Euskadik Urban Klima 2050 aurkeztuko du Glasgowko COP26n, eskualde mailako klima-ekintzarako puntako proiektu gisa

2021/11/03

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak parte hartuko du Glasgown urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean egiten ari den COP26n. Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, datozen urteetarako Euskadiren klima-ekintzarako proiekturik handiena aurkeztuko du ‘Politikak diseinatzetik aplikatzera: klima-aldaketara moldatzeko eskualdeko konponbide berritzaileak’ saioan, azaroaren 9an, asteartean, formatu hibridoan (Europako pabiloia Glasgown – online, streaming emisioa aldez aurretik izena emanda).

Ekitaldi honetan, klima-aldaketara egokitzeko politikak berriztatzeko ekimenak erakutsiko dira (trantsizio klimatiko eta energetikorako eta ekonomia urdinerako); halaber, lurraldeetan inpaktua duten ekonomia eta lurralde mailako gobernantza klimatikoko eredu berrietara aldatzeko inplementazio-proiektuak ere erakutsiko dira.  Ekitaldia eskualde mailan puntakoak diren 4 esperientziatan eta haien erreplikagarritasun globalean zentratuko da.

Europar Batasunaren Glasgoweko 2021eko COP26ko ekitaldi paraleloen programaren ekitaldi ofiziala da. Antolatzaileak: Itsasoz Bestaldeko Herrialde eta Lurraldeen Elkartea, Balear Uharteetako Gobernua, Europako Eskualdeetako Lantaldea eta Eusko Jaurlaritza.

Egitaraua

16:00: Ongietorria eta sarrera.

16:10: Itsasoz bestaldeko herrialde eta lurraldeak, eta ekonomia urdin jasangarrira pasatzera zuzendutako urratsak eta bide-orri berria. Sr. Kalistat Lund. OCTAko Presidentearen Ordezkaria, Groenlandiako Nekazaritza, Autosufizientzia, Energia eta Ingurumen Ministroa.

16:20: Balear Uharteetako  Gobernuaren egokitzapenerako bide-orria, eta garatutako lehenengo proiektu pilotuak. Sr. Juan Pedro Yllanes. Balear Uharteetako Gobernuaren  Presidenteordea eta Trantsizio Energetikoko Sailburua

16:30: Europako testuinguru politikoa tokiko eta eskualdeko ikuspegitik. Sr. Apostolos Tzitzikostas. Eskualdeetako Lantaldeko Presidentea eta Erdialdeko Mazedonia Eskualdeko Gobernadorea, Grezia.

16:40: Euskadin, klima-aldaketara egokitzeko ekintza proiektu kolaboratibo eta eraldatzaile baten bidez gauzatzen da: Life Urban Klima 2050. Sra. Amaia Barredo. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordea.

16:50: Konklusioak.

Izen-ematea Europar Pabilioi osorako egin behar da. Horren ostean, erabaki ahal izango duzu zer ekitalditara joan nahi duzun.

Aldi bereko itzulpena egongo da: ingelesa-frantsesa-gaztelania.

 IZEN-EMATEA