Euskadin klima-aldaketara egokitzeko Naturan Oinarritutako Konponbideen bisore interaktiboa plazaratu du Ihobek
2025/5/27
Ihobe sozietate publikoak bisore interaktibo berritzaile bat jarri du martxan. Bisore horrek Euskadin ezarritako Naturan Oinarritutako Konponbideekin (NBS, ingelesezko siglak) egindako esku-hartzeak geolokalizatuta aztertzeko aukera ematen du.
Tresna berria Ihobe sozietate publikoaren webgunean dago eskuragarri. Teknikariei, udal-arduradunei eta herritarrei ikuspegi integrala eskaintzen die, konponbide horiek klima-aldaketara egokitzeko Euskadi nola aldatzen ari den jakiteko.
Bisoreak aukera ematen du proiektuak iragazteko konponbide-motaren arabera (estaldura berdeak, drainatze jasangarria, basoberritzea, fitoarazketa, etab.), esku-hartze eskalaren arabera (eraikinak, espazio publikoak, landa-eremuak, azpiegiturak, itsasertza...), klima-mehatxuaren arabera eta lurralde historikoaren arabera. Jarduketa bakoitzak fitxa bat du, eta bertan ageri dira informazio teknikoak, helburuak, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onurak, baita irakaspenak eta inplikatutako eragileak ere.
Orain arte 31 esku-hartze jaso dira, eta Ihobek ia 100 identifikatu ditu. Plataforma horrek, Euskadik klima-egokitzapenarekin duen konpromisoa ikustarazteaz gain, inspirazio-iturria eta gida praktikoa ere bada, beste udalerri batzuetan konponbide horiek aplikatzeko. Horrez gain, NBSko proiektu berriak sartzeko eska dezakete eragileek, eta, Ihobek berrikuspen eta baliozkotze teknikoa egin ondoren, bisorean argitaratuko dira.
Bisorean jasotako konponbide naturalak EAEko 23 udalerritan ezarri dira, eta ia 900 hektareatan esku hartu eta 300.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira. Guztira, 40 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da proiektu horietan.
Kontsulta daitezkeen arrakasta-kasuak
- Eraikinak, hala nola estaldura berdeak, fatxada naturalak, bainu lehorrak, fitoarazketa-sistemak eta euri-urak biltzeko sistemak.
- Kanpo-espazio pribatuak, hala nola Urduñako eta Gasteizko eskola-patioen birnaturalizazioa.
- Espazio publikoak, besteak beste, Adunan eta Sestaon hiri-berroneratzea, Donostian eta Legazpin drainatze iraunkorra, edo Muxikan aparkaleku iragazkorrak.
- Industria-eremuak: Urtubiagako aurria (Ea) eta Jundizko korridore berdea (Gasteiz) leheneratzea.
- Garraio-azpiegiturak, hala nola Oiartzun ibaiaren birnaturalizazioa (Errenteria) eta hiri-arteriak korridore berde bihurtzea (Bilbo) bezalako proiektuekin.
- Ur-masak: Txomin-Eneako (Donostia) ibai-parkea.
- Landa- eta natura-ingurunea: Fitoarazketa.sistemak Errigoitin eta Ibarrangelun, basoberritzeak Bakion, Donostian eta Orendainen.
- Itsasertza eta kostaldea: Tonpoiko itsaslabarren ingurumena lehengoratzea (Bermeo).
Jarduketa horiek eta Ihoberen bisore berrian eskuragarri dauden beste askok NBSen aldakortasuna eta inpaktu positiboa erakusten dute klima-aldaketara egokitzeari, biodibertsitatearen hobekuntzari eta hiriko eta landako bizi-kalitateari dagokienez.

