Euskadin trantsizio energetikoa bultzatzeko tokiko ekintza klimatikoak aurkeztu ditu Jaenen Urban Klima 2050ek
2023/12/12
Malake Muñoz Cachónek, Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduradunak, Jaengo Diputazioak antolatutako ‘Udal-kudeaketako deskarbonizazio-estrategiak’ ikastaroan parte hartu du.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadin klimaren eta energia-trantsizioaren aldeko ekintza lokala bultzatzeko jarduerak aurkeztu ditu Jaengo Diputazioak antolatutako ‘Udal-kudeaketako deskarbonizazio-estrategiak’ ikastaroan.
Saio horretan, Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduraduna den Malake Muñoz Cachónek tokiko ekintza klimatikoa bultzatzeko erabilitako estrategiaren helburuak azaldu ditu: klima eta energia ekintza lokalak dinamizatzea eta Alkateen Itunari atxikita dauden EAEko udalerrien kopurua handitzea. Horretarako, udalerri bakoitzaren abiapuntua kontuan hartuta ibilbide ezberdinak zehaztu dira.
Muñozek azaldu duenez, estrategia hori diseinatzeko, EAEko udalerri/eskualdeek klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko arloan duten egoera aztertu da. Oztopoak, beharrak eta aukerak ikusi dira.
Egindako azterketak erakutsi duenez, klima eta energiaren esparruan 93 plan argitaratu dira edo prestatzen ari dira; eta horietatik 50 (%54) indarrean daude eta Klimarako eta energia jasangarrirako Alkatetza Itun Orokorrarekin bat datoz. Gainera, 26 udal Alkatetza Itunari atxikita daude. Azterketaren arabera, udalerrien %78k egokitzeko ekintzak zenbait eragin-katetan bultzatzeko premia dute, eta eskualdeko erakundeek klimaren eta energiaren aldeko ekintza lokalak bultzatzeko duten ahalmena nabarmentzekoa da.
Ondoren, Ihobeko Ekintza Klimatikoko proiektuen arduradunak 2024an egingo den estrategiaren bost helburuak azaldu ditu:
- Klima eta Energiarako Plana duten EAEko udalerrien kopurua handitzea.
- Euskal udalerriak klimaren neutraltasunerantz eta lurraldearen erresilientziarantz aurrera egiteko konpromiso politikoa sustatzea.
- Klima-aldaketaren arriskuak arintzen eta murrizten duten ekintza lokalak bultzatzea.
- Beste politika lokalekiko eta udalez gaindiko beste politikekiko koherentzia ziurtatzen duen klima gobernantza eredua sustatzea
- Tokiko eta eskualdeko erakundeei herritarrak ahalduntzen laguntzea, energia- eta klima-aldaketarako eragile aktibo direlako.
Ihobez gain, Durangoko Udaleko Aitor Larruceak ere parte hartu du ikastaroan, eta udalerri horrek klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko egin duen ibilbidea azaldu du. Duela ia bi hamarkada hasita eta gaur eguneraino. Durangoko Udalak badu Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plana (PACES), eta datozen urteetan beteko da.