koordinatuz. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ihobe sozietate publikoa da buru, eta hogei bat erakunderekin egiten du lan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako beste bi arlorekin (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru-aldundiekin, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Zarauzko udalekin, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publikorekin (EEE eta URA), teknologia eta ikerketako zentroekin (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioarekin.

19,8 milioi euroko aurrekontuarekin, KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskal Estrategia modu eraginkorrean hedatzea ahalbidetuko du hiri-mailan.