Eusko Jaurlaritzak eskualdeek nazioarteko klima-prozesuetan duten garrantzia nabarmendu du Under2 Coalitionen Europako Ministro-bileran, Bruselan
2023/06/22
- Bileran parte hartu dute Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Alberto Uriartek.
- Under2 Coalition klimarekin konprometitutako estatu eta eskualdeen nazioarteko sare nagusia da. 270 kide ditu, ekonomia globalaren % 50 ordezkatuz.
- Eusko Jaurlaritza sarearen kidea da bere hasieraz geroztik, eta sarearen aldetik klima-neutraltasunarekin 2050erako konprometitu diren 40 eskualdeetako bat da.
- Euskadik maila anitzeko klima-gobernantzaren jardunbide egoki batzuk aurkeztu ditu, hala nola Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskal Legearen proiektua, LIFE IP Urban Klima 2050 eta Regions4Climate proiektuak, edo Klima-aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa.
Eusko Jaurlaritzak Under2 Coalition sarearen – klimarekin konprometitutako estatu eta eskualdeen nazioarteko sarea nagusia- Europako Ministro-bileran parte hartu du gaur goizean. Bruselan egindako foro horrek Europako gobernuetako eskualde-ministroak bildu ditu, eskualdeek nazio mailako, Europako eta nazioarteko klima-prozesuetan jokatzen duten rolaren balioa nabarmentzeko. Bileran parte hartu dute Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Alberto Uriartek.
Bilera egin da Espainia EBko Kontseiluaren Presidentziaren ardura hartzera doan unean, eta azaroaren amaieran Dubain egingo den COP28-Klimaren Goi Bilerarako sei hilabete falta direnean; bada, ekitaldia aukera paregabea izan da europar eskualdeak bildu daitezen euren botere kolektiboa erakusteko eta eskualdeen egoera eta konpromisoaz hausnartzeko, nazio mailako, Europako eta nazioarteko klima-prozesuei dagokienez.
Euskadiz gain, bileran eskualde hauek ere izan dira: Baden-Wurttenberg, Ipar Renania-Westfalia, Emilia-Romagna, Lombardia, Eskozia, Västra Götaland, Galese, Ipar Holanda, Turingia, Katalunia, Nafarroa eta Andaluziak. Ekitaldian Raúl Fuentes Milani ere izan da, Espainiaren EBko Ordezkari Iraunkorra, eta klima-aldaketari buruzko lan-programa aurkeztu du Espainiak EBko Kontseiluaren Presidentzia hartzen duen aldirako, hau da, 2023ko ekainetik aurrera. Programa horrekin, Espainia arduratuko da datozen sei hilabeteetako legegintza-agenda finkatzeaz eta lehentasunak bultzatzeaz.
Eskualdeak erakusten ari dira funtsezkoak direla klimaren, biodibertsitatearen eta garapen jasangarriaren alorrean ezarritako helburu globalak lortzeko; izatez, klima-aldaketa arintzeko neurrien %75raino eta egokitze-neurrien % 90raino nazio azpiko mailan daude inplementatuta.
“Eskualdeen ahotsa entzun eta kontuan hartu behar da nazioarteko goi bilera nagusietan. Funtsezkoa da eskualde-gobernuen aniztasuna, lidergoa eta potentziala bistaratzea, klima-krisiari aurre egiteko. Horregatik dira hain beharrezkoak Under2 Coalitionen moduko sareak. Bestela, nola sortu ote litzakete topaguneak hain desberdinak eta –kasu batzuetan- geografikoki hain urrun dauden eskualdeek? Nola ikasi lezakete batzuek besteetatik? Nola erraztu liteke ezagutzaren eta jardunbide egokien transferentzia, eta eskualdeen artean konpartitutako proiektuak abiatzen laguntzea, sarean lan egiten ez bada?", adierazi du Amaia Barredok.
Euskadi maila anitzeko klima-gobernantzako ekosistema sendo bat eraikitzen ari da, lankidetzan arituz administrazioaren mailekin, deskarbonizazioarekin konprometitutako enpresekin, energia berriztagarrien aroko garapen teknologikoaren puntako enpresekin, ezagutza sortzen duten erakundeekin, eta monitorizazioaren, itsasaldearen edo lehen sektorearen eremuetan espezializatutako erakundeekin; ekosistema hori Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskal Legearen proiektuarekin osatzen da, berau Legebiltzarrean tramitatzen ari baita dagoeneko. Halaber, klima-aldaketaren arloko politikak eta tresnak toki mailara eramaten dira Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen bitartez.
Maila anitzeko klima-gobernantzako ekosistema horren beste bi adibide LIFE IP Urban Klima 2050 eta Regions4Climate proiektuak dira. Haien helburua da lurraldea klima-aldaketaren inpaktu negatiboetara egokitzea eta erresilientzian aurrera egitea. Euskadi, gainera, Europar Batasunaren Egokitzapen Misioaren demostrazio-eskualdea da.
Barreda sailburuordeak azpimarratu du, halaber, “klima-aldaketaren aurrean eskualde guztiak ez gaudela abiapuntu berean eta ez dugula konpromiso-gradu berbera. Konpromiso hori proiektuekin erakusten da, eta horiei heltzeko mahai gainean jartzen diren funtsekin. Euskadin urrats sendoak egiten ari gara eta beharrezkoak diren giza eta finantza-baliabideak horretara zuzentzen.
Bilerak honako helburu hauek izan ditu: eztabaidatzea nola hobetu daitekeen estatuek eta eskualdeek gobernu nazionalekin duten lankidetza, zehazki EB eta NBEren klima-prozesuetan; klima-lehentasunak COP28-Klimaren Goi Bilera egin aurretik aztertzea; Under2Coalitionen eta EBko Eskualdeetako Lantaldearen arteko aliantza berritua ospatzea -Lantalde hori toki eta eskualde mailan aukeratutako ordezkariz osatutako aholku-erakunde bat de, bere iritzia eman dezakeena bere hiri eta eskualdeetan zuzeneko eragina duen europar legediaz-.
Under2 Coalitioni buruz
Under2 Coalition klimarekin konprometitutako estatu eta eskualdeen nazioarteko sare nagusia da. 2015ean eratu zen, Nazio Batuen Erakundearen Klimari buruzko Alderdien 21. Konferentzian – COP21-. Gaur egun, ekimenaren kideak 270 gobernu baino gehiago dira, ekonomia globalaren % 50 ordezkatuz. Beraren idazkaritzaren kudeatzailea The Climate Group nazioarteko erakundea da.
Eusko Jaurlaritza sarearen partaidea da eratu zenez geroztik, eta sareak guztira biltzen dituen eskualdeen artetik klima-neutraltasunarekin 2050erako konprometitu diren 40 eskualdeetako bat da, baliabide ekonomiko, legal eta teknikoak helburu horren zerbitzuan jarriz.