Euskadik zeregin garrantzitsua izan du kostaldeko ingurune eraikietan klima aldaketara egokitzeari buruzko nazioarteko sinposioan

2023/06/20

Euskadik kostaldeko ingurune eraikietan klima aldaketara egokitzeari buruzko nazioarteko sinposio batean parte hartu du gaur. Ekainaren 19tik 20ra egin da Santanderren, eta arlo horretan euskal esperientzia partekatzeko balio izan du. Zehazki, Klima Aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa zabaltzeko eta Txingudiko Plaiaundiko padura lehengoratzeko ekintzak, biak ere Regions4Climate europar proiektuaren esparruan.

Egunetik egunera klima aldaketaren eraginak agerikoagoak dira mundu osoan. Kostaldeko ingurune eraikiak bereziki zaurgarriak dira, eta horien egokitzapena hobetzea funtsezkoa da, eremu horiek garrantzi sozioekonomiko handia baitute. Gai hori izan da ardatza ‘Klima aldaketara egokitzea, kostaldeko ingurune eraikian’ nazioarteko sinposioan, eta Euskadik arlo horretan duen esperientzia izan da mugarri nagusietako bat.

Euskal kasua izan da BEACONek (Built Environment learning for Climate Adaptation project) eta Espainiako, Erresuma Batuko, Suediako, Maltako eta Sri Lankako hainbat unibertsitatek antolatu duten hitzordu honetako gaietako bat. Hori guztia, klima aldaketara egokitzearen ikuspegi holistiko batek erronka nagusiei aurre egiten nola lagun dezakeen eztabaida sustatzeko eta kostaldeko ingurune eraikietan horri aurre egiteko politika eta metodo eraginkorrak sustatzeko.

Euskal esperientzia, hain zuzen, egokitzapen arloan Europan sustatzen ari den lan errealaren adibide gisa agertu da gaur, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Ihobe sozietate publikoak sustatuta. Laura Gutierrez Euskadiko Regions4Climate proiektuaren arduradunak Plaiaundiko esku hartzeari buruzko xehetasunak eman ditu, non padurako 5 hektarea inguru berreskuratuko diren, nekazaritzan erabiltzeko moduko 50.000 metro kubiko lur erretiratuta, betelanetarako erabiliko direnak, ahalik eta lur soberakinik txikiena izateko.

Gainera, Regions4Climate europar proiektuaren esparruan, Klima Aldaketara Egokitzeko Euskal Misioa ere hedatuko da, eta horri buruz ere hitz egin da nazioarteko sinposioan. Euskadik Europako proiektuaren barruan duen bigarren erronka da, eta lurraldearen plangintza Europako lehentasunetara egokitzearen arloan lerrokatu nahi du, batez ere finantzaketari dagokionez.

Regions4Climate 2023ko urtarrilean jarri zen martxan, eta klima erresilientziako irtenbide berritzaileak landuko dituzten Europako 12 eskualderen parte hartzea izango du. Euskadik, zehazki, Txingudiko Plaiaundi padurako proiektu pilotuarekin parte hartuko du. Maiatzean jarri zen abian, helburutzat hartuta badian eremu degradatuak lehengoratzea, klima aldaketaren gertakariei aurre egiteko kostaldearen erresilientzia handitzeko. Jatorrizko padura lehengoratuta erresilientzia gaitasuna nabarmen hobetzea espero da, bai eta inguruko biodibertsitatean eragin positiboa izatea ere.

Regions4Climateri buruz   

‘Komunitate erresilienteak sortuz’ lelopean, Regions4Climatek bere planak eta eraldaketa egokitzapenerako bideak garatzeko eta proban jartzeko erresilientzia klimatikoa hobetzea du azken helburua. Esparru horretan, datozen bost urteetan, Euskadik bere esperientziak partekatuko ditu eta parte hartuko duten beste eskualdeen ekintzetatik ikasiko du.

Proiektuaren partzuergoaren euskal ordezkaritzaren buru Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Ihobe sozietate publikoa dira, AZTI, Tecnalia Research and Innovation eta Zabala Innovation Consulting zentro teknologikoekin batera. 

Regions4Climate proiektuak, Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroak koordinatuta, guztira 24.522.103,00 euroko dirulaguntza jaso du Europako Batzordearen eskutik, Horizonte Europa ikerketa eta berrikuntza programaren esparruan, eta gai hau lantzen du: “Erresilientzia klimatikoaren eskala handiko erakusleak, mugaz gaindiko balioa sortzeko”.