Eusko Jaurlaritzak balioan jarri ditu Euskadin klima-ekintza bultzatzeko dituen tresnak eta bitartekoak

2022/03/25

Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, jardunaldi bat egin du gaur Euskadiko eragile guztien eskura jartzeko enpresak, administrazioak eta herritarrak oro har klima-aldaketaren aurrean dituzten erronken aurrean gidatzeko asmoz garatutako tresnak eta bitartekoak.

Klima-aldaketa XXI. mendeko ingurumen-erronketako bat da. Eskualdeek eta toki-erakundeek klima-aldaketa arintzeko neurrien % 70 baino gehiago hartzen dute, eta egokitzeko neurrien % 90 arte. Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea egin du klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan, eta, besteak beste, Euskadin klima-ekintza bultzatzeko zenbait tresna eta bitarteko garatu ditu herritarrei, enpresei eta/edo administrazioei zuzenduta.

Bilbon ostiralean izandako jardunaldian izan dira, besteak beste, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo eta Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriarte, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko teknikariekin batera. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzak garatutako tresnen eta bitartekoen ikuspegi integrala eskaini da, eta Euskadiko eragile guztien eskura jarri dira.

Amaia Barredo sailburuordeak balioa eman dio bere hitzaldian Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana 2021-2024ri, legegintzaldi honetan onetsia. Energia- eta klima-politikak arintze- eta egokitze-arloko 15 ekimen enblematikoen bidez integratzen dituen plangintza-tresna bat, isuriak % 30 murrizteko konpromisoarekin eta energia berriztagarrien % 20ko helburuarekin, lurraldearen erresilientzia bermatuz arlo hauek landuz: kostaldeko udalerriak eta azpiegiturak klima-erronketara egokitzea, naturan oinarritutako konponbideak, hustulekuak eta Natura 2000 Sarea.

Ildo horretan, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Adolfo Uriartek azpimarratu du hainbat azterlanen arabera itsas maila 20 cm igoko dela eta eskualdearen arabera 0,65-0,81 cm bitartean igotzen jarraituko duela, baina 2021ean argitaratutako Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) adierazi du igoera horiek metro ingurukoak izan daitezkeela, ibai- eta kostalde-uholdeak, lehorteak, bero-boladak eta ziklo edafikoetako aldaketak eraginez natura- eta nekazaritza-ingurunean.

Klima-ekintza bultzatzeko bitartekoak eta tresnak

Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko teknikariek eragile desberdinen eskura jarritako diagnostiko-tresna nagusien ikuspegi integrala eskaini dute –besteak beste EAEko udalerri jasangarrien sarea, Udalsarea 2030–, klima-ekintzan hasteko, ekintzen eta jardunbide egokien arloan esate baterako.

Tresna horien artean hiru nabarmendu dira, duten potentzial berritzaileagatik; tresna horiek aukera ematen dute karbono-aztarna indibiduala, biomasak eta lurzoruak karbono dioxidoa (CO2) xurgatzeko duten gaitasuna eta euskal kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasunaren eta egokitzapenaren analisia aztertzeko.

‘Karbono-aztarnaren kalkulagailuak’ karbono-aztarna estimatzeko aukera ematen dio bere eguneroko jardueraren inpaktua aztertzeko interesa duen edonori. Hiru bloke desberdinetan (Etxebizitza, Mugikortasuna eta Erosketak eta Aisia) egituratuta dago tresna, eta estimatzen du egunero berotegi-efektuko gasen zenbat isuri (BEG) ekoizten ditugun, elektrizitate-kontsumoarekin, garraioarekin, erosketekin, turismoarekin eta aisiarekin lotutako jardueren ondoren sortzen diren aldagaiak sartuz. Azken emaitza gisa, kalkulagailuak bakoitzak bere ohituren ondorioz sortzen dituen CO2 tona baliokideen kantitate estimatua eskaintzen du.

Lortutako emaitzatik abiatuta, tresnak zehazten du interesdunak sortutako isuriak batezbestekoaren azpitik edo gainetik ote dauden, eta zenbait jarraibide eta gomendio ezartzen ditu isuriak murriztea lortzeko eguneroko jardueran egin beharreko keinu erraz batzuen bidez.

Txostenaren arabera, tenperaturaren igoera 1,5 °C-ra mugatzea ahalbidetzen duen ibilbide batean kokatzeko eta horrela muga hori gainditzearen ondoriozko inpaktuak saihesteko, mundu osoko CO2 isuri garbiak % 45 murriztu beharko lirateke 2030erako 2010arekiko.

Bestalde, ‘Euskal Autonomia Erkidegoko CO2 xurgapenen ex ante kalkulagailua’ tresna Ihoberen eta Neiker-Tecnaliaren arteko lankidetzan egin da, eta haren helburua da EAEko hainbat erabileratako (basoak, belarki-laboreak, labore iraunkorrak eta larreak) karbono dioxidoaren xurgapenen estimazioa modu errazean kalkulatzen duen kudeaketa-tresna bat eskaintzea da, karbono-baliabideak egokiago kudeatzea ahalbidetuz, bereziki karbono-hustulekuak.

Karbono-neutraltasuna lortzen da atmosferara isuritako karbono dioxidoaren (CO2) kantitatearen eta hainbat bidetatik kendutako kantitatearen arteko balantzea nulua denean. Oreka hori lortzeko modurik osasungarriena hustuleku naturalek CO2-aren xurgapenak sustatzea da, hala nola basoek, landareek, lurzoruak, hezeguneek edo ozeanoek.

EAEko CO2 hustuleku nagusiak landare-biomasa eta lurzorua dira. 2018an, 1,9 milioi tona CO2 baliokide finkatu ziren, batez ere baso-lurrei esker, baina baita larreei, laboreei eta hezeguneei esker ere, besteak beste (Ihobe, 2020). Hala ere, baso-biomasan % 52 karbono gehiago finka liteke, baso-lurrak egoki antolatuz eta kudeatuz.

‘KOSTAEGOKI’ –euskal kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasunaren eta egokitzapenaren analisia– kostaldeko gainerako autonomia-erkidegoekiko lankidetza-proiektu baten parte da, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak finantzatutakoa, PIMA Adaptacostas programaren barruan.

Marearen eta olatuen serie historikoen analisitik abiatuta, etorkizuneko baldintzak modelizatu dira klima-aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoera-agertoki desberdinetan, eragindako populazioaren, industria- eta bizitegi-lurzoruaren, BPGd-aren, kapital-stockaren, hondartzen eta natura-ingurunearen eta azpiegitura kritikoen gaineko arriskua aztertuz, besteak beste.

Tresna Ihoberen webgunean eskuragarri dago, administrazioei edo, oro har, herritarrei zuzenduta, eta GIS arakatzaile baten bidez klima-aldaketak euskal kostaldean duen efektua kontsulta daiteke. Argitaratutako dokumentazio gehigarri guztiaz gain, tresnak jarraibide-dokumentu bat du itsas mailaren igoerara egokitzeko ekintzak lantzeko; horrela, hondartzen eta paduren funtzio naturala berreskuratzeak, dunak berroneratzeak edo portu eta dikeek babes-sistema gisa duten eginkizunak garrantzi handia dute.

Eusko Jaurlaritzak Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez garatutako tresna guztiak esteka honen bidez kontsulta daitezke: https://www.ihobe.eus/klima-aldaket